Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Agirre Ihobeko zuzendariak: “Euskadiko industria gero eta ekoeraginkorragoa da”

2015.eko martxoak 11
  • Bartzelonan egiten ari den “III Fòrum sobre Medi Ambient i Món Local” foroan parte hartzen du

Javier Agirre Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoaren zuzendari nagusiak esan du, Bartzelonan egiten ari den “III Fòrum sobre Medi Ambient i Món Local” foroan, “euskal industria gero eta eraginkorragoa dela”; horrekin batera, Euskadiko ekonomia zirkularraren esperientziak aurkeztu ditu, “EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana” aurkezteaz batera.

“Gaur egun, euskal ekonomia intentsiboa da kanpotik datozen baliabideen aldetik; izan ere, baliabideen % 75 inportazioetatik dator. Hondakinen sorrera, berriz, guztira kontsumitzen diren lehengaien % 7ra iristen da, hau da, 4,2 milioi tona urtean. Produktibitateak, aldiz, hobera egin du hamar urtean: 1,5 euro sortzetik 2,9 euro sortzera pasatu da, erabiltzen den material bakoitzeko, eta horrek erakusten du gure industria gero eta eraginkorragoa dela”, esan du Javier Agirrek.

Ihobeko zuzendariak esan duenez, “EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan berriak aurreikusten du balorizazioa 10 puntuz igotzea, % 60raino iristeko, eta, horrez gain, lortzen diren material berrien balioa handitu nahi du, enpresa-ekimenak eta enplegu berria sortzeko.

Javier Agirreren esanetan, “oso garrantzitsua da prebentzioa lehenestea, zeren hondakinen kudeaketarik eraginkorrena hondakinik ez sortzea baita”. Orobat, azpimarratu du “ezinbestekoa dela hondakin industrialen birziklapena sustatzea, herritarrek sortzen dituzten hondakinak ahaztu gabe. Bada, helburu horretara daraman bidea da birziklatu edo balorizatu daitekeen guztia ez botatzea, hau da, material horien isurketa eragoztea. Horrenbestez, “erabili eta botatzearen” ekonomiatik “guztia aprobetxatzearen” ekonomiara pasatu behar gara, baliabideen zikloa itxiz”.

“Horrek funtzionatu dezan, administraziook material birziklatuen erosketa sustatu behar dugu merkatuan, zenbait tresna erabiliz, hala nola erosketa publiko berdea edo birziklapenetik datozen materialez ekoiztutako produktuen kalitatearen ziurtapena”, zehaztu du.

Ekonomia zirkularra naturan inspiratutako ikuspegi bat da, guztia prozesu zikliko batean aprobetxatzen duen eredu bat, hain zuzen ere. Horien printzipioak dira modu arduratsuan ekoiztea eta kontsumitzea, hondakin gutxiago sortzea, eta ez ezabatzea modu batean zein bestean berriz aprobetxa daitekeen ezer. Ekonomia zirkularrean, hondakinak ez dira hondakintzat hartzen; aitzitik, baliabide bihurtzen dira. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)