Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

30 urtetik beherako gizonen %4 bakarrik dira aita

2015.eko martxoak 17

Gizon gazte gehienei gustatuko litzaieke seme-alabak izatea baina uste dute horretarako adinik egokiena 35 urte direla 

Gazteen Euskal Behatokiak aztertu du 18 eta 29 urte bitarteko zenbat gazte diren aita edo ama 30 urte bete baino lehen, bai eta etorkizunean seme-alabarik izan nahi duten ere. Horretarako 2014ko azaroan egindako inkesta batean oinarritu da. Inkesta horretan Euskadiko 1500 gaztek osatutako lagin adierazgarri bati gai horri buruzko hainbat galdera egin zitzaion.

*Grafikoak ikusteko, jo atxikitako PDF dokumentura

Gizon gazteen % 4k aita direla esan dute, adin bereko emakume gazteek baino portzentaje txikiagoak, emakumeen % 10ek baitiote ama direla.  

Adinean aurrera egin ahala gehiago dira aita diren gizon gazteak: 18 eta 24 urte bitartekoen % 2 bakarrik dira aita, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 5. Emakumeen kasuan adin tarte horien arteko jauzia handiagoa da: 25 urte bete baino lehen ama diren emakume gazteak % 3 dira eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, aldiz, % 19. Esan dezakegu, beraz, aitatasuna eta amatasuna ez direla batere ohiko egoerak gaztaroan.

Gizon gazteen iritziz, gizon batek seme-alabak izateko adinik egokiena 35 urte dira. Emakume gazteen ustez, ama izateko emakume baten adinik egokiena 33 urte dira. Hau da, bai gizon gazteen artean, baita emakume gazteen artean ere, seme-alabak izateko adin ideala 30 urtetik gora jotzen da.

Seme-alabarik ez duten gizon gazteei etorkizunean aita izatea gustatuko ote litzaiekeen galdetu zaie. Hori oso gustuko luketela diote % 46k eta beste % 39k nahikoa gustatuko litzaiekeela. % 11ri gutxi gustatuko litzaieke eta % 3k soilik adierazi dute ez litzaiekeela batere gustatuko seme-alabak izatea.

Seme-alabarik gabeko emakume gazteei galdera bera egin zaie eta erdiek baino gehiagok esan dute etorkizunean seme-alabak izatea asko gustatuko litzaiekeela (% 57); beste % 27k nahikoa gustatuko litzaiekeela adierazi dute, % 10i, aldiz, gutxi gustatuko litzaieke eta % 5i batere ez.

Batera hartzen baditugu etorkizunean seme-alabak izatea asko edo nahikoa gustatuko litzaiekeela diotenak ez da alderik nabaritzen gizon eta emakume gazteen artean (% 85 eta % 84, hurrenez hurren), baina emakumeek gogo handiagoa adierazi dute, gizonek baino proportzio handiagoan esan baitute asko nahiko luketela seme-alabak izatea (emakumeen % 57 eta gizonen % 46).  

Etorkizunean seme-alabak izan nahi badituzte ere, seme-alabarik ez duten gizon gazteen % 25ek bakarrik aurreikusten dute bost urteko epean izango dituztela. Seme-alabarik gabeko emakume gazteen kasuan portzentaje hori % 35era heltzen da, emakumeak baldintzatuago baitaude beren ugaltzeko adin tartea mugatuagoa delako. 

Horretan sakontzeko, seme-alabarik ez duten 25 eta 29 urte bitartekoek erantzundakoan jarri dugu arreta: gizonen % 39k esan dute segur aski edo agian seme-alabak izango dituztela bost urteko epean; emakumeen kasuan % 54k.

 

Bilbon, 2015eko martxoaren 17an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko