Berriak
Eu

Berdintasun alorreko lan eskubideen gida argitaratu du Emakundek

2015.eko martxoak 16

Emakundek “Genero Berdintasunaren Alorreko Lan Eskubideen Gida” argitaratu du, 2009an Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak argitaratu zuena eguneratuta. Herritarrei genero-berdintasunaren arloan emakumeek eta gizonek dituzten lan-eskubideen berri ematea da gidaliburuaren helburua. Kontsultatzeko eta laguntzeko tresna bat da: testu erraza eta argia erabili da, langileek konponbidea erraz aurki dezaten eguneroko egoeretan, bai eta banakako lan-harremanaren eremuan emakumeen eta gizonen artean gerta litezkeen desberdintasun-egoeretan ere.

Beraz, beste baliabide bat gehiago eskaintzen da, sektore pribatuko lan-eremuan -hots, enpresa pribatuetan- emakumeen eta gizonen artean tratu-berdintasuna egon dadin eta sexu-bereizkeriarik egon ez dadin bermatzeko.

Azken urteotan egindako erreformek eragina izan dute lan-arloko eskubideetan, eta horregatik eguneratu da gidaliburua; izan ere, kontziliazio-eskubide batzuei eragin diete erreformek, eta lan-orduaren antolamendua malgutzeko beste batzuei ere bai. Legedia ez da aldaezina, eta, ondorioz, argitalpen berri honen indarraldia ere lan-arloko egungo araudiaren egonkortasunari loturik dago; hortaz, baliteke gidaliburu berri hau berriz ere aldatu behar izatea, lan-arloan beste erreforma batzuk egin ahala.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko