Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Diru-sarrerak bermatzeko errentari esker, pobrezia geldiarazten ari da eta euskal gizartea krisiari hobeto eusten ari zaio

2010.eko ekainak 28

Euskadiko pobrezia-tasa (% 4,1) Espainiako batez bestekoa baino hiru aldiz txikiagoa da (% 12,5)

"Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak enplegurako aktibazioarekin lotura handiagoa izatea dugu helburu", azpimarratu du Gemma Zabaleta sailburuak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak diru-sarrerak bermatzeko euskal politikak Autonomia Erkidegoan duen eraginari buruzko txosten bat aurkeztu du gaur Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean. Krisialdi ekonomikoaren garai hauetan politika hori aztertzeko garrantzi berezia duen azterlana da. Egilea Luis Sanzo izan da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Estatistika Organoko arduraduna.

Zabaletak "poza eta harrotasuna" agertu du Euskadin duela 25 urtetik hona diru-sarrerak bermatzeko adostasun handia izan duen politikarekin, eta azpimarratu du diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoen kudeaketa-eremua aldatzearen (hau da, gizarte-zerbitzuen ordez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erabiltzearen) helburua sistemak izan dituen ondorio positiboak indartzea eta bultzatzea baino ez dela.

Txostenetik ondoriozta daitekeenez, Euskadiko gizarte-ongizatearen eta bizi-kalitatearen mailak ezinezkoak izango lirateke diru-sarrerak bermatzeko politika hori gabe, eta politika horren adierazgarri nagusi den Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta gabe. "Politika sozialki aurreratua eta ekonomikoki errentagarria. Estatu osoan parekorik ez duen politika. Pobrezia murrizten, enplegu-suntsiketa indargetzen, herritarren osasunean eragiten eta gure herri eta auzoetako ekonomia dinamizatzen duen politika". 

Diru-sarrerak bermatzeko politika horrek hobetu egin du prestazio ekonomikoen zenbatekoa, kontingentzia, egoera eta premia berriak hartu ditu kontuan, hobetu egin du ahultasun- edo bazterkeria-egoeran dauden herritar taldeentzako estaldura, eta Euskadin gutxieneko soldata baino diru-sarrera urriagoko pentsiodunik ez egotea ekarri du. Gainera, enplegurako pizgarriak bultzatu ditu, "eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonentzat lan egitea ez egitea baino errentagarriagoa da", azpimarratu zuen sailburuak. 

Ildo horretan, hurrengo helburua, Zabaletak adierazi zuenez, "diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak enplegurako aktibazioarekin lotura handiagoa izatea" eta horien gobernantza eta kontrola hobetzea da. Horretarako, Euskadin enplegu-politika aktiboen transferentzia jasotzean eratuko den Lanbide berriak haien prestazio ekonomikoak kudeatuko ditu. 

Langabezia txikiagoa eta egonkortasun ekonomikoa 

Azterlanean, agerian geratu da diru-sarrerak bermatzeko programek eta prestazioek zer neurritan lagundu eta laguntzen duten Euskadiko egonkortasun ekonomikoa bermatzen. Adibidez, neurri batean politika horri esker, langabeziak Autonomia Erkidegoan duen eragina Espainia osoan duenaren erdia baino ez da. Horretarako, herritarrei gutxieneko bitartekoak bermatzen zaizkie eta, batez ere, bitarteko urriak dituzten familiei (orain arte soldata urriko bi enplegu zituzten eta krisialdiaren ondorioz enplegu bat galdu duten familiei nagusiki) irtenbidea eskaintzen zaie enplegurako pizgarrien, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez. 

Herritar batek oso ordainsari urriko lan batekin lortzen dituen bitartekoak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatzean datza enplegurako pizgarrien sistema, eta langile horien gizarte- eta lan-egoera egonkortzen laguntzen du. Gainera, pobreziari lotutako narriadura sozial eta ekonomikoaren prozesuei aurrea hartzean eta prozesu horiek arintzean, herritarrek egoera hobea dute enpleguak gora egiten duen aldiak baliatzeko. Era horretan, pobreziatik irteteko aukera ez ezik, ongizate-mailetara hurbiltzeko aukera ere errazten da. 

Era horretan jardun izanaren ondorioz, programak agerian utzi du egonkortzaile gisa bete duen zeregina, bai familien barne-krisialdien prebentzioari, bai soldata urriko enpleguetan baino jardun ezin duten pertsonen laneratzea bultzatzeari dagokionez. 

Euskadiko diru-sarrerak bermatzeko programa hertsiki lotuta dago pobreziak Autonomia Erkidegoan duen eragin txikiagoarekin (Espainian baino txikiagoa ez ezik, Madrilgo eta Kataluniako autonomia-erkidegoetan baino txikiagoa ere bai). Adibidez, Euskadiko pobrezia-tasa (% 4,1) Espainiakoa baino hiru aldiz txikiagoa da (% 12,5). Era berean, haurren pobrezia-tasa % 18,5era iritsi da Estatuan; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, % 6 baino ez da. 

Azterlanak, halaber, beste autonomia-erkidego batzuetako ongizaterik ezaren eta pobreziaren tasak diru-sarrerak bermatzeko gaur egungo politika gabe Euskadiko Barne Produktu Gordinean (BPG) izango lukeen eragina aipatzen du. Azterlanak ondorioztatzen duenez, Euskadiko BPGa ia % 2 jaitsiko litzateke Madrilgo eta Kataluniako ongizaterik ezaren tasetara hurbilduz gero.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta