Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Prezio publiko berriak Haurreskolak Partzuergoan, 2015-2016 ikasturterako

2015.eko martxoak 18
  • Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak kuotei ezarriko zaien hobari-sistema berria onartu du gaur arratsaldez. 2015-2016 ikasturtean aplikatuko da
  • Kuota eta beken sistematik, kuota eta hobarien sistemara pasatuko da
  • Sistema berriak hileroko kuotak murriztuko ditu hiru tartetatik bitan, eta ez dio kuota garestiagorik ekarriko inongo familiari
  • Haurreskolak Partzuergoko aurrematrikula 148 eurotik 91 eurora jaitsiko da

Gaur arratsaldez Lakuan burutu duen bileran, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak erabaki du, datorren ikasturterako, familien egungo ordainketa sistema aldatzea. 2015-2016 ikasturtetik aurrera, derrigorrezkoa ez den eskolaratze etapa honek familientzako bidezkoagoa den sistema bat izango du, eta egiten duten ahalegin ekonomikoa errentaren arabera mailakatzea ahalbidetuko duena. Errentak erabakiko du, familia tipologiarekin eta seme-alaba kopuruarekin batera, zein tartetan kokatuko den familia bakoitza.

Egun familia guztiek ordaintzen dute kopuru berbera, izan 5 orduz azpiko zerbitzua eguneko (160 euro hilean), izan 8 ordu arteko zerbitzua eguneko (208 euro hilean).

Egungo sistemarekin alderatuta, oinarri berriek hiru tarte bereizten dituzte, familia-errenta estandarizatua aintzat hartuta:

Kuota-tartea

Errenta estandarizatu mailak

8 orduko kuota

5 orduko kuota

1

≤ 10.000€

 118€

91€

2

10.000 eta 15.000€ artean

180€

140€

3

≥ 15.000€

208€

160€

 

Errenta estandarizatuaz ari garenez, familia bakoitzari dagokion tartea erabakitzeko, baliokidetasun koefiziente bat hartu beharko da kontuan. Koefiziente hau familiaren ezaugarriek erabakiko dute –familien errentak, familiaren izaerak eta seme-alaba kopuruak-.

Familia mota

Seme-alaba kopurua.

Baliokidetasun koefizientea

Guraso bakarrekoa

1

1,6

2

1,9

3

2,2

4

2,5

5

2,8

6

3,1

Bi gurasokoa

1

1,8

2

2,1

3

2,4

4

2,7

5

3,0

6

3,3

Beraz, familia bakoitzak, ezaugarri horien arabera ezarri zaion koefizientearekin zatitu beharko du bere errenta.

 

Zenbait adibide praktiko, familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema ezartzen dutenak

 

  • Guraso bakarreko familia, bi seme-alabarekin. 18.500 euroko familia-errenta.

18.500÷1,9 (koefizientea) = 9.736 euroko errenta estandarizatua. Lehen tartea dagokio, eta beraz, 118 euroko kuota ordainduko du hilean (8 ordu), edo 91 euro hilean (5 ordu)

 

  • Guraso biko familia, bi seme-alabarekin. 25.000 euroko familia-errenta.

25.000÷2,1 (koefizientea) = 11.905 euroko errenta estandarizatua. Bigarren tartean kokatuko da, eta 180 euroko (8 ordu) edo 140 euroko (5 ordu) kuota hobariduna ordainduko du (lehen 208 euro 8 ordugatik, eta 160 euro 5 ordugatik).

 

  • Guraso bakarreko familia, seme edo alaba bat, eta 23.500 euroko familia-errenta.

23.500÷1,6 (koefizientea) = 14.687 euroko errenta estandarizatua. Bigarren tartean sartuko da, eta kuota hobariduna ordainduko du.

 

  • Guraso biko familia, hiru seme-alaba, eta 43.000 euroko familia-errenta.

43.000÷ 2,4= 17.919 euroko errenta estandarizatua. Hirugarren tartea dagokio, eta egun ordaintzen duen kopuru berbera ordainduko du.

 

Aldaketa honekin, kuota eta beken sistema batetik kuota eta hobarien sistema berri batera pasatuko gara. Era honetan, errenta dela-eta hobariren bat eskuratzen duten familiei, berehala aplikatuko zaie hobari hori kuoten ordainketan bertan, beken esleipenaren zain egon beharrik gabe. Berehalakotasun honek premia ekonomikorik handiena duten familiei egingo die mesede. Gainera, familia asko dira lehen bekarik jasotzen ez zutenak, baina orain hobaria izateko eskubidea izango dutenak. Hau da, hobariak jasoko dituzten familien kopurua (lehengo bekak) handitu egingo da, ekitatearen mesedetan.

Umea Partzuergoko haur eskolaren batean onartzeko unean ezarriko da familiaren errenta estandarizatuaren arabera dagokion kuota-tartea. Tarte hau aplikatuko da umeak haur eskolan egingo duen egonaldi osoan.

Aurrez seme edo alaba Haurreskolak Partzuergoko haur eskolaren batean onartua dutelako izen-ematea egin beharrik ez duten familientzat, hirugarrena ez beste edozein tarte dagokiela frogatuko lukeen dokumentazioa aurkezteko epe bat irekiko da. Epe hau 2015-2016 ikasturtearen hasieran soilik irekiko da.

Erabaki honekin Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Partzuergoko haur eskolen aldeko apustu argia egiten jarraitzen du, hauek familientzat eskuragarria izango den kalitaterik goreneko zerbitzua eskaini ahal izan dezaten. Era honetan, gainera, Eusko Legebiltzarraren aurrean kuota-sistema berrikusteko Eusko Legebiltzarraren aurrean harturiko konpromisoari erantzuten zaio, kuotak familien errentaren arabera ezarriz, eta egungo egoera sozio-ekonomikoa aintzat hartuz.

 

Gasteizen, 2015eko martxoaren 18an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)