Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Dekretua, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko Dekretua aldatzen duena eta Dekretua, familia-politiken eremuan familia-errenta estandari-zatzeko sistemari buruzko Dekretua aldatzen duena. (2015-03-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 17

LABURPENA

FAMILIA ETA LANA UZTARTZEKO LAGUNTZAK ALDATU DITU JAURLARITZAK, FAMILIEI LAGUNTZEKO GAINERAKO LAGUNTZEKIN PAREKATZEKO

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala proposatuta, Jaurlaritzak gaur egin duen bileran familiako bizitza eta lana uztartzeko laguntzak arautzen dituen dekretua (ekainaren 29ko 177/2010 dekretua) aldatzea onartu du, Familiei Laguntzeko Legeak jasotzen dituen gainerako laguntzekin parekatzeko.

Aldaketa handiena familiako errenta estandarizatua aplikatzeari buruzkoa da. Gaur egun zaintzaileak kontratatzeko laguntza-lerroarekin gertatzen den moduan, aurrerantzean, familiei laguntzeko lerro guztiak familia-errentaren estandarizazio-sistemak arautuko ditu, baita seme-alabak zaintzeko eta mendekotasun-egoeran dagoen edo osasun-arazo larriren bat duen familiartekoren bat zaintzeko eszedentziagatiko edo lanaldi-murrizketagatiko laguntzak ere. Aldaketa hori dela eta, gainera, familia eta lana uztartzeko laguntzetarako kopuruak eta diru-sarrerak barnean hartuko dituen Agindu bat egin beharko da etorkizunean.

Errenta estandarizatuko sistema familia eta lana bateratzeko laguntza-lerro guztietara hedatzeak berekin ekarri du Gobernuak gaur aldatzea erregulatzen duen araua (154/2012 Dekretua). Aurreko araudiarekiko aldaketa nagusia da koefizientea kalkulatzean kontuan hartzen direla familia-unitatea, %33ko edo handiagoko desgaitasuna, edo gurasoekiko mendekotasuna.

Adingabekoak zaintzeko eszedentziei eta lanaldi-murrizketei dagokienez, berrikuntza hauek sartu dira:

Lanaldia murrizteko diruz lagundutako egoerarako sarbidea ematen duen seme-alabaren adina 8 urtetik 12 urtera zabaldu da.
Lanaldia murrizteko egoera diruz laguntzeko gehieneko aldien mugak luzatu dira eta eszedentziak diruz laguntzeko gehieneko aldia luzatu da bikotearentzat etapa bakoitzeko.
Erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anizkoitzaren kasuetan, adingabe bakoitzeko (bigarrenetik aurrera) 320 egunean luzatu dira jarduketa diruz laguntzeko gehieneko aldien mugak, bai etapa bakoitzeko bikotearentzat bai familia-bizitza osoarentzat.
Laneko eszedentziaren aldi osoa diruz laguntzeko aukera onartzen da, jarduketa hori arrazoitzen duen seme-alabak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna badu.

Zaintzaileak kontratatzeko laguntzei dagokienez:

Salbuespena aplikatzeko esparrua zabaldu da. Horren arabera, kategoria bereziko familia ugariek diru-laguntza jaso ahal izango lukete, nahiz eta gurasoetako batek lanaldi murriztua izan. Aldaketa honekin, kategoria orokorreko familia ugariek ere aukera horretaz baliatu ahal izango dute.

2015eko apirilaren 1ean jarriko da indarrean Dekretu aldatua eta hori garatzeko Agindua; aurretik gertatutako diruz laguntzeko moduko gertaerak aurreko araudiaren arabera ebatziko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau