Berriak Osasuna
Eu

Osasun Sailak eta ARAZOAK elkarteak hitzarmen bat sinatu dute Autismoaren Espektroko Nahasmenak (AEN) dituzten Arabako haurrei eta gazteei eskainitako arreta indartzeko

2015.eko martxoak 12

Elkarteak Araban gauzatzen duen lan bikaina nabarmendu du Osasuneko sailburuordeak, eta pozik agertu da Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean zen ituna, APNABI eta GAUTENA elkarteekin sinaturikoa, hurrenez hurren, Arabara zabaldu delako

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Arabako Autismoaren eta Garapenaren Bestelako Nahaste Orokortuen Elkarteak –ARAZOAK– hitzarmena gauzatu dute gaur Gasteizen, Autismoaren Espektroko Nahasmenduak (AEN) dituzten haurrei eta gazteei eskainitako laguntza-zerbitzuak indartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegrak  Arazoak elkarteko egoitza bisitatu du, hain zuzen ere, zerbitzua abian jarri den lehen egunean, bertoko presidente Iñigo Reciorekin batzartuz. Biok etorri dira bat hitzarmen honen garrantzia azpimarratzean, zeinaren helburu nagusia adierazitako nahasmenduak dituzten pertsonak errehabilitatu eta haiei anbulatorio erregimeneko eta terapia komunitateko laguntza eskaintzea baita, betiere diziplina anitzeko taldeen bitartez.

Itunaren bultzatzaileen hitzetan, osasun-sistema publikoaren baliabideak osatzea da xedea, bereziki, terapia komunitateko errehabilitazioari dagokionez.

Osasuneko sailburuordeak ARAZOAK elkarteak eginiko lana nabarmendu du. Irabazi-asmorik gabeko entitate pribatua 1982an jarri zen martxan eta erreferentzia bilakatu da AEN duten arabarren arretan. Bizkaian eta Gipuzkoan APNABI eta GAUTENA erakundeekin eginiko kontzertazioaren balio erantsia azpimarratu du Guillermo Viñegrak. Izan ere, haiei esker tratamendu-plan pertsonalizatuak eskain daitezke, diziplina anitzekoak, luzetarakoak eta espezializatuak, eta nahasmenduaren alderdi guztiak aintzat hartzen dituztenak: indibiduala, familiakoa, eskolakoa eta komunitatekoa. 

Bestalde, ARAZOAK elkarteko presidenteak ere hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, identifikazio eta diagnostiko goiztiarrean aurrera egiten lagunduko baitu, eta horrek, aldi berean, esku-hartze goiztiarra ahalbidetuko eta arlo kognitiboan, hizkeran eta eguneroko bizitzako trebetasunean emaitza positiboak izatea bultzatuko baitu. 

Zehazkiago, itundutako prestazioak (euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko direnak) honako hauek dira: ebaluazio-kontsultak, Arretarako Plan Indibidualizatua izango dutenak; jarraipen-kontsultak, eta psikoterapia-saioak, ez bakarrik banakakoak, baizik eta, berritasun gisa, familiakoak eta taldekoak.

Osakidetzaren Arabako Osasun Mentaleko Sareko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Unitatea izango da balizko patologia autista duten adingabeen hasierako balorazioa egiteko erreferentziazko zentroa. Horretaz gain, gailu espezializatu anbulatorio bat izango du eta sail arteko kontsultak jaso ahalko ditu, ospitale eta lehen mailako arretako edo arreta espezializatuko anbulatorio arloetatik, baita balorazio goiztiarreko unitatetik eta ingurune sozio-edukatibotik.

Gasteiz, 2015/03/12

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Recio, ARASOAK - Arabako Autismoaren eta Garapenaren Bestelako Nahaste Orokortuen elkartearen presidentea