Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Alonsotegiko Osasun Zentro berria inauguratu du, Osakidetzak udalerriko 3.000tik gora biztanleei eskaintzen dien zerbitzua hobetuko duena

2015.eko martxoak 18

Gaur, asteazkena, hilak 18, Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkulluk, Osasun sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria eta Alonsotegiko alkate Jose Luis Erezuma lagun, eragin-esparruko 3.181 biztanleei zerbitzu emango dien osasun-zentro berria inauguratu du.

Osasun-zentro berriak zaharra ordezkatuko du eta Udalak Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzari lagatako eraikin batean izango du egoitza. Horrenbestez, Osakidetzako zuzendari nagusiak publikoki eman nahi izan dizkio eskerrak Alonsotegiko alkateari espazioa laga izanagatik; izan ere, «Osakidetzak eskainitako osasun-arretaren baldintzak eta osasun-langileen lan-baldintzak hobetzea ekarriko du».

Bestalde, Alonsotegiko alkate Jose Luis Erezuma ere pozik agertu da Osakidetzari eraikina laga izanagatik, «alonsotegiar guztiei egingo die mesede lehengoa baino eraikin handi, argitsu eta irisgarriagoan arreta jasotzeak, eta horretarako da garrantzitsua erakundeen arteko lankidetza; herritarrei zerbitzu hobea emateko».

Osasun sailburu Jon Darpónek iragarri du hurrengo urtean ere osasun-azpiegitura berri gehiago sustatuko direla hiru lurralde historikoetan. Gaineratu duenez, «orain arte euskal jendarteari Osakidetzak eskainitako zerbitzuetatik bati ere ez diogu uko egingo eta berrikuntza eta ikerkuntzaren alde egingo dugu nabarmen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, Euskadin enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera bikaina denez».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere mintzatu da. Honek ere erakunde publikoen arteko lankidetza goraipatu du, udalerriarentzat funtsezkoa den zerbitzu bat hobetu delako. Osasun-zentro berria bertatik bertara ezagutu duela adierazi du eta, horrenbestez, ondo dakiela zenbatean hobetuko den alonsotegiarren bizi-kalitatea. Era berean, Osakidetzako profesional guztiei eskerrak eman dizkie egindako lanarengatik: «Osakidetza kalitatea etengabe hobetzera bideratutako kudeaketarekin konprometituta dago. Eta lortuko bada, profesionalen konpromisoarengatik lortuko da». Urkullu lehendakariak ere hizpide izan ditu egoera ekonomikoak hobera egin duela adierazten duten zantzuak. «Euskadi inflexio-puntuan dago, joera hobe batera aldatzear, hain juxtu. Krisitik irteten garenean, atzera begiratu eta herritarrentzat funtsezkoak diren zerbitzuei lehentasuna eman izanaren harrotasuna sentituko dugu. Osakidetza euskal jendartearen lorpena da, eta denoi dagokigu babestea».

Alonsotegiko osasun-zentro berria

Gaur inauguratutako osasun-zentro berriak 750 metro koadroko azalera dauka, aurreko osasun-zentroaren 330 metro koadroen aldean. Azalera handiago horri esker, osasun-arreta bi solairutan banatuta egongo da. Beheko solairua: harrera, administrazioko arretagunea, pediatriako kontsultak eta sendaketa- eta ateratze-gela. Lehen solairua: familia-medikuntzako kontsultak eta liburutegia, bestelako kontsulta osagarri batzuez gain. 

Eraikin berriak, halaber, aldagela, sarbide mugatuko historia klinikoen artxibategia eta biltegia izango ditu.  Bestalde, aurreikusitakoaren arabera, zentroak zerbitzu berriak hartu ahalko ditu etorkizunean, herritarren eskariek horren premia badakarte, nahikoa espazio dagoelako eta oraingo egituraketan herritarren etorkizuneko balizko beharrak kontuan hartu direlako.

Aurreko osasun-zentroarekiko hobekuntza nagusiak dira honako hauek: argitasun gehiago; irisgarritasun hobea; espazio zabalagoen ondorioz, erosotasun handiagoa; energia-aurrezki handiagoa; eta konfidentzialtasun handiagoa pazienteekin. Abantaila horiek guztiak bat datoz Osakidetzaren Erantzukizun Zibil Korporatiboarekin.

Osasun-zentroan zortzi profesionaleko taldeak eskainiko du arreta; bi familia-mediku, pediatra bat, hiru erizain, erizaintzako laguntzaile bat eta administrazioko laguntzaile bat. Horiek guztiek Alonsotegiko osasun-zentro zaharrean emandako urteetan erakutsitako profesionaltasuna, konpromisoa eta ondo egindako lana eskertu dute Urkullu lehendakariak zein Osasuneko sailburuak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko martxoak 23

    pues me alegro mucho en su pueblo natal @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Alcalde de Alonsotegi