Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak ehunka ekarpen egin dizkio Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuari gizartearen eta sindikatuen adostasuna laguntzeko. (2015-03-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 10

LABURPENA

Euskadin herri-administrazioetan lan egiten duten 3.120 erakunde, entitate, sindikatu eta pertsonak aurkeztu dituzte alegazioak; ohikoa baino handiagoa da kopuru hori, eta negoziazio-prozesuaren inplikazioaren eta intentsitatearen berri ematen du horrek.

Testu berriak hainbat berritasun ditu, besteak beste: enplegua sendotzeko LEPak bitarteko langileentzat deitzeko aukera edo Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzea (erakundeen eta sindikatuen ordezkariak barne hartzen ditu horrek).

Horrez gain, negoziatzeko borondatearen froga garbi modura eta ahalik eta adostasun handiena sustatzeko, lanaldia edo lansaria murriztea dakarten enplegu publikoaren antolamendu-planak egiteko salbuespenezko aukera kentzea erabaki du Jaurlaritzak, baita aurrekontu- edo ekonomia-egoera oso larria denean ere.

Goizeko 11:30etik egiten ari dira Lakuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren bilera agiri berria sindikatu guztiekin negoziatzeko. Ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute sindikatuek, halaber.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuaren testu berria aurkeztuko die gaur sindikatuei. Testu hori jendaurrean jartzeko fasean aurkeztutako 1.241 alegazioak aztertu ondoren egin da. Alegazio kopuru handi horrek negoziazio-prozesuaren intentsitatea erakusten du eta, batez ere, pertsona, gizarte-eragile eta erakunde-eragile ugariren inplikazioa.

Zehazki, Euskadiko herri-administrazioentzat lan egiten duten 3.120 erakunde, sindikatu eta pertsonak aurkeztu dizkiote alegazioak aurreproiektuari; horrenbestez, Jaurlaritzak horiek aztertu, sailkatu eta txertatzeko ahalegin handia egin du gaur testu berria aurkeztu ahal izateko.

BERRITASUNA ALEGAZIO FASEAREN OSTEAN

Jasotako ekarpenei esker hainbat berritasun erantsi dira, eta horietatik bitarteko langileentzat enplegua kontsolidatzeko LEPak egiteko aukera nabarmentzen da, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aukera horren bitartez kolektibo jakin batzuen bitartekotasuna murriztu nahi du herri-administrazioetan jada lan egiten duten profesionalentzat hautaketa-prozesuak eginez; horri esker administrazioen beraien barruan emandako lan- eta prestakuntza-urteetan lortutako jakintza gehitu ahal izango litzateke, halaber.

Bigarrenik, Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak; kide anitzeko organo horretan, orobat, euskal erakundeen hiru mailek, sindikatu guztiek eta EHUk parte hartuko lukete enplegu publikoaren arloko politikak eta jarduerak aztertzeko.

Erantsitako beste proposamen bat, halaber, talde eta azpitalde batzuen sarbidea malgutzeko sindikatuek egindako aldarrikapenarekin dago lotuta; horrenbestez, legea onartzen denetik aurrera, Administrazio Orokorraren funtzionarioen lan-baldintzetan hobekuntzak egon ahal izango dira. Hala, adibidez, Administrazio Orokorrean B sailkapen-taldea handituko da goi-mailako titulu teknikoa duten pertsonak gehituz; horri esker, gaur egun C1 sailkapen-taldean daudenek aukera izango dute lanbide-kategoriaz igotzeko.

Era berean, eta negoziatzeko borondate argiaren erakusle, Jaurlaritzak ezabatu egin du ekonomia- eta aurrekontu-egoera izugarri larri hipotetikoei egindako erreferentzia (4 paragrafoa, 151. artikulua); horrelakoetan herri-administrazioek, salbuespen gisa, enplegu publikoa antolatzeko planak aurkez zitzaketen, eta horien barruan lanaldiaren edo soldataren murrizketak aurreikusi. Jaurlaritzaren iritziz, erreferentzia hori ezabatzen bada negoziazio kolektiboaren mesedetan, etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak gizarte-eragileen aldetik ere izango du behar den adostasuna.

BESTE EDUKI BATZUK

Horrez gain, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Aurreproiektuak lehen aldikoz zabaldu die langile publiko guztiei (lan-itunpekoei zein funtzionarioei) karrera profesionala egiteko aukera, hartara beren jardun profesionalak hala merezi izanez gero, aintzatespen profesionala jaso ahal izan dezaten. Lanbide-garapeneko graduen sistemak ezarriko dira lansari-baldintzak igotzeko eta hobetzeko, lanpostua aldatzeko beharrik gabe.

Baina, gainera, testuak Lanbide Publikoko Zuzendaritza ere sortzen du, administrazioetan lan egiten dutenek, prozedura publiko baten bidez eta merezimenduak eta gaitasunak baloratuz, zuzendaritza-mailako postuak bete ahal izan ditzaten.

110.000 LANGILE

Etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legeak euskal administrazio publikoen zerbitzura lan egiten duten 110.000 pertsonei eragiten die; horregatik, hiru erakunde-mailen baterako lanaren ondorioa da testua: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, EUDEL eta EHU, hasierako idazketan zein egiten ari diren aldaketetan parte hartu baitute.

Onetsitakoan, esparru hauetako langileei eragingo die legeak:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileei, haren Administrazio Instituzionala zein berezko izaera juridikoa duten haren mendeko erakundeak barne.
Lurralde Historikoetako Foru Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
Toki Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
Euskal Herriko Unibertsitateko langileak, Administrazio eta Zerbitzuetakoak bakarrik.
Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko langileak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, Lan Harremanen Kontseilukoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak, Datuak Babesteko Euskal Bulegokoak eta Kontratuen Inguruko Errekurtsuen gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Organokoak. Halaber, aipatutako Administrazioen mendeko parte-hartzeko, kontsultako, aholkuko nahiz kontroleko beste organo orotakoak, jarduteko unean horien sortze-legeek independentzia aitortu badiete.

MAHAI OROKORRA

Goizeko 11:30etik egiten ari dira Lakuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Mahai Orokorraren bilera agiri berria euskal administrazio publikoan dauden sindikatu guztiekin negoziatzeko. Negoziatzen ari diren alderdien ustez aldaketa gehiago egin behar izanez gero, ekarpenak negoziatzeko beste epe bat irekiko du Jaurlaritzak eta aste santua baino lehenago deituko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren beste mahai orokor bat.

Sindikatuekin negoziazio-bidea amaituta, txostenen fasean sartuko da testua (Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, Lan Harremanen Kontseilua, Aholku Batzorde Juridikoa eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoa), eta txosten horiek lortutakoan, Gobernu Kontseiluak eztabaidatzeko eta onartzeko aurkeztuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau