Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

«Urtero zabortegian uzten ditugun hondakinen balioa 47 milioi eurokoa da»

2015.eko martxoak 23
  • Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berria, Ingurumen Esparru Programa zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak deitu dituen topaketetako lehenaren gai nagusia

 

Hondakinen sektoreko ia 300 profesional eta erakunde bildu dira gaur Bilbon, 2020. urtera arte Euskal Autonomia Erkidegoan erabiliko den Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berria ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzak hainbat bilera egingo dute hurrengo hiletan, eragileei, enpresei eta herritarrei ingurumen-politika, 2020rako Ingurumen Esparru Programak biltzen duena, jakinarazteko. Bilera horietako lehenean, Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana landu dute.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren ardatz nagusia prebentzioa da, eta «ekonomia zirkularrean» oinarritzen da. Plana abiarazten dutenean, 3,5 milioi tona hondakin ekoizpen-prozesura itzuliko dituzte, tona erdi hondakin gutxiago sortuko dira eta zabortegiko deuseztatzea txikitzeko neurriak hartuko dituzte.

 

«Hondakinak zabortegietan uztea ezin da izan aukerarik abantailatsuena gaur egun. Beharrezkoa da hondakinak balioztatzeko eta birziklatzearen industria aurreratua ezartzeko pausoak ematea», adierazi du Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak. Bestalde, Euskadiko zabortegietan urtero uzten diren materialen balioa 47 milioi eurokoa dela azaldu du, hau da, urtean erdi-mailako 1.500 enpleguren kostuaren baliokidea.

 

EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berriak bost helburu estrategiko ezartzen ditu; helburu horiek 140 jarduketa zehatzetan zabaltzen dira, eta, aldi berean, hondakin-korronte bakoitzarentzat adierazle espezifikoak definitzen ditu. Aurreko guztia gauzatzeko 6,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du Jaurlaritzak.

 

«Hondakin planaren bidez, milioi erdi tona hondakin gutxiago sortuko ditugu. Egungo ekoizpen eta kontsumo-joerari jarraituz gero, bikoitza izango lirateke», esan du Galerak. Gainera, 3,5 milioi tona hondakin ekonomiara itzultzea espero dute, eta, horri esker, 1.200 enplegu sortuko dituzte.

 

Ekonomia zirkularreko eredu bat ere ezartzeko pausoak emango dira. «Plan horren arrakasta ekarriko duen emaitza ukiezina izango da: herritarren, enpresen eta erakundeen pentsaera aldatzea, ezer ez botatzeko eta dena aprobetxatzeko eredu ekonomikoa ezartzeko, «hondakin» hitza baliabide hitzarekin aldatzeko», azpimarratu du Galerak.

 

Jardunaldia amaitzeko mahai-ingurua egin dute. Ihobeko zuzendari nagusi Javier Agirre aritu da moderatzaile eta parte hartzaileen artean izan dira: Xabier Caño ACLIMAko presidentea, Oscar Santa Coloma Tecnaliako Ingurumeneko negozio-zuzendaria, Javier Mariño Kooperako zuzendari gerentea, Pedro Soto UTE RCD Gardelegiko gerentea eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendari Alejandra Iturrioz.

 

Ingurumen Esparru Programa

Gaurko topaketa Bilbon egin dute eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saila antolatuko dituen jardunaldietako lehena izan da. Horien bidez Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-politikaren helburu estrategikoak sakon landuko dituzte. Joan den abenduan onartu zuten 2020rako Ingurumen Esparru Programan bildu dute politika osoa.

 

Agiri horrek Euskadiren ingurumen-politika zehazten du, eta 2020. urtera arte bete beharreko ingurumeneko-erronkak, helburuak eta jarduera nagusiak deskribatzen ditu, Euskadiko politikekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzak hartu dituen herritarrekiko konpromisoen muinean sortutako 14 plan estrategikoetako bat da.

 

«Euskadik eredu berri baterako saltoa eman behar du, azken hamarkadetan ingurumenean egindako inbertsioari errentagarritasuna atera ahal izateko. Hobeto bizitzeko, lanpostu gehiago sortzeko eta munduan presentzia handiagoa izateko aukera hau aprobetxatu behar dugu, betiere ingurumena zainduz», azaldu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

 

Ingurumen Esparru Programak sei helburu estrategiko ditu eta hemendik eta 2020ra bitartean bete beharko dira 75 ekintzaren bitartez. Hona hemen jorratuko diren arloak: kapital naturalaren babesa, egitura ekonomikoak eta erabiltzen dituen baliabideak, herritarren osasuna, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, politiken integrazioa eta Euskadiren irudia nazioartean.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EventokiaEvents
    2015.eko martxoak 23

    Comentario de Twitter:
    Interesante encuentro el de hoy http://t.co/lwAAXwYuTB @ihobEJGV

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)