Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: “Munduan klima-aldaketa ageriko den honetan, zain ditzagun tentuz gure herri txiki honetako urak inoiz baino hobeto”

2015.eko martxoak 22
  • Martxoaren 22ª: Uraren Mundu Eguna.

 

Eusko Jauraritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, Ana Oregik, adierazi duenez “Euskadin, inoiz baino premiazkoagoa dugu ur-baliabideak tentuz zaindu eta kudeatzea, gure herri txiki honetako tokiko egoerei men eginez. Izan ere, nahiko ageriko adierazgarriek ohartarazten digute klima aldaketak balizko eraldaketa nabarmenak izan ditzakeela munduko ziklo hidrologikoan” Gaur, hilak 22, Uraren Mundu eguna ospatzen da: ur gezaren bere-berezko balioari arreta jartzeko, eta  horien kudeaketa jasangarria egiteko aldarria plazaratzeko. 

 

Oregiren ustez, “Uraren Mundu Eguna aukera eta gonbita paregabea da bizi-iturri eta baliabide ordezkaezina den ura zaintzeko, eta horrela mundu mailan uraren aldeko egitasmo batean parte hartzeko;  norbanako- zein  komunitate-mailan. Mugak arrotz zaizkion ura zaintzeko gonbitea”.

 

Oregik azpimarratu duenez “Euskadiko uren kalitateak hobera nabarmen egin du norbanako, enpresa eta erakundeen lanari esker; halere, euria barra-barra ari duenean edota ur-eskasia geurera datorkigunean ohartzen gara ingurumen-kalteak saihesteko egiteke ditugunez: etxean oraindik hobe beharrekoez, zein herri-gune, enpresa edota industrigunetan betetzeke diren egokitzeak”

 

Oregik gogorarazi du “azken 20 urteotan, Euskadik ur-kontsumoa nabarmen jaitsi du. Espresuki jakinarazi behar da Toki Erakundeek, Udalek eta Partzuergoek, Foru Aldundien babesarekin, eginiko lan mardula, kontrol kanpoko kontsumoak deritzenak gutxitze aldera”. Izan ere, ura banatzeko sareak ez ziren batere eraginkorrak; askotan % 50a baino gutxiago; hau da, ibai edota iturburuetatik hartutako erdia baino gehiago ura banatze-sareetan  galtzea ohikoa zen. Arlo horretan, hoberako joera sendoa izan da”.

 

Sailburuak azpimarratu duenez, “etxeetako kontsumoak ere nabarmen egin du beherantz, herritarren joerei esker: kasurako, Añarbeko urtegiak gaur orain dela 20 urte baino %40 ur gutxiago hornitu behar du”. “Halere gure ur-masen egoera ez da guztiz egokia. Azaleko ur-masen erdia baino gehiago ez du egoera ekologiko hona lortu 2015ean; dena dela, Europan gertatzen denaren ildoan. Alemaniako iparraldean, Herbehereetan edota Belgikan, kasu, ur masen gehiengoak ez du egoera ekologiko ona lortu.”

 

Ur-kutsadura.

 

Uren kalitatean gorantz egin arren, EAEko ibaietako tarteen %70ak erasan nabarmenak pairatzen dute kutsadura-iturri puntualak izateagatik. “Datozen urteotan berotegi-efektua duten gas-isurketak murriztu beharko ditugu, aldaketa klimatikoaren albo-ondorio latzenak saihestu nahiko baditugu: klima-ereduak eta ur-eskasia munduko hainbat herrialdetan, besteak beste.

 

Oregiren hitzetan, “erakundeen arteko elkarlan estuari esker, urari dagokionez Euskadin bizi dugun egoera desiragarri da munduko herrialde askotan: kalitate eta kantitate oneko ur-hornidura orokortu dugu; dagokion ur-tratamendurik gabeko ur-isurketak  murrizten dihardugu gure ur-masetan, eta pixkanaka barneratzen goaz ibai-eremua aintzat hartu behar dugula; bai itxura naturalari eutsi diezaion, bai ibai-hazkunderako tarteak izan ditzan”.

 

“Uraren Mundu egunak balio digu urarekiko eguneroko hartu-emanei  arreta jartzeko; bai hodietatik etxera datorkigunari, bai lurraldean aske dabilenari. Herri txikia izanagatik, zorte gutxiagoko bestelako herrialdeekin elkar hartzera gonbidatzen gaitu; mundu mailako etorkizun komun bat lortzeko irtenbideak elkarrekin partekatzeko”.

 

 

 

http://www.unwater.org/worldwaterday/home/es/ 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)