Berriak Osasuna
Eu

Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko lerro estrategikoak

2015.eko martxoak 10

IKERKETA ETA BERRIKUNTZA SANITARIOKO ZUZENDARIA BERE HOMOLOGO EUROPARREKIN BILDU DA BRUSELAN OSASUNEKO POLITIKAK ETA IKERKETA ETA BERRIKUNTZA SANITARIOKO LERRO ESTRATEGIKOAK PARTEKATZEKO

 Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari María Aguirrek hainbat bilera izan ditu gaur Europako Ikerketa eta Berrikuntzako (DG RESEARCH), Osasun eta Elikadura Segurtasuneko (DG SANTE) eta Komunikazio-sare, Eduki eta Teknologietako (DG CONNECT) Zuzendaritza Nagusietako goi-kargudunekin, Euskadiko osasuneko politikak eta ikerketa eta berrikuntza sanitarioko lerro estrategikoak ezagutarazteko.

 Osasun eta Elikadura-segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiarekin (DG SANTE) eginiko bileran, Osasuneko zuzendari nagusiaren aholkulari nagusi Isabel de la Mata buru zela, hainbat gai izan dituzte hizpide: politika guztietako osasunaren kontzeptuari buruzko ikuspegiak; osasun-sistemen etengabeko hobekuntzan berrikuntzak duen garrantzia; ikerketa osasun publikoan; e-osasunaren sustapena; eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zahartze aktibo eta osasungarriari buruz egindako galderak. 

  Ikerketa eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko (DG RESEARCH) ordezkariekin, aldiz, euskal Sailaren I+G+Bko estrategia aztertu dute. Hala, Euskadin espezializazio adimentsuko estrategiari (RIS3) loturiko osasuneko I+G+Bn sustatutako jarduerak azaldu dizkiote Octavi Quintana aholkulari nagusiari. Estrategia horren arabera, biozientziak-osasuna binomioa da hiru eremu lehenetsietako bat. Gainera, Euskadik BioBasque estrategiaren bidez azken hamar urteetan baino gehiagotan gauzatutako ahaleginak Europaren errekonozimendua jaso du.

 Bileren artean, Komunikazio-sare, Eduki eta Teknologietako Zuzendaritza Nagusiarekin (DG CONNECT) eginiko lan-otordua aipatu behar da. Horretan, berrikuntza-prozesua bizkortzeko, finantzaketa bultzatzeko eta, besteak beste, erosketa publiko berritzaileko mekanismoak sustatzeko jardueren diseinua prestatzeari ekin zaio, aplikazio sozio-sanitarioko baliabide berriak garatu ahal izateko.

 Bilera horiez gain, Bruselan Summit for Innovation on Active and Healthy Aging goi-bilera egiten ari dira. Bertan ari da parte hartzen Euskadi, Reference Site –zahartze aktibo eta osasungarriari berrikuntzaren bidez aurre egiteko gauzatutako jarduera integralei esker jasotako errekonozimendua– denez. Egun gauzatzen ari den proiektuetako batzuk azaldu ditu, Osasun Batzordea eta Osasun Karpeta, tartean.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2015eko martxoaren 9an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)