Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko gazteak etorkizunarekiko baikor ageri dira

2015.eko martxoak 09

Aurrera Begira. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak
ikerketaren bigarren edizioa aurkeztu du Gazteen Euskal Behatokiak

  • Euskadiko gazteek orainaren balorazio positiboa egiten dute, eta etorkizunarekiko konfiantza handitu egin da
  • Enpleguarekiko aurreikuspenak hobetu dira, baina ez emantzipazioari buruzkoak

Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak Aurrera Begira 2014. Gazteen Aurreikuspenei buruzko Adierazleak ikerketaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizez Bilbon. Gazteen Euskal Behatokiak eginiko lan honen helburu nagusia da, Euskadiko gazteek oraina nola antzematen duten jakitea, eta epe laburrean, euren etorkizunerako aurreikuspenak zeintzuk diren ezagutzea. Horretarako, hamar adierazleren bidez, gazteen aurreikuspenak aztertu dira, enplegua edo emantzipazioa bezalako funtsezko gaietan azpimarra eginez, eta etorkizunarekiko konfiantza indizea sortu. Bigarren edizio honetan, gainera, aurreikuspenak azken urtean izandako bilakaera aztertzen da, emaitza berriak 2013ko Aurrera Begira azterketarekin konparatuta.

Aurrera Begira 2014ren ondorio nagusiak, hauek dira: Egungo egoerari buruzko iritzia positiboa da eta gazteak pozik daude euren egoera pertsonalarekin, 2013an bezala. Osasuna eta familia dira gazteen ustez garrantzirik handiena duten bizitzako arloak, bai eta poztasun handiena eragiten dutenak ere.vEpe laburrean enpleguarekiko aurreikuspenak lehen baino positiboxeagoak dira, bai lana aurkitzeko, ikasitakoarekin lotuta egoteko, zein daukaten lana ez galtzeko. Bestalde, emantzipazioari erreparatzen badiogu, 2013an bezain zaila hautematen da gogoko emantzipazio-proiektuak aurrera eramatea. Edonola ere, gazteek aurreko urtean baino konfiantza handiagoa dute etorkizunean bai eta gazteen gaitasunetan ere egungo egoerari aurre egiteko.

Ikerketa honen landa lana 2014ko azaroaren 12tik 24ra bitartean burutu zen, lehen ikerketa baino urtebete geroago, eta 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazteren erantzunak jaso ziren betan, telefono bidezko inkestan. Aurrera Begira 2014 ikerketaren adierazleak, eta beraien emaitzak, honako hauek dira:

Lehen adierazlea. Egungo egoeraren balorazio indizea: 62 puntu 100etik

Adierazle honen xedea egungo egoera oro har nola ikusten den aztertzea da. Horretarako, hiru errealitate desberdin —norberaren egoera, gazteen egoera eta Euskadiren egoera— baloratzeko eskatu, eta emandako erantzunak konbinatu dira.

Gazteek 0tik 100era 62 puntu ematen dizkiote egungo egoerari. 2013an jasotako iritzia (60 puntu) baino zertxobait baikorragoa da. Igoera txiki honen arrazoia hauxe da: Euskadiko egoera orokorra zein gazteria osoaren egoera hobeto baloratzen dituztela. Nola nahi ere, norberaren egoera Euskadiko egoera baino hobeto baloratzen dute, eta azken hau, era berean, gazteria osoarena baino hobeto.

2. adierazlea. Norberaren poztasun indizea: 78 puntu 100etik

Norberaren poztasun-indizea bizitzaren 10 faktore hauekiko poztasun-mailaren baloraziotik abiatuta eraiki da: lana, prestakuntza, etxebizitza, familia, astialdia, adiskideak, harreman sentimental edota sexualak, osasuna, diru-eskuragarritasuna eta independentzia pertsonala.

Norberaren poztasun indizeak balorazio positiboa eskaintzen du, 100 puntutik 78 lortzen ditu eta, baina 2013an baino zertxobait baxuagoa da (80). Gazteentzat garrantzirik handiena duten bizitzaren alderdiak honako hauek dira: familia, osasuna, adiskideak eta bizi diren etxebizitza. Poztasun-mailarik apalena diru-eskuragarritasunean agertzen da (dena den, horrekin ere, poztasun-maila gehienbat positiboa da). 2014an jasotako jaitsiera txikiaren arrazoia aztertutako atal gehienetan bat edo bi puntuko beherakadan aurki dezakegu.

3. adierazlea. Bizitzaren alderdien balantzea:

            - Osasuna eta familiarekin poztasunik handiena

            - Lana eta diruarekin poztasunik baxuena

Gazteek bizitzako hainbat alderdiri emandako garrantziaren eta poztasun-mailaren artean alderik handienak non dauden antzematea da adierazle honen xedea. Hartara, gazteen gabeziarik handienak non dauden zehaztu ahal izango da. (Ikus grafikoa atxikitako dokumentuan)

Aztertutako atal guztiak oso garrantzitsuak dira gazteentzat. Osasuna eta familia dira gazteen ustez garrantzirik handiena duten bizitzako arloak, bai eta poztasun handiena eragiten dutenak ere. Garrantzia eta poztasun-mailaren arteko alderik edo desorekarik handiena, ostera, lanak eta diruak sortzen dute, 2013an bezala.

4.adierazlea. Lana galtzea edo baldintzak okertzeko arriskua:

            - Arrisku maila altua:      %36    (%39 zen 2013an)

            - Arrisku maila ertaina:   %11    (%18 zen 2013an)

            - Arrisku maila baxua:    %53    (%43 zen 2013N)

Adierazle hau lan egiten duten pertsonengan oinarritzen da. Hiru arrisku-maila ezarri dira: altua, ertaina eta baxua. Altuan, urtebeteko epean lana seguruenik edo nahiko seguru galduko dutela uste dutenak kokatuko lirateke; maila ertainean, lana galduko dutela uste ez arren, seguruenik edo nahiko seguru lan-baldintzak okertuko zaizkiela uste dutenak kokatuko lirateke; maila baxuan berriz, seguruenik ez dutenak lana galduko edo lan-baldintzak txartuta ikusiko, edo ez dutenak hori uste.

Gazte okupatuen heren batek baino gehiagok (% 36) uste du urtebeteko epean enplegua galtzeko arrisku-maila altua duela; % 11k arrisku-maila ertaina, hau da, ez dute uste probablea denik enplegua galtzea, baina bai lan-baldintzek okerrera egitea; azkenik, erdia baino apur bat gehiago (% 53) arrisku-maila baxuan daudela diote, ez baitute uste urtebeteko epean enplegua galduko dutenik edo lan-baldintzak okertuko zaizkienik. Azken portzentajea, arrisku baxua edo arriskurik eza adierazten dutenena, hamar puntu igo da azken urtean.

5. adierazlea. Lana aurkitzea aurrikustea: %54tik %60ra igo da

Adierazle hau langabezian dauden gazteengan oinarritzen da. Urtebeteko epean enplegua aurkituko dutela uste duten gazte langabetuen ehunekoa zein den jakitea da bere xedea. Langabezian dauden hamar gaztetik seik urte bateko epean lana aurkituko dutela uste dute. 2013tik 2014ra lana aurkitzeko itxaropena 54tik %60ra igo da.

6. adierazlea. Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikustea: %46tik %56ra igo

Ikasten ari diren gazteek ikasketak amaitu eta prestakuntzarekin lotutako lanpostu bat aurkitzeko zer nolako konfiantza-maila duten neurtzen du adierazle honek. Ikasten ari diren gazteak 2014an 2013an baino baikorrago ageri dira. Prestakuntzari lotutako lana izatea aurreikusten duten gazte ikasleen portzentajeak 10 puntu egin du gora ( % 46tik % 56ra).

7.adierazlea. Derrigorrez emigratu beharra aurreikustea: %16tik %14ra jaitsi da

Lanera atzerrira joan beharko dutela uste dutenen ehunekoa islatzen du. Bi galderatan oinarrituta dago: zein neurritan uste duten inkestatuek lanera atzerrira joan beharko dutela, eta zein neurritan joan nahi duten. Gogorik izan gabe atzerrira emigratu beharko duten gazteen portzentajea, hau da, derrigorrez emigratu beharra, jaitsi egin da pixka bat, % 16tik % 14ra. Horren arrazoia ez da atzerrira joatearen probabilitatea jaitsi izana, bai, ordea, atzerrira joan nahi dutenen kopuruak gora egin duela, hau da, gazteak aurreko urtean baino prestuago daudela atzerria lanera joateko.

8. adierazlea. Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea: %45etik %48ra igo da

Euren emantzipazio-proiektua urtebetean bete ezinik geratuko diren gazteen ehunekoa adierazten du portzentaje honek. Gazte horiek bi egoera hauetako batean daude: gurasoen etxetik irten nahi dute, baina ezin izango dutela uste dute; edo, emantzipatuta egonik, seguru aski edo nahiko seguru, familiarekin itzuli beharko dutela aurreikusten dute. Emantzipazioa zapuztuko dela aurreikustea, gazteriaren ia erdira heltzen da (% 48). Gainera, aurreko urtearekin (% 45) alderatuz gero, gorakada txiki bat jasan du.

9.adierazlea. Gazteen gaitasunekiko konfiantza indizea: 69 puntu 100etik

Indize honek, zailtasunei aurre egiteko Euskadiko gazteek dituzten gaitasunetan eta baliabideetan nolako konfiantza-maila dagoen jakin daiteke. Gazteek ezaugarri positibo jakin batzuk (langilea izatea, arduratsua, prestakuntza duena, parte-hartzailea, ekintzailea, idealista eta autonomoa) zein neurritan dituzten galdetu da, eta jasotako erantzunetan oinarrituta eraiki da adierazlea.

Gazteen gaitasunekiko konfiantzak, ezinbestekoa zailtasunei aurre egiteko, 100etik 69 puntu jaso ditu, aurreko urtean baino 3 puntu gehiago. Gazteria osoari buruz iritzia emateko orduan, gazteok gehien azpimarratzen dituzten ezaugarriak formakuntza, kualifikazioa eta lan egiteko gaitasuna dira.

10. adierazlea. Etorkizunarekiko konfiantza indizea: 74 puntu 100etik

Etorkizunarekiko konfiantza Indizearen bitartez, neurtu nahi da zer nolako konfiantza-maila duten gazteek bost urteko epean egoerak hobera egiteari dagokionez. Adierazlea hiru galderari emandako erantzunetan oinarritzen da: egoera pertsonalak, Euskadiko gazteenak eta Euskadirenak, oro har, hobera egingo duten, berdin jarraituko duten ala okerrera egingo duten.

Etorkizunarekiko konfiantzak joera optimista islatzen du. Datozen bost urteetan egoera hobetuko dela neurtzen duen adierazleak hamar puntuko igoera izan du (64tik  74ra). Alde batetik 2013an baino ikuspegi baikorragoa dagoelako eta bestetik, norberaren egoera eta gazte guztien egoerak hobera egingo duen ustea zabalduago dagoelako.

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @RiggingArtist
    2015.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @aarranzcad: La juventud vasca mira el futuro con optimismo. http://t.co/PGT1SSSozB

  • @aarranzcad
    2015.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    La juventud vasca mira el futuro con optimismo. http://t.co/PGT1SSSozB

  • @Foro_BiDC_Foroa
    2015.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @Innobasque: La juventud vasca mira el futuro con optimismo http://t.co/juntZMy4B2 #Juventud #Euskadi @Irekia

  • @LuisSaratxaga
    2015.eko martxoak 11

    Comentario de Twitter:
    La juventud vasca mira el futuro con optimismo http://t.co/pItJdy4Lpz

  • @Innobasque
    2015.eko martxoak 11

    Comentario de Twitter:
    La juventud vasca mira el futuro con optimismo http://t.co/juntZMy4B2 #Juventud #Euskadi @Irekia

  • @Gob_eus
    2015.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    [Gazteen Euskal Behatokia] Euskadiko gazteak etorkizunarekiko baikor ageri dira ➡ http://t.co/Y7os9LDhdm #PertsonaHelburu #EuskalGazteak

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)