Berriak
Eu

ETAk mehatxatutako pertsonek bizi izandako injustiziari buruzko bi azterlan eskatu ditu Eusko Jaurlaritzak

2015.eko martxoak 09

Haietako bat orokorra izango da, eta bigarrenak, berriz, ETAren mehatxuak ertzainen eta haien familien bizitzan, askatasunean eta eskubideetan zer inpaktu izan zuen jorratuko du.

Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bi txosten eskatu ditu ETAk mehatxatutako pertsonek bizi izandako injustiziari buruz. Azterlan horietan lehendabizikoa orokorra izango da, eta ETAk mehatxatuta bizi izandako pertsonen errealitatea aztertuko du. Bigarrena, berriz, zehatzagoa izango da, eta ertzainek eta beren sendiek bizitzan, askatasunean eta eskubideetan zer inpaktu izan zuten jorratuko du.

Bi azterlanok Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Pedro Arrupe Erakundeari eskatu dizkio Jaurlaritzak. Lehendabizikoa Zaiturekin batera prestatuko dute; hau da, ETAk mehatxatutako pertsonen elkartearekin. Bigarrena, berriz, Aserfaviterekin batera; hots, terrorismoaren biktima izan diren ertzainen eta haien senitartekoen elkartearekin. Bigarren azterlan horretarako, gainera, Segurtasun Sailarekin ere jardungo dute elkarlanean. Bi azterlanok 2015aren amaieran bukatuko dira, aurreikusten denez.

Eskaeraren justifikazioa

2013-16 aldirako Bake eta Bizikidetza Plana 2013ko azaroan onartu zuten. Iragana argitzea da Bake eta Bizikidetza Planaren hiru konpromiso handietan lehena. Eusko Jaurlaritzaren ustez, ez dago etorkizuna eraikitzerik iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Indarkeria eta giza eskubideen urraketak argitu behar dira egia, justizia eta ordaineko printzipioak gauzatu ahal izateko.

Plan honen lehendabiziko ekimenak iragana argitzea du helburu. Ekimen horren barruan garatu beharreko jardueren artean, 1960 eta 2013 artean gertatutako Giza Eskubideen Urraketen Egiaztapen Txostena egin zen 2013ko ekainean. Txosten hura Manuela Carmenak, Jon Mirena Landak, Ramon Mugicak eta Juan Maria Uriartek idatzi zuten, eta adierazten zuen mehatxatutako eta bizkartzainak behar zituzten pertsona kopuru handia eta zehaztugabea izan zela; era berean, txostenak nabarmendu zuen datu gutxi zegoela eta iraganean giza eskubideen urraketa izandako errealitateak bistaratu beharra zegoela.

Bake eta Bizikidetza Planak eta planeko ekimenek zehaztutako konpromisoen eta gomendioen barruan ulertu behar da bi txostenok eskatu izana. Justifikazioa, beraz, argi dago: bizikidetzaren normalizazioa sustatzea, iragana argituta, giza eskubideen urraketa guztiak aitortuta eta eragindako sufrimendu bidegabe guztiak bistaratuta.

Bi azterlanen helburua

Lan hau prestatuta, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak honako helburu hauek lortu nahi ditu:

·ETAk mehatxatutako pertsonei eragindako sufrimendu bidegabearen deskripzio kuantitatibo eta kualitatiboa egitea;

·Mehatxu bidez urratutako giza eskubideen ondorioak ateratzea, baita biktima horiek errekonozitzeko eta adiskidetzekoak ere.

 

Eskatutako azterlanen ezaugarriak

Eskariak honako ezaugarriak ditu, betiere bi azterlanen edukien nondik norakoa zehazteari begira.

·Azterlana definitzeko lehendabiziko faktorea denbora-tartea da; hau da, 1990 eta 2011 bitartea. 1990etik aurrera, ETAren estrategiak jarduera-sektore ugaritara orokortu zuen jazarpena. Horrez gain, sufrimendua sozializatzeko ideia kontzeptualizatzen du.

·Alor orokorreko azterlanari dagokionez, edukia mugatzen duen bigarren ezaugarria hauxe da: mehatxua eta pertsona bati zaintza-sistema ezartzeko beharra zehazten duen polizia-analisia. Hartara, azterlan orokorrak ETAren mehatxua bizi izandako bizkartzaindun pertsonak landuko ditu.

·Mehatxuak Ertzaintzaren kasuan izandako inpaktuari buruzko txosten espezifikoari dagokionez, azterlanak bi ikuspegi hartuko ditu kontuan: batetik, Ertzaintzak, kolektibo gisa hartuta, bizi izandako mehatxu difusoa, eta, bestetik, mehatxu- eta jazarpen-kasu esplizituak.

Bi azterlanen egitura

Bi azterlanok prestatuta lortu nahi den emaitzak egitura partekatua izango du, eta hiru eduki mota izango dituzte:

·Alde kuantitatiboa. 1990etik ETAren mehatxuak izan zituzten pertsona kopuruari buruzko balantze kuantitatiboa egitea, eta haien sailkapena xehatzea jarduera-sektorearen arabera.

·Alde kualitatiboa. Mehatxatutako bizimoduak eta bizkartzainak izateak norberaren eta sendiaren eskubideetan eta askatasunean eragiten duen inpaktua deskribatzea. Azterlan honek hainbat kasu enblematiko bilduko ditu. Biktimen bizitzan izandako giza kostuaren berri izatea, alegia.

·Ondorioak eta gomendioak. Ondorioak gure iraganaren zati hau argitzera bideratuta egongo dira, betiere mehatxuak ekarritako giza eskubideen urraketaren ikuspuntua aintzat hartuta. Gomendioek, berriz, ETAren mehatxuaren biktimek izandako sufrimendu bidegabea konpontzeko iradokizunak jasoko dituzte, besterik ezean konpontze morala behintzat lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)