Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Urkullu Lehendakariak Donostialdeako Metroaren Altzako geltoki berriko obren aurrerapena egiaztatu du

2015.eko martxoak 23
  • Iñigo Urkullu eta Oregi Sailburua 2016ko bigarren seihilekoan zerbitzua ematen hasiko den trenbide-azpiegitura berriaren galerietan ibili dira
  • 5.500 pertsona beraien etxebizitzetatik geltokira bost minutuan baino gutxiagoan iritsiko dira eta 8.800 pertsona, berriz, hamar minutuan baino gutxiagoan

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean Donostialdeako Metroa bisitatu duenean, Altzako geltoki berriko obren aurrerapen-maila egiaztatu du. Etorkizuneko terminala egongo den harpea hormigoiarekin estalita dago erabat, nasak eta gela teknikoak gauzatzen ari dira eta mesaninei edo sarbide-atariei eutsiko dieten habeak jartzen ari dira, kanoien bidez.

Urkulluk hauekin batera egin du bisita: Ingurumen eta Lurraldeko Politikako sailburu Ana Oregi, Garraioetako sailburuorde Antonio Aiz, ETSko zuzendari Rafael Sarria, Euskotreneko zuzendari Imanol Leza eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Garraiotako zuzendariekin Almudena Ruiz de Angulorekin eta Marko Boronatekin. Lehendakaria bertan egoteak berresten du Eusko Jaurlaritzak Donostialdeako eta Gipuzkoako trenbide-azpiegiturak hobetzeko duen konpromisoa.

Lanak egiteko eraso-galeriatik sartu baino lehen, Euskal Trenbide Sareko zuzendariak bertaratuei, plano baten bidez, azaldu die Herrera-Altza tarteko ibilbidea. Jarraian, linea-tuneleko 600 metro inguru egin ondoren, harpera iritsi dira. Bertan, etorkizuneko geltokiko hainbat eraikitze-fase egiaztatu dituzte.

Parte-hartzaileek gaur egun gauzatzen ari diren nasetako batean ibiltzeko aukera izan dute. Horrez gain, mesaninei eutsiko dieten habeak ikusi ahal izan dituzte eta horien bidez jakin ahal izan dute etorkizuneko geltokiak zer-nolako forma izango duen. Ordezkaritzak obrarekiko interes handia azaldu du, zeren etengabe galderak egiten aritu dira eta galdera horiek ETSko teknikariek erantzun dituzte. Egungo obraren erritmoari esker, trenbide-azpiegitura berria 2016ko bigarren seihilekoan hasiko da zerbitzua ematen. 

Ana Oregi sailburuak adierazi duenaren arabera: «Altza-Herrera tarteko Donostialdeako Metroko hobekuntza-obrei, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk Loiola-Herrera, Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Añorga-Errekalde tarteetan egindakoak gehitu behar zaizkio. Zehazki, gaur egun, trenbide-desbideratzea egiten ari dira eta, horren bidez, auzo honetako iragazkortasuna erraztuko duen Loiolako geltoki berria eta biaduktua eraikiko dira.» 

«Gainera, -adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak- Pasaiako geltoki berria egitea barnean hartzen duen Altza-Pasai Antxo-Galtzarabordako eraikitze-proiektua amaitzear dago. Horrez gain, Donostiako erdiguneko lur azpiko igarobidearen eraikitze-proiektua ere egiten ari dira. Igarobide horren helburua da, gaur egun, Amarako geltokiko zaku-hondoa kentzea eta, era berean, unibertsitateetako eta Benta Berriko zonaldeari zerbitzua ematea.»

Herrera-Altza tartea

Herrera-Altza tarteak 1,040 metroko luzera du eta lurpetik igarotzen da. Trenbide berriak Herreran izango du hasiera: egungo geltokia luzatuko da. Ondoren, eskuinera kurbatu eta N-1 zaharraren eta Adif-en bideen azpitik igaroko da; gero, ezkerrera kurba bat hartu eta Felix Iranzo pasealekuaren azpian luzatuko den zuzen batean amaituko da eta bertan egongo da geltoki berria. Bi atari izango ditu eta bi sarrera-kanoi ere, Larratxo pasealekura eta Santa Barbara kalera emango dutenak.

Geltokiak alboetan izango ditu nasak. Nasek bina eskailera izango dituzte, eta horietako bakoitzetik mezzanina banatara iritsiko gara. Bertan egongo dira terminaleko atariak. Horretaz aparte, nasetara iristeko igogailu bat ezarriko da, kanpoaldearekin beste igogailu baten bidez konektatuta egongo dena. 5.500 pertsona beraien etxebizitzetatik geltokira bost minutuan baino gutxiagoan iritsiko dira eta 8.800 berriz, hamar minutuan baino gutxiagoan.

Datu teknikoak

2.984,44 metroko Herrera-Galtzaraborda tartea hartzen duen informazio-azterlanari dagokionez, proiektu hau Herrerako geltokiaren eta etorkizuneko Altzako geltokiaren arteko tarteari dagokio.

  • Tartearen luzera: 1.040 m.
  • Galeria-tunelaren luzera: 830 m
  • Tunel faltsuak: 210 m
  • Altzako geltokia: 96 m
  • (PK 0+747an hasiko da, PK 0+843an bukatuko da)
  • Maniobratzeko adarraren luzera: 197 m
  • Gehieneko malda: 40 mm
  • Proiektuko abiadura: 80 km/h

Sarbideak:

  • Santa Barbara: 101 m-ko luzera; 37,85 m-ko kota-desberdintasuna; % 58ko malda eskaileretan
  • Larratxo-Anbulatorioa: 128 m-ko luzera; 31,34 m-ko kota-desberdintasuna; % 58ko malda eskaileretan
  • Igogailua: 35 m-ko putzu-luzera

 

Obren aurrerapenari buruzko datu esanguratsuak:

-   Eraso-galeriaren indusketaren eta sostengatzearen % 100 egin da (45 m)

-   Linea-tunelaren indusketaren eta sostengatzearen % 70 egin da (513 m)

-  Geltokiko harpea: aurrerapenaren indusketaren eta sostengatzearen % 100 egin da eta indusketaren eta sostengatzearen % 60.

-  Santa Barbarako kanoiaren indusketa eta sostengatzea egin da. Atala berriz profilatu da.

-  Larratxoko kanoiaren indusketaren eta sostengatzearen % 90 egin da.

-  Obra zibilaren kontratuaren aurrekontua: 34,5 milioi euro.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)