Berriak
Eu

Jaurlaritzaren ustez “deialdi kopurua”ren ondoriozkoa da grebaren jarraipen “desorekatua”

2010.eko ekainak 29

Gobernu Kontseiluak laneko bizitza eta familiakoa bateratzeko dekretua onetsi du, hain zuzen ere, dekretuak diru-laguntzen zenbatekoak eta onuradun izateko kasuak areagotzen ditu

Eusko Jaurlaritzaren arabera, gaur Euskadin deitu den grebaren jarraipena % 22koa izan da sektore pribatuan, herri administrazioan, ordea, % 8koa izan da soilik. Idoia Mendiak, Jaurlaritzaren bozeramaileak, grebarako dei honek, aurtengo hirugarrenak, alegia, “ez duela krisia gainditzeko ez aukera, ez irtenbiderik ematen” adierazi du. Mendiak, lan eta merkataritza arlo batzuetan egon diren liskarren ondoriozko atsekabea adierazi ondoren, grebaren jarraipen “desorekatua” “deialdi kopurua”ren ondoriozkoa dela azaldu du, izan ere, bozeramailearen ustez, langile, enpresa eta funtzionarioen artean “nahasmen handia” sortzen ari da. “Ez da grebak egiteko une egokia, laguntzeko unea da”, agertu du.

Euskadin CC.OO, ELA eta LAB sindikatuek deitu duten grebak jarraipen “desorekatua” izan du Eusko Jaurlaritzaren aburuz, izan ere, haren datuen arabera herri administrazioan geldialdia % 8ra iritsi dela eta enpresa pribatuan % 22koa izan dela ikusirik, “ezin da esan arrakastatsua izan denik”. Idoia Mendiak, Jaurlaritzaren bozeramaileak, Euskadin urtebete baino gutxiagoko epean antolatu den hirugarren greba dela eta horrek langileak, langile publikoak eta enpresak “nahasi” dituela azpimarratu du. Mendiaren hitzetan, “greba honek ez du krisia gainditzeko ez aukera, ez irtenbiderik ematen”.

Gobernu Kontseiluaren ondoren egin ohi den prentsaurrekoan, Jaurlaritzaren bozeramaile den Idoia Mendiak gaur Euskadin deitu den grebaren jarraipenaren inguruko datuak ezagutzera eman ditu, zehazki, Araban % 19ra iritsi da, Bizkaian % 23ra eta Gipuzkoan % 25era. Bozeramailearekin batera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak ere hitz egin du eta lana eta familia bateratzeko dekretu berriaren xehetasunak azaldu ditu, hain zuzen ere, dekretua Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu baitu.

Bozeramaileak gaur goizean goiz egon diren istilu batzuengatiko atsekabea adierazi du, besteak beste, aipatzekoak dira hiri handietako industria eta merkataritza gune batzuetan pikete batzuek erakutsi duten jokabidea, Zallako trena ordubetez eten izana edo pikete batzuek lan egiteko eskubidea gauzatu nahi zuten langile batzuk estutzeagatik Ertzaintzarekin izan dituzten gatazkak. Hala eta guztiz ere, Mendiak greba jardunaldi hau “normaltasunez” igaro dela gailendu du.

Gai hau alde batera utzita, gaur goizean Lehendakaritzan astero bezala egin den Gobernu Kontseiluak familiako bizitza eta lana bateratzeko dekretua onetsi du, zehazki, beren seme-alabak edo menpeko pertsonak zaintzeko helburuarekin lanaldia murriztea erabakitzen duten gizon eta emakumeentzako diru-laguntzak “hobetu eta hedatzen” ditu, baita enpresei dagokienez ere. Diru-laguntza horiek astebete barru sartuko dira indarrean, baina atzeraeraginezkoa izango da apirilari dagokionez, horrez gain, berdindu egingo ditu gizonek eta emakumeek lanaldi murrizketa bera hartzeagatik jasotzen zituzten zenbatekoak. Gemma Zabaletak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, dekretu berriaren bidez, herritarren errealitateetara hurbiltzeko, “diru-laguntza eskuratzeko modua eta ustezkoak malgutzen direla” azaldu du. “Gizon eta emakumeek beren laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateratzea axola eta interesatzen zaigu, ona baita pertsonentzako, familientzako nahiz enpresentzako eta laneko giroa hobetzen du”, azpimarratu du Zabaletak.

Hortaz, eszedentziaren ondoriozko urteko gehienezko diru-laguntza 3.500 eurokoa izango da; lanaldiaren % 45eko murrizketaren ondoriozkoa 2.800ekoa; % 40ko murrizketaren ondoriozkoa 2.800ekoa; % 33ko murrizketaren ondoriozkoa 2.200ekoa. Zenbateko berbera da gizon eta emakumeentzako, beraz, gizonen kasuan igoera % 16 eta 22 bitartekoa izango da, eta emakumeen kasuan % 45 eta 62 bitartekoa.

Osotara, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak 34,5 milioi euro bideratu ditu diru-laguntza hauetarako.

Urdaibaiko Guggenheimaren proiektua behin betiko “ebatzi” da

Bozeramaileak, kazetarien galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektua behin betiko “ebatzitzat” jo nahi duela errepikatu du. “Ez da Guggenheim Bilbaoren arazoetarako irtenbide egokia, ezta Urdaibaiko eskualderako aproposa ere, eta horrez gain, ez dator bat Eusko Jaurlaritzaren kultura ereduarekin”, adierazi du Mendiak eta lehendakariak Bizkaiko diputatu nagusi den José Luis Bilbaori Guggenheim museoaren Batzorde Betearazleari dei egiteko eskatuko diola iragarri du, horixe baita Plan Estrategikoa onetsi zuen erakunde “eskuduna”, eta halaber, proiektu hau Planetik kanpo uzteko eskatuko dio.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.06.29)

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-06-29n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea; Gemma Zabaleta, sailburua