Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzaren arabera, 1.260 kilometro inguruko auto-ilarak saihestu dira A-8an

2015-03-09
Martxan jarri osteko laugarren urtean, erreskate-garabien zerbitzuak euskal errepideetako 480 gorabehera ingururi eman zien asistentzia
 
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren A-8 autobideko ibilgailuak premiaz erretiratzeko garabi arinen asistentzia-zerbitzuak 478 gorabeheratan esku hartu zuen iaz. Horietatik 196 istripuek eragindakoak izan ziren, eta beste 282 matxuren ondoriozkoak. Garabiek esku hartu zuten kasu guztietatik 210 kasutan gidariek ezin izan zuten ibilgailua bazterbidera erretiratu. Tankera honetako istripu batek sei kilometro luzeko auto-ilarak sortzen ditu batez beste; hori dela, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak sustatutako zerbitzuak 1.260 kilometroko auto-ilarak saihestea lortu du.
 
«Zuzendaritzaren helburu nagusietako bat trafikoa kudeatzea da, eta horrelako neurriek zirkulazioa, kasu honetan A-8koa, arintzen laguntzen dute. Gainera, kontuan hartu behar dira errepide horretan izaten dituen ibilgailu-kopuru handiko tarteak. Atera kontuak, egunean, batez beste, 68.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide horretan», adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok.

Zerbitzua 2011n martxan jarri zenetik, 1.919 esku-hartze egin dituzte garabiek. Lehen urtean, matxuren ondoriozko esku-hartzeak % 50 izan ziren. Bigarren urtean, berriz, gora egin zuen esku-hartze kopuruak, % 59ra. Ehuneko hori errepikatu da azken bi urteetan.

Garabiak, gehienez lau, A-8 errepidean kokatzen dira, 110 (Basauri) eta 139 (Kantabriarekiko muga) kilometro-puntuen artean, A-8ren aipatutako tartean zein haren sarbideetan, bi noranzkoetan, istripurik duten automobilak erreskatatzeko. Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta, aldez aurretik erabakitzen ditu garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, bi noranzkoetan bide-tarte handiak barnean hartzen dituztenak.

Erreskate-garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik esku hartzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua eman behar duen gune zehatzera iristen den arte, batez beste, 13 minutu igarotzen dira.

Zerbitzuaren ohiko ordutegia 7:30etik 9:30era, goizez, eta 17:30etik 19:00etara, arratsaldez, izaten da, astelehenetik ostiralera; edonola ere, ordutegi hori malgua da eta istripua izateko estatistikoki aukera handiagoak daudenean aldatu egiten da. Istripua izandako ibilgailuak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren instalazioetara eramaten dituzte, eta, ondoren, ibilgailuaren asistentzia partikularreko garabia joaten da bila.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan