Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Bilbao-Bilbao zikloturismo-martxan parte hartuko du

2015.eko martxoak 14

Parte hartzaileei materiala banatuko zaie, eta «Seguru baietz / Sí seguro» kanpainaren kamioia helmugan kokatuko da

Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo Bilbao-Bilbao zikloturismo-martxaren irteeran egongo da bihar igandean, martxoak 15, kolektibo horri laguntzeko eta haren ahultasuna gogorarazteko. Halaber, Trafiko Zuzendaritzak goiburu hau duen telefono mugikorrerako zorro bana emango die parte-hartzaileei: «Babesa, zentzumen guztiez». Horren bitartez zikloturismoan aritzen diren pertsonei gogorarazi nahi zaie oso garrantzitsua dela beren burua ikusaraztea beste ibilgailu batzuekin partekatzen dituzten bideetan.

Trafiko Zuzendaritzak errepide publikoetako erabiltzaileak biltzen diren ekitaldi edo ekintzetan parte hartu eta laguntza ematen du (kirol-ekitaldiak, festak eta familiei zuzendutako ekitaldi publikoak), mugikortasun-ohitura seguruak sustatzeko. Horretarako, kamioi bat du, erabilera askotarako espazioak dituena, bai eta komunikazio-euskarri ugari ere, herritarrei istripuak saihesteko jarrera seguruak izatearen beharra transmititzeko.

Honela azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok: «Txirrindularien kolektiboa EAEko errepideetako ahulenetako bat da. Oinezkoekin batera horiek dira zirkulazio-istripu baten ondorio negatiboak gehien har ditzaketenak. Horregatik, gure ekintzen eta jokabideen erantzule garen neurrian, prebentzioa ez ezik, funtsezkoa ere bada gure burua babesteari esker bizitza salba dezakegula ongi jakitea».

Ekimen zikloturista horretan parte hartzeaz gain, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak materiala ere badu, Errepideko Kirolarien Gida, errepidea erabiltzen dutenen arteko bizikidetzan sakontzen laguntzeko, bai eta, oraingoan bezala, txirrindulariei errepidean izan behar dituzten jokabideak argitzeko zein nork bere burua babesteko neurriak, aholkuak... jakinarazteko ere. Familiei aholkularitza ere ematen zaie, orobat, seme-alaba adingabeek trizikloaren erabileratik bizikleta erabiltzen duten arte izaten duten bilakaeraren gainean. Bizikleta modu seguruan erabiltzeko familientzako gida da.

Bi dokumentu horiek www.trafikoa.net webgunean daude, Hezkuntzan, esteka hauetan:

Kirolariak errepidean gida:

http://www.trafikoa.net/wps/wcm/connect/ac68d1004037168ebc9cbd857ed3772f/Txirrindulariak_EUSKtres.pdf?MOD=AJPERES

Familiak:

http://www.trafikoa.net/wps/wcm/connect/7315d88043eef850af45ffb687423c98/Gurpil+gainean+borobil_borobil.pdf?MOD=AJPERES

Trafiko Zuzendaritzako kamioia, halaber, 34 ekitalditan izan zen 2014an. Besteak beste, trafiko-istripuetako biktimak oroitzeko egunean, Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteak Donostian antolatu zuen jaian, bai eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan ere, horrelakoetan bide-segurtasunari buruz sentsibilizatzeko hainbat saio egin baitziren. Aurten, 30 ekitalditan izatea aurreikusten da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko