Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak Ertzaintzaren promozio berriaren deialdia egin du, 250 lanpostu eskainiz. (2015-03-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 10

LABURPENA

Interesdunek izena eman ahalko dute martxoaren 18tik apirilaren 23ko goizeko 11ak bitartean

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Ertzaintzaren XXV. promozioa osatuko duten 250 ertzain hautatu, prestatu eta enplegatzeko deialdi berria iragarri du gaurko gobernu-kontseiluan. Egin zaitez ertzain, zure etorkizuna da lelotzat hartuta, Segurtasun Sailak Segurtasuneko Batzordean adostutako 8.000 poliziako taldeari eutsi, eta, era berean, Ertzaintzaren adin-piramidea modu ordenatuan eta mailakatuan berritzen jarraitu nahi du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenaren ebazpena, martxoaren 6koa, Ertzaintzan sartzeko hauta-probak deitzen dituena, datorren asteartean, hilak 17, argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hautapen-prozesua oposizio bidez egingo da, eta horren osagarri izango da prestakuntza-ikastaro bat eta C taldeko C-2 titulazio-azpitaldeari eta 1. hizkuntza-eskakizunari dagozkion Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente plazak betetzeko praktikaldi bat.

Esan bezala, guztira, 250 plaza deituko dira, eta horiek guztiek Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna izango dute. Gainera, erdiak indarreko derrigortasun-data dute.

Eskatutako betekizunak betetzen dituzten pertsonak aurkeztu ahal izango dira deialdira. Hona hemen horietako batzuk: Espainiako nazionalitatea izatea, adinez nagusia izatea eta 35 urte beteta ez izatea, gizonen kasuan 1,65 metro neurtzea gutxienez eta emakumeen kasuan 1,60 metro, bigarren hezkuntzako graduatu-titulua, eskola-graduatua edo lehen mailako lanbide-heziketako graduatu-titulua edo baliokidea izatea, edo gorakoko mailako tituluren bat, mediku-esklusioen koadroan ez egotea eta dolozko delituren batengatik edo besteren batengatik kondenatuta ez egotea.

Hautapen-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak zein betekizunak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean (www.arkauteakademia.net) eskuratu ahal izango dira. Horretan, oposizioko ariketak zer hizkuntzatan (euskara edo gaztelania) egin nahi diren adierazi behar da.

Gainera, doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara, horren gaineko informazio guztia lortzeko.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunean irekiko da, hau da, martxoaren 18an, eta apirilaren 23ko 11:00etan amaitu.

Oposizio-sistema

Hautapen-sistema oposizio bidezkoa izango da, eta ezagutzak neurtzeko proba, proba psikoteknikoak, gaitasun fisikoak neurtzeko proba eta elkarrizketa pertsonala izango ditu.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte ez dira hasiko probak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozer hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

Euskararen ezagutza gehienez ere 55 punturekin baloratuko da, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Komunaren B-2 maila edo gorakokoa egiaztatuta duten pertsonentzat, eta 20 punturekin B-1 maila dutenentzat.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo batzuk egingo d(ir)a. Titulazio baliokidea dutenei puntuak emango zaizkie, aurretik aipatutako proba(k) egin beharrik izan gabe.

Oposizioaren puntuazio totala izango da hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura, gehi, hala egokituz gero, euskararen ezagutza meritu gisa ebaluatzeko prozesutik eratorritakoa. Puntuazio totalaren arabera lehenetsiko dira izangaiak.

Trebakuntza-ikastaroa eta praktikaldia

Sarrera-probak gaindituta, onartutako gizon-emakumeek prestakuntza-ikastaroa hasiko dute. Hori gaindituta, praktikaldia egingo dute beren jarduera-esparruaren arabera egoki diren zentroetan edo egoitzatan, prestakuntza integrala bermatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua zehatz ezagutzeko.

Berritasunak

Ertzaintzaren lanpostu-deialdi honetan, nabarmentzekoa da oposizioa gainditu baina lanposturik lortu ez dutenek aukera izango dutela bitarteko udaltzainen zerrendan izena emateko, hala eskatuz gero. Prestakuntza-ikastaroa amaitzean, aipatutako lan-poltsa horretan sartuko dira eta urte-sasoiko lanpostu hutsak bete ahalko dituzte euskal udalerrietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau