Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritza Asturiasen izan da dozenaka eusko gudari dauden Guda Zibileko hobiak bisitatzen

2015.eko martxoak 12

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando, Asturiasko Printzerrian, Areces herrian izan da gaur pradón de los vascos delakoan, (euskaldunen belazea). Bertan Guda Zibileko hainbat hobi aurkitu ziren 2008an eta dozenaka eusko gudari daude bertan lurpean 1937tik.

Monika Hernandok, Asturiasko Gobernuko Justizia eta Barne gaietako zuzendariak, José Luis Villaverdek, eta udalerriko alkateak, María Isabel Méndez Ramos-ek, lagunduta egin du bisita bertara. Izan ere, Eusko Jaurlaritza, Asturiasko Gobernuak gonbidatuta joan da bertara.

Hirurek, hobiak dauden tokian jarrita dagoen monolitoa bisitatu dute. Bertan euskaraz, gazteleraz eta asturiarrez irakur daiteke: “Askatasunagatik eta demokraziagatik euren bizitza eman zutenei”.

Zehazki, bisita honekin, Monika Hernandok aitormena egin nahi izan die, 1937an, Kandido Saseta kapitainak gidatuta, Asturiasen borrokatu eta bertako hobietan lurpean jarraitzen duten eusko gudariei. 

Bisitan zehar, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Memoria Historikoa eraikitzeko lanetan duen konpromisoa tinkoa dela, justizian, egian, erreparazioan eta berriro ez gertatzeko bermeak helburu hartuta. Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia bide hau jorratzen ari da “Memoria Historikoaren arloko Lehentasunen Oinarri-Programa 2015-16” garatuz, iazko udazkenean onartu zena.

Asturiasko hobi hauetan topatu zituzten 2008an besteak beste, Kandido Saseta Euzko Gudarosteko kapitainaren gorpuzkiak. Aranzadi Zientzia Elkarteak hobitik atera eta Hondarribira eraman zituen, bere jaioterrira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)