Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Txostena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020, onartzeko dena. (2015-03-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 10

LABURPENA

OREGI: EUSKADIK 3,5 MILIOI TONA HONDAKIN BERRESKURATUKO DITU EKONOMIAN BERRIZ SARTZEKO ETA MILIOI ERDI TONA HONDAKIN GUTXIAGO ISURIKO DU HONDAKINEN PLANARI ESKER

Prebentzioa eta ekonomia zirkularra dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Planaren ardatzak

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan berriari oniritzia eman dio gaur. Ana Oregi sailburuak honakoa esan du hari buruz: Ekonomia zirkularraren kontzeptuan oinarritzen den asmo handiko kudeaketa-tresna da eta, hura aplikatuta, 3,5 milioi tona hondakin sartu ahal izango dira berriz ere prozesu produktiboan, milioi erdi tona hondakin ekoizteari utziko zaio 2020rako eta nabarmen murriztuko da zabortegietako eliminazioa.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plan berriak bost helburu estrategiko ezartzen ditu; helburu horiek 140 jarduketa zehatzetan zabaltzen dira, eta, aldi berean, hondakin-korronte bakoitzarentzat adierazle espezifikoak definitzen ditu. Aurreko guztia gauzatzeko 6,5 milioi euroko aurrekontua bideratu du Jaurlaritzak.

Helburuetako lehena prebentzioa da. Ez dago hondakin baten kudeaketa efizienteagorik hondakin horren sorkuntza prebenitzea baino, esan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. Gaur egun, urtean 5 milioi tona hondakin sortzen dira Euskadin. Hondakin horien % 80 eraikuntza eta industria sektoreetatik datoz. Planak % 10 murriztea aurreikusten du 2020rako; horrek esan nahi du milioi erdi tona hondakin gutxiago sortuko dela. Zifra txikia irudituko zaigu, agian -esan du Oregi sailburuak-, baina plan hori gabe eta hondakinak sortzeko dugun erritmoarekin, 2020an hondakinen milioi erdiz tona hitz egin beharrean bikoitzaz ariko ginateke.

Planak, bestalde, hondakinen gaikako bilketa eta banaketa % 75era arte areagotzeko helburuak ezarri ditu, baita hondakinak % 60ra arte berrerabiltzeko, birziklatzeko eta balorizatzeko prestakuntza areagotzekoak ere. Ana Oregiren arabera, hondakin industrialen birziklapena sustatzen jarraitu behar dugu, baina herritarrek sortzen duten hondakinez ahaztu gabe, izan ere hondakinen % 20 dira, eta ez da gutxi. Horretarako iristeko bidea birziklatu edo balioztatu daitekeen guztiaren isuria saihestea da.

Planak apustu sendoa egin du hondakinak zabortegietan deuseztatzeko joera ahal bezain beste murriztearen alde eta dauden zabortegien inpaktua gutxitzearen alde. Horretarako, zaintza handituko da eta debekatu egingo da aprobetxa daitezkeen hondakinak isurtzea; horrez gain, balioztatu ezin diren hondakinentzat isuri-arau bat aztertzea ere pentsatu da.

Hondakinak zabortegietan uztea ezin da izan aukerarik abantailatsuena, adierazi du Oregik. Beharrezkoa da hondakin zehatz batzuk balioztatzeko beste aukera batzuen bilaketa sustatzea eta birziklapen-industria aurreratu baten ezarpenean aurreratzea, gaineratu du. Jaurlaritzaren estimazioen arabera, Euskadiko hondakindegietara eramaten diren materialen balioa 47 milioi eurokoa da; kopuru hori urtean 1.500 enplegu ertainen kostuaren parekoa da. Aurreikuspenek adierazten dute, bestetik, birziklapenaren sektorea hondakinetatik eratorritako kalitatezko produktuen merkatu berri bat irekitzen ari dela dagoeneko eta 1.200 enplegu berri sor ditzakeela hurrengo urteetan.

Ekonomia zirkularra
Ekonomia zirkularraren kontzeptua erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan berriaren oinarrian dago eta Europako politikekin bat egiten du. Horri guztiari esker Euskadik efizientzia-programa bete ahal izango du, 2020rako Europa Estrategiaren arabera ezarritako baliabideen erabileran. Zehazki, Hondakinen Plana oso garai berezian sortu da; izan ere, nazioartean eztabaida bizia dago etorkizuneko ekonomia-ereduari buruz, bai eta prozesu produktiboak eta kontsumo-ereduak berrikusteko beharrari buruz ere, kontuan izanik indarrean den sistema ekonomikoaren ezaugarria bere zikloan material baliotsuak galtzea dela.

Aldaketa bat beharrezkoa da eta hondakinen plan berriak aukera paregabea ematen digu 2020. urtean, hondakinen prebentzioan eta kudeaketan puntako herrialdea izateko. Horretarako, egungo kudeaketa esparrua zuzendu behar da, ekonomiaren eredu berri baterantz jotzeko bide bat proposatu behar da eta hondakinei buruzko pentsaera aldatzeko helburua eduki behar da, hau da, hondakinak baliabide direla pentsatu behar da, baieztatu du Ingurumeneko sailburuak.

Ekonomia zirkularra naturan inspiratzen den ikuspegi bat da, hau da, prozesu zikliko batean guztia aprobetxatzen duen eredua. Printzipio hauek ditu: modu arduratsuan ekoiztea eta kontsumitzea, hondakin gutxiago sortzea eta berriz nolabait aprobetxa daitekeen ezer ez botatzea. Ekonomia zirkularrean, hondakinak ez dira hondakintzat jotzen eta baliabide bihurtzen dira.

Neurri lagungarriak
Planaren azken helburua agente guztiak eta herritarrak aldaketa honetan inplikatzea da eta, horretarako, neurri lagungarri batzuk ere badaude. Zehazki, 3 milioi euro bideratuko dira demostrazio, diru-laguntza eta bizitza-amaierako irizpide-onarpeneko proiektuetarako. Eusko Jaurlaritzak Teknologia Garbien Euskal Zerrendan dauden ekipamenduak erosteagatik kenkari fiskalak egiten jarraituko du eta prozesu produktiboetan hondakinak gutxituko dituzten proiektuak eta teknologia berriak lagunduko ditu.

Bestetik, hondakinentzako erabilera berriak baimentzeko neurri arauemaileak martxan jarriko ditu, baita prestakuntzako jardunaldi teknikoak eta kontsumitzailearentzako sentsibilizazio-kanpainak ere.

Horri guztiari hondakinen kudeaketan inplikatuta dauden agenteekin eta administrazioekin koordinazio-neurriak erantsi behar zaizkio. Ildo horretatik, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planak badu berritasun bat: lehenengo aldiz, ikuspegi integrala du. Izan ere, plan bakar batean bildu ditu orain arte hondakinen tipologia desberdinak (hondakin arriskutsuak, hondakin ez arriskutsuak eta hiri-hondakinak) bereizita tratatu dituzten indarreko hiru dokumentuak. Horrez gain, lurralde osoari buruzko ikuspegi bat ere badu, 2016an hiru Lurralde Historikoetako hiri-hondakinei buruzko planak berritzeko oinarri gisa balioko baitu. Plan horiek Foru Aldundien eskumenak dira.

Planak planteatzen dituen erronkak ez dira zailak, lortzeko modukoak baizik. Efizienteagoak eta jasangarriagoak diren prozesu produktiboetarantz eboluziona daiteke, produktua sortzen den unetik hasi, ekodiseinuaren bidez, eta gaur egun alferrik galtzen diren hondakinetako edukien baliabide material eta energetiko guztiak berreskuratzen diren arte, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau