Berriak
Eu

Lehendakariak Arku Atlantikoaren bilerari hasiera eman dio hazkunde urdinean oinarritutako eremu atlantikoaren garapen eraginkorrerako lankidetzara deituz

2015.eko martxoak 17

Euskadi kide den Arku Atlantikoaren Batzordeak gaur-biharretan egingo du osoko bilkura Bilbon, Arku Atlantikoa osatzen duten eskualdeentzat gakoa den une honetan. 

Izan ere, 2015 urtean, EBren Estrategia Atlantikoaren barnean (2013an abiarazi zen), hazkunde urdinean oinarritutako berariazko Europa-mailako proiektuak abiarazteko fasea hasiko da, Europa osoan 7 milioi enplegu sor ditzakeena. 

Arku Atlantikoaren ekintza-planak lau ardatz funtsezko ditu: enpresa-sena eta berrikuntza sustatzea; itsas eta kosta-eremua babestu, sendotu eta hobetzea eta irisgarritasuna eta konektagarritasuna hobetzea; eta eskualde-garapenerako eredu jasangarri eta gizarteratzailea sortzea. Aldi berean, ekintza zehatz hauek barne hartzen ditu: itsaso zabaleko instalazioak garatzea; itsas industria tradizionalen eta indarra hartzen ari direnen hezkuntza eta prestakuntza hobetzea; eta ikerketa ozeanografikoan lankidetza indartzea, klima-aldaketaren eraginak hobeto ebaluatzeko. 

Arku Atlantikoaren helburua da ekintza-planetan zehaztutako inbertsio- eta ikerketa-lehentasunek EBren finantzaketa jasotzea 315.000 milioi euro higiaraziko dituen Juncker Planaren eskutik. Proiektu horiek eraginkortasun energetikora edo itsas industrietara bideratu ahalko lirateke.

Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari diren osoko bilkura gaur arratsaldean inauguratu dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Kantabriako eta Arku Atlantikoaren Batzordeko presidente Ignacio Diegok eta Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako eta Azoreetako presidente Vasco A. Cordeirok. Azkenik, Eskualdeetako Politiketarako Europako komisario Corina Creturen kabineteko kide Iona Rus arduratu da irekiera-saioko hitzaldia emateaz. 

Bestalde, Urkullu lehendakariak Arku Atlantikoko kideei dei egin die «aktiboak eta koherenteak izan daitezen Juncker Planak hautatzeko moduko inbertsio-proiektuak proposatzeko garaian». Lehendakariak gaineratu duenez, «ezin ditugu erronkak gainditu, bai ordea eremu atlantikoaren garapen eraginkorra bultzatzeko politikak sustatu», horretarako «berrikuntzan, turismoan, garraioan, itsas energietan, arrantzan eta hazkunde jasangarri eta integratzailean lankidetzan jardunez».

Arku Atlantikoaren Batzordea EBko bost estatuko (Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Irlanda eta Portugal) 18 eskualdez osatuta dago. Batzorde horrek, zehazki, 60 milioi biztanle ordezkatzen ditu, Europakoen % 12, eta une honetan Kantabriako presidente Ignacio Diego du buru.

Batzordearen egitekoa Batasuneko erakundeen eta estatu kideen aurrean eskualdeen interesak defendatzea da. Helburu nagusia gizarte-, ekonomia- eta lurralde-kohesioa da, hala nola itsas politika integratua eta garraioaren irisgarritasuna. Europako gobernantza, nekazaritza eta landa-garapena, ikerketa eta berrikuntza, energia eta klima-aldaketa eta auzotasun-harremana ere elkargoak garrantzitsutzat hartutako gaiak dira. 

Arku Atlantikoaren Batzordea CRPM-Europako Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako sei lan-batzorde geografikoetako bat da (ikus mapa), eta haren barruan dago Euskadi. Guztira 25 herrialdetako 139 eskualdek osatzen dute CRPM eta 200 milioi biztanle daude ordezkatuta bertan. Egun, erakunde horrek Europako lurraldeen arteko garapen orekatua sustatzen du, Azoreetako presidente Vasco A. Cordeiro buru dela. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pte. de Azores. Pte de Cantabria