Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea arautzen duen 2013ko maiatzaren 28ko Erabakia aldatzen duena. (2015-03-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015-03-17

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ETIKA ETA JOKABIDE KODEKO HIRU ATAL ALDATUKO DITU, FUNTZIONAMENDUA ETA ERAGINKORTASUNA HOBETZEKO

Pertsona gehiagok sinatu beharko dute eta sinatzaileek beren gain hartu beharreko balio-, printzipio- eta jokabide-multzoa ere handitu egingo da.
Arau-hauste ez-larrien kasuan ezarri beharreko neurri sorta zabaldu egingo da, kargu publikodunen jokabidea modu eraginkorragoan aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko.
Filosofian doktore eta Etika aplikatuan Ikerkuntzan Zintifikoen Kontseilu Goreneko zuzendari Txetxu Ausín, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeko kide independente izango da, Daniel Innerarity filosofia politiko eta sozialeko katedradunaren ordez.

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea aldatzea erabaki du gaur, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordearen lehenengo txostenean jasotako gomendioak barneratzeko.

Lehenik eta behin, Jaurlaritzak 3.1 atala aldatzea erabaki du, Jaurlaritzan goi karguak betetzen dituzten pertsonek beren ardura publikoa ondo betetzeko beren gain hartu beharreko balio-, printzipio- eta jokabide-multzoa zabaltzeko. Zehazki, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotakoak barneratuko ditu.

3.1 ATALAREN IDAZKETA BERRIA. 2.1 atalean aipatzen diren kargu publikodunek eta parekoek Kode honetako 4. ataletik 15.era jasotako balio, printzipio eta jokabideak bete beharko dituzte, baita ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan adierazitakoak ere. Arau horiek gutxieneko estandarrak dira, eta beren eskakizun-mailetan osatu egin daitezke kasuan kasuko esparruetan edo erakundeetan onar daitezkeen berariazko edo sektoreko kodeen bidez

Bigarrenik, 2.1 eta 2.2 atalak aldatu egingo dira, Etika eta Jokabide Kodea, nahitaez, sinatu behar duten kargu publikodunen zerrenda handitzeko. Hemendik aurrera, kode honen eraginpean ere egongo dira Gobernuak izendatzen dituen hurrengo organo hauek:

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

Gainera, Jaurlaritzak 3.2 atalean aurreikusitako zigor sorta handitzea erabaki du, kargu publikodunen jokabidea modu eraginkorragoan aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko. Etika Publikorako Batzordearen Txostenak gomendatzen duen bezala, Etika eta Jokabide Kodea aplikatzeko, hartu beharreko neurriak modulatzea (...) ahalbidetuko duen jarduera-eremu bat behar zen, Kode honen xedeak eta helburuak kaltetu gabe modulatzeko, hain zuzen.

Hala, arau-hausteen aurrean dauden hiru jokabide-aukerei, berehala kargugabetzea, organo eskudunera jotzea, (...) diziplina-zehapena abiarazi, bideratu eta, hala egokituz gero, ezartzeko edo Ministerio Fiskalera jotzea, (...) falta edo delitua bada, arau-haustearen larritasunarekiko proportzionalagoak diren bestelako neurriak ezartzeko aukera erantsiko zaie.

3.2 ATALAREN IDAZKETA BERRIA.- Kode honetan edo ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotako etika- eta jokabide-arauak hautsi direla edo ez direla behar bezala bete zalantzarik gabe egiaztatu ondoren, Etika Publikorako Batzordeak hurrengo neurri hauetakoren bat hartzeko proposatuko dio izendapenaren organo eskudunari, egindakoaren larritasunaren, haren eragin publikoaren eta irudi instituzionalean duen eraginaren arabera:

a) Inplikatutako pertsona edo pertsonak berehala kargugabetzea.
b) Bestelako neurri ez-zigortzaileak ezartzea, frogatutako egitateen larritasunarekiko proportzionalak, betiere etikaren ikuspuntutik kargu publikodunen jokabidea aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko eraginkorrak diren neurriak.

Frogatutako egitateak delitu, falta edo arau-hauste administratiboak izan badaitezke, Etika Publikorako Batzordeak zera erabakiko du, kasuan kasu:

a) Ministerio Fiskalera jotzea, Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko organo eskudunaren bitartez, egintza edo egintzarik eza delitua edo falta bada.
b) Auzia administrazio-organo eskudunaren esku uztea, balizko arau-hausteagatik diziplina-zehapen bat abiarazi, bideratu eta, hala egokituz gero, ezartzeko.

ALDAKETA GEHIAGO

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordearen osaketan aldaketa bat egingo da. Hala, filosofia politiko eta sozialeko katedradun eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko ikertzaile eta zuzendari Daniel Innerarityk Filosofian doktore, Etika aplikatuan CSICeko (Ikerkuntzan Zintifikoen Kontseilu Gorena) zuzendari, eta deontologian, komunikazioaren etikan, gobernaketa onean eta giza eskubideetan ikertzaile, Txetxu Ausíni utziko dio bere postua. Beraz, Etika Publikorako Batzordearen osaketa honako hau izango da:

Presidentea, Josu Erkoreka, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua.
Batzordekidea: Andrés Zearreta, Funtzio Publikoko sailburuordea.
Itzal handiko batzordekide independentea: Elisa Pérez Vera, Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Pribatuko katedraduna.
Itzal handiko batzordekide independentea: Txetxu Ausín, Filosofian doktorea.
Idazkaria: Maite Iruretagoiena, IVAPeko zuzendaria.

Eusko Jaurlaritzak Daniel Innerarityk egindako lana eskertzen du, bere ahaleginarekin Estatuan aitzindaria den Etika eta Jokabide Kode berritzaile eta zorrotz hau sortzen, ezagutarazten eta ezartzen lagundu baitu.

24 ERABAKI HARTUTA

Etika Publikorako Batzordeak 2013ko urritik (orduan sortu zen) 2014ko abendura bitartean 24 auzi ebatzi ditu. Jaurlaritzako goi kargudunek egindako kontsulta gehienak Jaurlaritzaren esparrutik kanpoko jardueren bateragarritasunarekin lotutako gaiei buruzkoak ziren:

Bestelako jarduerak egitearen bateragarritasunari buruzkoak 2
Irakaskuntza akademikoan aritzearen bateragarritasunari buruzkoak 4
Manifestuei atxikimendua adierazteari buruzkoak 1
Hautaketa- eta kontratazio-prozesuetan parte hartzeari buruzkoak 3
Opariak itzultzeari buruzkoak 1
Jarduera jakin bat egitearekin lotutako interes-gatazkari buruzkoak 7
Karrerako funtzionario plazarekin lotutako interes-gatazkari buruzkoak 3
Ebaluaketa-batzordeetan parte hartzeagatik bertaratzeak kobratzeari buruzkoak 1
Publizitateari eta babesletzari buruzkoak 2
GUZTIRA 24

BALANTZE OSO POSITIBOA ETA DOKTRINA OINARRIA

Etika Publikorako Batzordeak Etika eta Jokabide Kodearen ibilbideko lehenengo urte eta erdiari buruzko balantze oso positiboa egin du, tresna honek Eusko Jaurlaritzari politikaren zentzu morala berreskuratzeko konpromisoan aurrera egitea ahalbidetu diolakoan baitago. Baina gainera, goi kargudunek planteatutako auziei esker, jarduera publikoa irizpide zorrotz batzuen arabera orientatzea ahalbidetzen duen doktrina-oinarri bat landu da.

TXETXU AUSÍN CURRICULUM VITAE

Txetxu Ausín Filosofian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2000. urtean, Informatikaren eta zientzia kognitiboen logikaren eta oinarrien programaren barnean. Tesiaren zuzendariak Miguel Sánchez-Mazas eta Victoria Iturralde izan ziren: arauen sistema logiko berri bat proposatu zuen eta Doktoregoko Aparteko Saria eman zioten.

Gaur egun, Txetxu Ausín zientzialari titularra da Madrilgo CSICko Filosofia Institutuan, (www.ifs.csic.es). Ikasketa Logiko-Juridikoen Taldea (JuriLog) zuzentzen du eta Etika Aplikatuen Unitatearen arduraduna da. Gainera, irakasle gonbidatua da hainbat unibertsitatetan eta ikertzailea Gobernantza Demokratikoaren Institutuan (GLOBERNANCE, www.globernance.org).

Txetxu Ausínen lan-arloak logika, deontika, etika aplikatuak (bioetika, komunikazioaren etika, etika publikoa) eta giza eskubideak dira, eta gai horiei buruzko hainbat liburu, artikulu eta argitalpen idatzi ditu.

Txetxu Ausín, gainera, DILEMATA izeneko etika aplikatuen webgunearen eta aldizkari elektronikoaren zuzendaria da: www.dilemata.net. Gaur egun, I+G+Bko plan nazionaleko (FFI2011-24414) KONTUZ! proiektuaren ikertzaile nagusia da. www.kontuz.weebly.com eta ASAPen (Academics Stand Against Poverty) Espainiako akademiaren ikerketaren lehendakariordea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan