Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren hamaika ekimen Jardunbide Egoki Gisa saritu ditu Estatuko Osasun Sistemak

2015.eko martxoak 17

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak «Estatuko Osasun Sistemako Jardunbide Egokien» lehen jardunaldia egin zuen atzo Madrilen, jardunbide egokiak bikaintasunerako bidearen funtsezko elementu gisa identifikatzeko eta zabaltzeko. Zortzi estrategiatan jardunbide egokiko proiektuak saritu zituzten hitzordu horretan, eta horietatik seitan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Osakidetzako langileek 2014an egindako hamaika proiektu saritu dituzte.

Erditzeen Arreta eta Ugalketa Osasunaren Estrategiaren esparruan, Donostia Unibertsitate Ospitaleak diploma bat lortu du, «Erditzeen ondorengo alta goiztiarra» jardunbideagatik. Protokolo horren bidez, hala nahi duten emakumeek, behin baino gehiagotan erditu badira, beren borondatez etxera itzul daitezke erditu eta 36 ordura, betiere umea osasuntsu badago eta erditzean arazorik izan ez badute. Aukera horrek oso harrera ona izan du eskaini zaien amen aldetik; izan ere, pediatriako emaginaren eta erizainaren zaintza jasotzen dute ama horiek, emagina eta erizaina etxera joaten baitzaizkie amaren eta umearen kontrola egitera.

Gaixotasun arraroen inguruko estrategiak atalean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza «Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotzetiko gaixotasunen kasuan (metabolopatiak), jaioberrien baheketan nazioarteko kalitate-gomendioak barneratzea» koordinatzeagatik saritu dute. Programa hori honako zeregin hauetan izan beharreko denborei buruzko irizpideak aplikatzen dituzten nazioarteko kalitate-arauetara egokitzen dela onartzen du diplomak: laginak hartzea, jaio eta 48 orduko epea ezarrita; laborategira gehienez 24 ordutan eramatea, eta 24 orduko epea analisia egiteko eta, emaitza positiboa bada, berehala jarraipen-unitateetara bideratzea.

Kardiopatia iskemikoaren estrategia atalean, Osakidetzako bi zentro saritu dituzte: Donostia Unibertsitate Ospitalea «Donostialdea ESIko errehabilitazio kardiakoko unitate bat sortzea eta ezartzea» esperientziagatik, eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Bilbo – Basurtu ESIkoa, bi jardunbide hauei esker: Kardiologia Zerbitzuaren «Bihotz gutxiegitasuna diagnostikatuta daukaten pazienteek ospitalean alta jaso eta 72 ordurako jarraipen deia» eta zerbitzu horretako Errehabilitazio Kardiakoko Unitatearen «Errehabilitazio Kardiakoko Programa, III. fasea (mantentzea), lehen mailako arretarekin eta udal-kiroldegiekin koordinatua».

Donostia Unibertsitate Ospitaleko Errehabilitazio Kardiakoko Unitatearen Proiektuak ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta kardiopatia iskemikoa duten pazienteak unitatera bideratzea optimizatzen du. Hala, Donostialdeko ESIko erreferentziako arloan pazienteen % 75 bideratu dira; Europako batezbestekoa, berriz, % 50 da, eta % 7 soilik Estatukoa.

Bilbo-Basurtuko ESIk eskuratutako sariei dagokienez, «Bihotz-gutxiegitasuna daukaten pazienteek ospitalean alta hartu eta 72 ordurako telefono bidezko esku-hartzea» proiektuak pazientea tratamendura atxikitzea, norbere buruaren zainketa eta arreta jarraitua optimizatu nahi ditu. Horrez gain, jarraipen horrek, berriro ospitaleratzea saihestuz, pazientearen bizi-kalitatea hobetu nahi du.

Bilboko ESIren «Errehabilitazio Kardiakoa» programari dagokionez,gaixotasun kardiobaskularra duten pazienteen bizi-kalitatea eta biziraupena hobetzen ditu. Bilboko Udalaren egindako lankidetza-hitzarmenari esker, udal-kiroldegiek instalazioak eskaintzen dituzte programan parte hartzen duten pazienteek beharrezko ariketa fisikoak egin ahal izan ditzaten, jarraipena eta denbora aldetik jarraitutasuna izango dutela ziurtatuta.

Minbizia arloko estrategia atalean, Bizkaiko Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitatea saritu dute, «Agindu ezazu bizimodu osasungarria» dela-eta. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren estrategia horren oinarria bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, besteak beste: obesitatea eta gehiegizko pisua saihestea, ez erretzea, ariketa fisikoak egitea, fruta, barazki eta zereal integral asko eta haragi gorri gutxi jatea, edari alkoholdunik ez edatea... Ohitura horiek hartzeak minbizien % 70 saihestu ahal izatea dakar.

Diabetesaren inguruko estrategia atalean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuari eman diote saria, «Diabetesarekin lotutako arreta integratua» jardunbideagatik. Proiektu horren buruak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea (Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa) eta Uribe ESIa izan dira. Horregatik, 2. motako diabetesa daukaten pazienteen tratamenduaren ardatza arreta espezializatuaren eta lehen mailako arretaren arteko uztarketa da.

Azkenik, Osasunaren Sustapena eta Prebentzioa atalean Osasun Sailaren programa hauek saritu dituzte: «Tabakoaren kerik gabeko udalerriak», «Tipi-tapa. Gipuzkoako adinekoen arteko jarduera fisikoa» eta «Tabakoa erretzeko ohitura gainditzeko eskaintza».

2013-2020 aldirako Osasun Planak prebentzioaren eta osasuna bizi-ohitura osasungarrien bitartez sustatzearen garrantzia biltzen du. Herritarren osasunak eta ongizateak zeharkako politikak ez ezik, erakundeen eta pertsonen osasun onean eragin dezaketen bestelako eragileen sinergiak eta interakzioak ere behar dituzte. Tabakismoaren aurkako borrokak osasun-esparrua gainditzen du eta ahalik eta gizarte- eta udal-eragile gehienek esku hartzen duten ekimen soziosanitarioak behar ditu. Hori dela eta, udalak, profesionalen elkargoak (farmazia eta dentistak), hezkuntza-zentroak, tokiko elkarteak eta bestelakoak elkarlanean aritzen diren ekimen hau. Helburua hau da: biztanle-sektore guztiek, nork bere ezaugarrien arabera, tabakoaren arriskuak ezagutzea eta, mendekotasuna gainditu nahi izanez gero, udalerriak eta Osakidetzan eskura dituzten baliabideak ezagutzea. Zehazki, Osakidetzak tabakismoaren aurkako tratamendua egiteko aukera eskaintzen du osasun-zentro guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoak 17


Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau