Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak ingurune hidrikoari loturiko Kontserbatzeko Eremu Berezietako (KEB) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetako (HBBE) arauak ezarri ditu

2015.eko martxoak 17

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du ibaiei, estuarioei eta hezeguneei loturiko Kontserbatzeko Eremu Bereziak (KEB) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) kudeatzeko arauak ezartzen dituen dekretua. Honako hauei dagokie: Barbadun ibaia, Astondoko dunak, Lea ibaia, Artibai ibaia, Urola ibaia, Iñurritza, Oria ibaia, Oria Garaia, Araxes ibaia, Leitzaran ibaia, Urumea ibaia, Barrundia ibaia, Arakil ibaia, Ega-Berron ibaia, Txingudi-Bidasoa, Txingudiko HBBE, Baia ibaia, Zadorra ibaia, Ihuda ibaia, Omecillo-Tomecillo ibaia, Ebro ibaia. Egun izapidetze-bidean dauden hauei ere badagokie: Arreo-Caicedo de Yusoko lakua, Zadorraren sistemako urtegiak, Salburua eta Guardiako aintzirak.

 

Dekretua ez da aplikatuko Urdaibaiko KEB eta HBBEtan, ezta Gaztelugatxeko Donieneko KEBean ere, 2013ko ekainaz geroztik berariazko erregimena baitute. 2012 urtean, Eusko Jaurlaritzak KEB izendatu zituen eskualde biogeografiko atlantikoko 14 ibai eta estuario, ibaietako eta estuarioetako Kontserbatzeko Eremu Berezietan (KEB) aplikatu beharreko zuzentarau, erregulazio eta jarduera komunak onartzeaz gain. Urtebete geroago, 2013an, Txingudi-Bidasoa KEB izendatu zen eta Txingudiko KEBa eta HBBEa kontserbatzeko neurriak onartu ziren.

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldutakoaren arabera, «eskualde geografiko mediterraneoko ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE izendatzeko lanak egin bitartean, jabetu gara eskualde biogeografiko atlantikoko ibai eta estuarioetako KEBetan onartutako kontserbazio-neurriak (zuzentarauak eta araudiak), hein handi batean, egokiak direla eskualde mediterraneoan aplikatzeko. Hori bai, horiek ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE guztietan aplikatzeko, zenbait aldaketa egin beharko dira».

 

«Horrenbestez, eskualde biogeografiko atlantikoko zein mediterraneoko ingurune hidrikoei loturiko KEBetan eta HBBEtan aplikagarriak diren zuzentarau eta araudi orokor berriak onartzea komeni da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta Gaztelugatxeko Donieneri dagozkionak salbuetsita», zehaztu du Oregik.

 

Ondorioz, ingurune hidrikoari loturiko Natura Sareko eremu guztietan aplikatzekoak izango dira arau orokorrak, eta, dekretua indarrean sartzean onartuta dauden eremuak arautzeaz gain, etorkizunean onartu daitezkeenak ere arautuko ditu, egun izapidetzen ari direnak barne.

 

Edukia

Ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE horietako kontserbatzeko arau orokorrek erabilera eta jarduera, ingurune edota elementu gakoei buruzko zuzentarauak eta xedapenak jasotzen dituzte, herri-administrazioen jarduera zuzentzera bideratuta daudenak. Era berean, araudiak eta xedapenak jasotzen dituzte, kontserbatu beharreko elementuei eta kontserbazio-helburuei eragin diezaieketen erabileren eta jardueren gaineko arau lotesleak ezartzeko helburua dutenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)