Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak kargu publikodunen artean Gobernantza Onaren balioak bultzatzeko bigarren lan jardunaldia egin du

2015-03-18

• Carles Ramió Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Administrazioko katedradun, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Politika eta Admistrazio Zientzian doktore eta Madrilgo Konplutenseko Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatuak «Administrazio moderno baterako lidergo politiko ona» izeneko hitzaldia eman du.

• Euskal herri-administrazioan ardura karguak betetzen dituzten pertsonekin egindako prestakuntza-saio hau Eusko Jaurlaritzak herri-baliabideen kudeaketa etiko, eraginkor eta iraunkor baten alde duen konpromisoaren parte da.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzako eta haren erakunde instrumentaletako goi-mailako zuzendaritza exekutiboa osatzen duten pertsonentzako bigarren lan-jardunaldia inauguratu du gaur goizean. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatu ditu prestakuntza-saioak eta hauen helburua gobernu honetako goi kargudunek sinatutako Etika eta Jokabide Kodean jasotako balio, printzipio eta jokabideak ezagutaraztea eta ezartzea da.

Carles Ramió Matasek, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Administrazioko katedradun, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Politika eta Admistrazio Zientzian doktore eta Madrilgo Konplutenseko Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatuak parte hartu du jardunaldi honetan. Bere hitzaldiaren izenburua honako hau zen: «Administrazio moderno baterako lidergo politiko ona».

Prestakuntza-saioan, debate interesgarri bat sortu da herri-ekintza arduratsu eta konprometituaren eredu berriei, lidergo-eredu berriei, jardunbide egokiagoen sustapenari eta goi-mailako zuzendaritza exekutiboa indartu eta zuzendaritza publikoko langileenganako herritarren konfiantza sendotuko duten tresnak izateko beharrari buruz.

ETIKA PUBLIKORAKO BATZORDEAREN TXOSTENA

Topaketan, gainera, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak Etika eta Jokabide Kodean egin diren aldaketak aurkeztu ditu –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionalean goi-mailako zuzendaritzako ardurak betetzen dituzten 340 pertsonak sinatu dute–.

Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeak aurkeztu berri duen lehenengo jarduera txostenean
emandako gomendioei erantzuteko egingo dira aldaketa horiek.

Lan-jardunaldian, Eusko Jaurlaritzak Etika eta Jokabide Kodea ezarri zenetik igaro den lehenengo urte eta erdi honen oso balantze positiboa egin du, gobernantza onaren balioekiko konpromisoan eta politikaren zentzu moralaren berreskuratzean aurrerapausoak ematea ahalbidetu duelako, baita herri-arduradunen jardunbidea irizpide zorrotz batzuk betetzera bideratzeko doktrina-oinarri bat osatzea ere.

BIGARREN JARDUNALDIA

Saio hau Etika eta Jokabide Kodeari atxikimendua adierazi dioten pertsonei zuzendutako jardunaldi-zikloaren parte da. 2014ko urrian hasi zen, «Eredugarritasun publikoa» izenburupeko saioarekin, Javier Gomá Lanzónen eskutik. Sei hilean behingo hitzaldi sorta hau Etika Publikorako Batzordearen ekimenez jaio zen eta Eusko Jaurlaritzari administrazioa etika publikoaren arloan hobetzeko hedapen- eta prestakuntza-programak sustatzeko konpromisoan aurrerapausoak ematea ahalbidetzen dio.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)