Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Dekretua, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak arautzen dituena. (2015-03-17(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 17

LABURPENA

JAURLARITZAK BEREN ARDURAPEAN SEME-ALABAREN BAT DAUKATEN FAMILIENTZAKO LAGUNTZEN DEKRETUA ONARTU DU

Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak beren ardurapean seme-alabaren bat daukaten familientzako diru-laguntzak arautzeko dekretua onartu du gaur.

Dekretu berria Familiei laguntzeko 13/2008 Legeko 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat dator, familia-errenta estandarizatzeko sistema egokituz familia mota eta egoeraren arabera tratu bidezkoagoa ematea ahalbidetzeari dagokionez.

Errenta-sistema estandarizatua izateak honako hau esan nahi du: errenta familia-unitateko kide kopuruaren arabera ez ezik unitate horren osaketaren arabera ere haztatzeko baliokidetasun-sistemak aplikatzea, kontuan hartuta, erosahalmen eta bizi-mailari dagokienez, diru-sarrera maila bera izateak ez diela ahalmen ekonomiko bera ematen osaketa ezberdineko familia-unitateei.

Egituraren aldetik, dekretuaren testuak bost kapitulu ditu. Lehenengoan, beren ardurapean seme-alabaren bat daukaten familientzako diru-laguntza orokorrak zehazten dira. Laguntza horiek hiru jarduera-ildoren bidez garatuko dira: ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, erditzeagatik edo adopzio nazional anitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik. Lehenengo kapitulu horretan, halaber, diruz lagundu daitezkeen egoeren irismena finkatzen da, adingabekoen tutoretzara zabalduta.

Ardurapeko seme-alaba bakoitzagatiko laguntzak
Bigarren kapituluan, oro har, ardurapeko seme-alaba bakoitzagatiko laguntzak deiturikoak garatzen dira, adinaren eta seme-alaba bakoitzak familia-unitatean daukan ordenaren arabera bereizita.

Hala ere, dekretu berriaren berritasun nagusia da familia-errenta estandarizatuaren sistema aplikatuko dela laguntza horien zenbatekoa zehazteko; lehen, bigarren eta hirugarren seme-alabengatik, eta hurrengoengatik, ematen diren laguntza guztietara hedatuko da irizpide hori, gainera.

Beste berritasun garrantzitsu bat da laguntzen zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen egoera guztietarako berdinak izango direla, baita ondorengo urteetako laguntza guztietarako ere (mantentze-laguntzak), seme-alaba bakoitzaren adina edo ordena kontuan hartu gabe. Laguntzak 400 eta 900 euro artekoak izango dira, familia-errenta estandarizatuaren arabera. Beraz, familia-errenta estandarizatua 20.000 €-koa edo hortik beherakoa bada, zenbatekoa 900 eurokoa izango da; familia-errenta estandarizatua 30.000 €-koa edo hortik beherakoa bada, zenbatekoa 500 eurokoa izango da; azkenik, familia-errenta estandarizatua 30.000 €-tik gorakoa bada zenbatekoa 400 eurokoa izango da.

Mantentze-laguntzak urtekoak izango dira, hau da, laguntzak emateko finkatutako adin- eta ordena-baldintzak betetzen dituen seme-alabaren bat ardurapean daukaten familiek urtero eskatu beharko dituzte. Horretarako, familiaren dagokion urteko urtarrilaren 1eko osaketa hartuko da kontuan, zaintza partekatuaren kasuan izan ezik; kasu horretan, aitari eta amari laguntzaren eskatzailea bietako nor izango den adostea exijituko zaie.

Seme-alabengatiko laguntzak jaiotze, adopzio eta adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza dela-eta emango dira. Horrenbestez, lehenengo seme-alabagatik ordainketa bakarra egingo da; bigarren seme-alaba izatean, jaiotzen den urtean ordainketa bat egingo da eta urtea betetzen duenean bigarrena. Hirugarrenaren eta hortik aurrerakoen kasuan, jaiotzen diren urtean ordainketa bat eta beste bat urte bat, bi, hiru, lau, bost eta sei betetzen dituzten urtean. Diru-laguntzaren eskatzaileak % 33ko edo hortik gorako ezintasun aitortu bat baldin badauka edo aitortutako mendekotasun egoera bat, zenbatekoak bikoiztu egingo dira.

Adopzioen kasuan, 18 urtetik beherako pertsona baten adopzio aurreko familia-harreragatik edo tutoretza eratzeagatik kasu horietako bakoitza gertatzen den urtean ordainketa bat egingo da, adina kontuan hartu gabe, eta ondorengo urteetan, seme-alabaren adinaren eta ordenaren arabera.

Erditze edo adopzio nazional anitzagatiko laguntzak
Hirugarren kapituluan, erditze edo adopzio nazional anitzagatiko laguntzak arautzen dira. Erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren edo aldi berean adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera emango dira, baita familia-errenta estandarizatua kontuan hartuta ere. Aurreko dekretuan bezala, laguntza hau ordainketa bakarrean emango da eta ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metagarria izango da.

Nazioarteko adopzioa
Laugarren kapituluan, adingabeen nazioarteko adopzioagatiko laguntzak aurreikusten dira, dela sinpleak dela anitzak. Laguntza horiek ordainketa bakar gisa ematen dira eta zenbateko zehatzak aldi berean adoptatutako adingabe kopuruaren arabera neurtzen dira, baita familia-errenta estandarizatuaren mailaren arabera ere.

Azkenik, bosgarren kapituluan, epea -hiru hilabete, jaiotzen den egunaren biharamunetik aurrera- eta eskaerak aurkezteko tokia zehazten dira, baita horiekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa ere. Gainera, zaintza partekatuaren eta adopzio aurreko familia-harreraren ondorengo adopzioaren kasuan laguntzak nola ematen diren arautzen da.

Dena den, kapitulu honen berritasun nagusietako bat da hainbat laguntza eskatzeko bitarteko elektronikoak erabil daitezkeela. Horrela, herritarrei Administrazioarekiko harremanak erraztuko zaizkie eta laguntzak modu eraginkorragoan kudeatuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau