Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak gizonen eta emakumeen berdintasunaren inguruko eztabaida hasi du

2015-03-06

Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Legea onartu zenaren X. urteurrenagatik eta igandean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango denez, gai horri buruzko eztabaida sustatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2015ean zer egoeratan dagoen ikusteko.

Gobernu Irekiaren arloak herritarrei elkarrizketa-leiho bat ireki nahi izan die Berdintasunari buruzko Legea jaio zenetik igarotako hamar urte hauetan berdintasunaren arloan izandako aurrerapenei buruz eztabaidatzeko eta oraindik zer dagoen egiteko ikusteko. Aurrerapenak eta etorkizunari begirako erronka berriak argi eta garbi azaltzea eta zehaztea da asmoa. 

«Ez dezagun atzera egin»; horixe da, hain zuzen, Emakundek aurtengo martxoaren 8ko kanpainarako hautatutako goiburua eta horretarako, erakunde horrek, Irekiarekin batera, egiazko berdintasuna lortzeko lan egiten duten gizarte-eragileen lekukotasunak bilatu ditu.

AMPEA Arabako Profesional eta Enpresari Emakumeen Elkarteko presidenteak euskal enpresetako zuzendaritza-postuetan emakumerik ez dagoela aipatu du. Kontua ez da emakumeek ez dutela nahi, baina, bere iritziz, «euskal enpresaburuek ez dute bidea libre utzi nahi emakumeok egon gaitezen». Horrenbestez, enpresetako aginte-postuetan emakume gehiago egotea jartzen du etorkizuneko erronka gisa.

Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako Institutuko zuzendari Iosune Irazabalek, bestalde, hezkuntza-bereizketaren arazoa ere aipatu du. Irazabalen iritziz gizonei eta emakumeei lotutako estereotipoak baztertu behar dira; izan ere, azaldu duenez, Lanbide Heziketako postu teknikoek taldean lan egiten jakitearekin edo gatazkak konpontzearekin lotutako gaitasunak behar dituzte, eta ez dute indarra horrenbeste behar.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako proposamenean galdera hau egiten da: Nola bultza dezakete erakundeek, zure ustez, enpresek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egitea? 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko