Rikardo Arregi Kazetaritza Sarira lanak aurkezteko epea zabalik da
- 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean euskaraz argitaratutako kazetaritza lanak aurkez daitezke.
- Maiatzaren 12a izango da lanak aurkezteko azken eguna
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Estibalitz Mujika, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotziak, XXVII Rikardo Arregi Kazetaritza Sarira lanak aurkezteko deia egin, eta beronen oinarriak aurkeztu dituzte gaur goizez Donostian, prentsaren aurrean burutu den ekitaldian. Andoaingo Udalak antolatzen du urtero Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin eta babesarekin. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da helburua. Gaur goizeko ekitaldian partaide izan da Beñat Zamalloa ere, iaz Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen kazetaria.
26 urteko ibilbidean, euskal kazetaritzaren erreferente tinko bihurtu da Rikardo Arregi Kazetaritza saria, eta egun euskarazko kazetari lanean sona handikoak diren hainbat sinadura ezagunek jasoa dute sari hau. Euskararen normalizazioak ezinbestean behar dituen kalitatezko kazetaritza lanak, garaian garaiko beharrizanetara egokituak saritzen ditu. Aurten ere, dagoeneko 27.aldiz, bi ataletan banatuko dira sariak.
XXVII Rikardo Arregi Kazetaritza saia: 9.000 euro
2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek daukate saria eskuratzeko aukera. Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako. Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat... horietarik edozer saritu ahal izango du epaimahaiak.
Atal honetan derrigorrez aurkeztu beharko dira lanak, nahiz eta epaimahaiak lan horien artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango duaukera proposamenak egiteko.
Kazetari Berria saria: 3.000 euro
Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2015ean, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan. Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea. Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2014ko maiatzaren 7tik 2015eko maiatzaren 6ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.
Kazetari Berria atalean ere saria eskuratzeko nahitaezkoa izango da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako sariaaurkeztutakoen artean erabakiko baituepaimahaiak.
Epaimahaiak, hala ere, aipaturiko bi sari horiez gain, egoki eta beharrezko iritziz gero, Epaimahaiaren Sari Berezia eman liezaioke aipamen hori merezi lukeen lanen bati.
Aurten ere epaimahaia kazetaritza arloko profesionalek osatuko dute. Allende Boutin, Idurre Eskisabel, Goio Arana eta Marijo Deogracias izango dira epaimahaikide. Mahaiburu berriz, Estibalitz Mujika Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia izango da. 2015eko ekainaren 27an emango da aditzera aurtengo sariei buruz epaimahaiak hartutako erabakia, Andoainen burutuko den ekitaldian.