Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak ehunka ekarpen jaso ditu euskal enplegu publikoaren lege aurreproiektuan, gizartearen eta sindikatuen adostasuna lortzeko

2015.eko martxoak 10

Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztuko die Euskal Enplegu Publikoaren Lege-aurreproiektu berria sindikatuei, jendaurreko fasean jasotako 1.241 alegazioak aztertu ondotik. «Asko dira», esan du Josu Erkoreka sailburuak. Bistan da negoziazio-prozesua gogorra izan dela eta, nagusiki, herritar, eragile sozial eta erakunde asko inplikatu direla: 3.120, guztira.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak ohiko prentsaurrekoan azaldu duenez, testu berriak hainbat berritasun ditu, bitarteko langileei zuzendutako enplegua sendotzeko EEPak deitzeko aukera edo erakundeak eta sindikatuak ordezkatuta egongo diren Euskal Enplegu Publikoaren Behatokia sortzea, kasu.  Aurreproiektua ahalik eta adostasun handienaren fruitu izan dadin, lanaldia edo lansaria murriztea dakarten enplegu publikoaren antolamendu-planak egiteko salbuespenezko aukera kentzea erabaki du Jaurlaritzak, baita aurrekontu- edo ekonomia-egoera oso larria denean ere.

HONDAKINAK PREBENITZEKO ETA KUDEATZEKO PLANA 

Bestalde, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi prentsa-aurrekoan agertu da gobernu-kontseiluak gaur onartutako EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 arteko Plan berria azaldu asmoz. Oregiren arabera, asmo handiko plana da, 2020rako milioi erdi tona hondakin gutxiago sortzea baitu xede, 3,5 milioi tona hondakin ekonomiara birbideratuz eta birziklatze-jardueretan 1.200 lanpostu sortuz. 

Horretarako, planak 6,5 milioi euroko aurrekontua izango du eta hainbat helburu estrategiko ezarriko ditu: 2020ko hondakin-kopurua 2010ekoa baino % 10 txikiagoa izatea; gaikako bilketa eta bereizketa gutxienez % 75 areagotzea 2020rako; eta hondakinen % 60 berrerabiltzeko prestakuntza handitzea. 

ERTZAINTZAREN PROMOZIO BERRIA 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak ere prentsaurrekoan hitz egin du, Ertzaintzaren XXV. promozioa osatuko duten 250 ertzain hautatzeko, prestatzeko eta enplegatzeko deialdi berria iragartzeko. «Egin zaitez ertzain, zure etorkizuna da» lelotzat hartuta, sailburuak adierazi duenez, Segurtasuneko Batzordean adostutako «8.000 poliziako taldeari eutsi nahi zaio, segurtasuna bermatzeko», eta, era berean, Ertzaintzaren adin-piramidea modu ordenatuan eta mailakatuan berritzen jarraitu nahi da.

Deialdia datorren martxoaren 17an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Biharamunean, hilak 18, eskabideak aurkezteko epea irekiko da, apirilaren 23ko goizeko 11ak arte.  Beltrán de Herediak argitu duenez, izena emateko informazio hori guztia webgunean dago: www.arkauteakademia.net.

Kazetariek ertzainen kolektiboaren protestak izan dituzte galdegai. Estefanía Beltrán de Herediak baieztatu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela negoziatzeko, hori baita, bere esanetan, ados jartzeko bide bakarra. «Erabateko errespetua» azaldu du sailburuak, gaur Bilbon manifestazioan ibili diren ertzainen gainean, bere esanetan aldarrikapenak egiteko bide bat baita. «Ez, ordea, bakarra», gaineratu du. Hala bada, Segurtasuneko sailburuak azaldu du hirutan deitu duela Negoziazio Mahaia eta sindikaturik batere ez dela bertaratu. Beltrán de Herediak aurreratu duenez, aste honetan berriz ere deituko du. 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.03.10)

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2015.eko martxoak 10

    Como fisioterapeuta, la pretensión de incluirnos en el llamado Subgrupo A2 no se ajusta a la realidad social, académica y profesional del colectivo. Resulta ofensivo seguir anclados en una Normativa de 1974. ¡Todo cambia para que nada cambie!.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)