Berriak Osasuna
Eu

Osasuna sustatu, adikzioak prebenitu eta eskaintza murriztea, Euskadiko Adikzioen Inguruko Lege berriaren ardatz nagusiak

2015.eko martxoak 16

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publiko eta Adikzioetako zuzendariak Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean gaur eskeinitako agerraldiak abian jartzen du  Legebiltzarrean eratu beharreko ponentzia sortzeko prozesua

Osasun Publiko eta Adikzioetako zuzendari Miren Dorronsororen agerraldiak eman dio hasiera Osasun Sailak bultzatu eta igazko abenduan Eusko Jaularitzak onartutako Adikzioen inguruko Lege-proiektuaren gainean Legebiltzarrean eratu beharreko ponentzia sortzeko prozesuari.

 Miren Dorronsorok berak azaldu duenez, osasuna sustatu, adikzioak prebenitu eta eskaintza murriztea dira egitasmo honen ardatz nagusiak. Helburua, berriz, pertsonen osasuna babestea da, eta bereziki adingabeena eta giza talde ahulenena. Hori guztia, araudia gaurkotuz, beti ere, errealitate sozial eta kontsumo jokabide berrietara egokitzeko asmotan.

Dorronsororen esanetan, Legeak ikuspegi berri batetik behatzen dio arazoari, aurrapauso handia emanez. Izan ere, «duela gutxira arte drogak beren ondorioekin (ordena publikoa, osasun arreta eta gizarte-zerbitzuak) loturiko ikuspegietatik eta arloetatik jorratu baitira; eta lege berriak, ordea, osasun publikoko gaitzat jotzen ditu, eta ondorioak ez ezik, kausak ere hartzen ditu kontuan, zeharkako eta dimentsio anitzeko ikuspegi batetik, eraginpeko edo loturiko arlo guztietatik (komunitatea, familia, hezkuntza, osasuna, gizartea, lana, justizia...), ikuspegi globalizatzaile, oso eta planifikatua baliatuta».

Legeak 97 artikulu ditu, honela banatuta: zazpi titulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen; azken horien artean, nabarmentzekoak dira araudi-garapenari eta indarrean sartzeari buruzkoak. Horien bitartez, honako esparru hauek arautuko dira:

OSASUNA SUSTATZEA ETA ADIKZIOAK PREBENITZEA

- Lehen aldiz hartuko da aintzat espezifikoki osasuna sustatzeari dagokion arloa. Adikzioen prebentzioari helduko zaio, batetik, eskaintzaren murrizketatik bereiziz, eta, bestetik, hainbat arlotan egituratuz: bereziki familia-, hezkuntza- eta komunitate-arloan, lan-arloarena ere sendotuz.  

ESKAINTZA MURRIZTEA

                                              ALKOHOLA

- Lehen aldiz debekatuko da adingabeek alkohola kontsumitzea.

- Kalean alkoholdun edariak saltzea edo ematea galerazita dago. Baita   berehalako kontsumora zuzendurikoak ez diren merkataritzako salguneetan saltzea ere, 22:00ak eta 7:00ak bitartean. 16 urtetik beherakoak alkohola zerbitzatzen duten leku publiko itxietan sartzea edota egotea bezala, salbu gurasoekin edo beste arduradunekin balira.  

                                                TABAKOA

Publikoaren eskura dauden lekuetan, oro har, edo erabilera kolektiboko lekuetan erretzea debekatzeari buruzko erreferentzia erantsi da, leku horien titulartasuna publikoa ala pribatua izan, hala, debekua elkarte gastronomikoetara ere zabaltzen dela argituz.

- Debekatu egingo da kirol-instalazioetan erretzea, itxitako, erdi-itxitako eta aire zabaleko eranskinetan barne.

                                   ZIGARRO ELEKTRONIKOAK

- Araudia betearazteari begira, zigarro elektronikoak erabat parekatuko dira tabakoarekin.

                         PORTAERAZKO ADIKZIOAK

- Legean aintzat hartzen diren lehen aldia da, eta hain zuzen, beren izaeragatik, kontzientziazio-eta sentsibilizazio-neurrietan zentratu da haiei heltzeko modua, hala, jokoaren eta teknologia digitalen eta haien aplikazio berrien –batez ere bideojokoak– erabilera arduratsua sustatzeko.

OSASUN LAGUNTZA ETA SOZIOSANITARIOA

- Nabarmendu egiten da administrazioen arteko koordinazioaren eta erakunde pribatuekiko lankidetzaren beharra. Berria da, bestalde, arreta soziosanitarioa gehitzea.  

GIZARTERATZEA

- Adikzioak dituzten pertsonen arretarekin eta gizarteratzearekin loturiko jardun-arloak eta -irizpideak azpimarratzen dira, betiere gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren barruan.

EZAGUTZAREN GARAPENA ETA KUDEAKETA

- Droga Mendekotasunen inguruko Euskal Behatokiaren rol nagusia.

- Gai horrekin loturiko programa publikoak eskuduntza duen erakundeak ebaluatzearen beharra.

- Arlo horretan lan garrantzitsua egin duten pertsonei, fisiko zein juridiko, sariak eta ohorezko aipamenak emateko aukera.

ERAKUNDE MAILAKO ANTOLAKETA

- Inplikatutako administrazio guztien konpetentziak aintzat hartzen dira.

- Osasun Planarekiko lotura.

- Eusko Jaurlaritzaren Sail Arteko Batzordea desagertuko da eta Adikzioei buruzko Erakunde Arteko Koordinazio Batzordea sortuko da, Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen parte-hartzearekin.

- Droga Mendekotasunen Aholku Kontseilua birformulatuko da eta Adikzioei buruzko Euskal Kontseilu izena jarriko zaio; horrez gain, ateak irekiko zaizkio inplikaturiko erakunde berrien parte-hartzeari eta ordezkaritza parekidea ezarriko da enpresa- eta sindikatu-elkarteen artean.

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

- Administrazio arau-hausteak ekartzen dituzten jokabideen sailkapen zehatza egingo da.

- Zehapenen katalogoa bat dator arau-hausteen erregimenaren betearazpenarekin, eta harekiko proportzionala da. Zehapenen zenbatekoak arau-haustearen egiazko larritasunaren arabera egokituko dira (600 eurora arteko isunak arau-hauste arinengatik; 10.000 eurora artekoak larriengatik, eta 600.000 eurorainokoak oso larriengatik), legea behar bezala betearazteko asmoz. Adingabeei jarritako isunen ordez komunitatearen mesederako lanak edo jarduerak egin ahalko dira, edo arau-haustea egin duen pertsonak adikzioekin loturiko prestakuntza/informazio ikastaro bat egin ahalko du.

 

ADIKZIOEN INGURUKO LEGE BERRIAREN DNA

 

  • Adikzioei hainbat diziplinetatik helduko zaie eta osotasunean jorratuko dira.
  • Osasun Publikoarekin loturiko ikuspegia. Hau da: Osasunerako Hezkuntza sustapen- eta prebentzio-ereduaren oinarri eta funtsezko estrategia gisa.
  • Nazioarteko erreferentzia zorrotzenetan eta berrienetan oinarrituta dago. Gaiarekin loturiko Europako eta beste autonomia-erkidego batzuetako legedia kontsultatu dugu. Horretaz gain, adituekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten duten erakundeekin hitz egin dugu (Eguia-Careaga Fundazioaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa –SIIS–, Drogamendetasunen Deusto Institutua eta Kriminologiaren Euskal Institutua –IVAC-KREI–).
  • Gizartearen parte-hartze zabala entzunaldiko eta informazio publikoko tramitean.
  • Legea euskaraz eta gaztelaniaz idatzi da, aldi berean; hau da, idazketa-prozesua elebiduna izan da hasiera-hasieratik.
  • Portaerazko adikzioak bildu dira, lehen aldiz.
  • Giza talde ahulenak aintzat hartu dira espezifikoki, eta arreta berezia eskaini zaie, batez ere adingabeei, baita gizarte-bazterkeriako egoeran daudenei ere.
  • Aintzat hartu da genero-ikuspegia, ikuspegi orokor eta horizontal gisa, ekitatea izanik bai bitartekoa, bai xedea. 

 

Lege-proiektuaren testu osoa:  http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog05/eu/contenidos/informacion/anteproyecto_ley_adicciones/eu_2238/index.shtml

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)