Berriak Segurtasuna

Ertzaintzaren XXIV. promozioko ikasleen «eguneroko jarduna» azaltzeko ateak ireki dizkie komunikabideei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak

2015.eko martxoak 17

XXV. promozioa osatuko duten beste 250 ertzainen deialdi berriaren oinarriak argitaratu dira gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur ateak ireki dizkie komunikabideei eta, horrela, jakinarazi du zer-nolakoak diren Ertzaintzako XXIV. promozioa osatzen duten 120 ertzainei akademian ematen dizkieten prestakuntza teorikoa eta praktikoa.

Iaz egin ziren sarbideko eta hautapeneko probak gainditu ondoren, ertzainak izan nahi duten hautagaiak abenduaren 15ean Arkauten sartu ziren prestakuntza-ikastaroa egiteko. Nahitaez egin beharreko prestakuntza-ikastaroa da eta zentroetan edo egoitzatan praktikak egin aurretik egin beharrekoa. Hori gaindituta, praktikaldia egingo dute beren jarduera-esparruaren arabera egoki diren zentroetan edo egoitzatan, prestakuntza integrala bermatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua zehatz ezagutzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak Plangintzaren eta ikasketen buru Juan Carlos Etxegarairekin, irakasleekin eta 24. promozioko ikasleekin batera azaldu du, etorkizuneko ertzainek Akademian egun batean zer egiten duten.

«XXIV. promozioarekin, Ertzaintzaren plantilla berritzen hasi gara, gaur egungo Euskadik eta etorkizuneko Euskadik behar duen Ertzaintza izateko xedearekin», adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako arduradunak.

Malentxo Arruabarrenak adierazi du Akademia Euskadiko Segurtasun Publikoaren Prestakuntza Zentroa dela. Bertan, ertzainei prestakuntza emateaz gain, udaltzainei, suteak itzaltzeko, salbamenduko nahiz babes zibileko kolektiboei eta larrialdietako boluntarioei ere prestakuntza ematen zaie.

«Etengabe eguneratzen ari den zentro bat da, baita gogoetak eta ideiak partekatzeko zentro bat ere. Horren harira egiten baitira, esaterako, hilabete guzietan Arkaute Parez-Pare izeneko jardunaldiak.», adierazi du Akademiako zuzendariak. Ateak irekitzeko helburu horrekin, Akademiako zuzendariak adierazi du, Korrika martxoaren 28an bertatik pasako denez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak testigua hartuko duela euskararekiko duen konpromisoa erakusteko.

Bestetik, Akademiako zuzendariak adierazi du gaur argitaratu dela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ertzaintzaren XXV. promozioa osatuko duten 250 ertzainen deialdi berria. Promozio horrekin, kolektiboaren adin-piramidea berritzen jarraitu ahal izango da, era ordenatuan eta mailakatuan. Bihartik (asteazkena), martxoaren 18tik aurrera eta apirilaren 23ra arte, 18 eta 35 urte bitarteko pertsona guztiek, betiere, deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta hala nahi badute, beren eskaera Akademiako webgune honetan egin dezakete: www.Arkauteakademia.net eta informazio gehiago nahiz izanez gero deitu telefono-zenbaki honetara: 900.840.088.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Carlos Etxegarai