Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Ekainaren 29ko greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak

2010.eko ekainak 25

 

EKAINAREN 29KO GREBA OROKORRERAKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak datorren astearterako, ekainak 29, deitutako greba orokorrean gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak emango direla bermatzen duen Agindua eman du gaur. Lanuzte horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileen eta funtzionarioen jarduera guztietan eragingo du.

Greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin. Horregatik, Administrazioak gutxieneko zerbitzuak ezarri beharra dauka, agindu honen bidez.

1.- Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:

a.- Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

b.- Lehen mailako arreta: larunbatean egon ohi diren langileek jardungo dute, hilaren 29ko lanaldiaren ohiko ordutegiarekin.

c.- Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.

2.- Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale-barneko larrialdiko garraioa eta Basurtoko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.

3.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

4.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

5.- Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Era berean, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko garraio bereziak ere lan egingo du.

6.- Adingabeen egoitzetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

7.- Unibertsitate-zentroetan, unibertsitatez kanpokoetan eta haur-eskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira honako langile hauekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea:

1) Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

2) Egutegi Akademikoan planifikatutako azterketak egiteko: azterketa egiteaz arduratuko den irakasle 1.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE:

1) Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

2) Sarrera-probak egiteko: lortzeaz arduratutako epaimahaietako kideak.

8.- Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalak, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.

9.- Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

10.- Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin atendituko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

11.- Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.

12.- EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.

13.- Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

14.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

15.- Udalerri bakoitzean, herri-administrazioen dokumentuak erregistratzeko zerbitzua mantenduko da, eta pertsona bat izango da horretarako.

Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero. Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

 

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO EZINBESTEKO ZERBITZUAK

Justizia Administrazioan greba eskubidea baliatu ahal izango da, baina ondoren zehazten diren nahitaezko prestazioak eta gutxieneko zerbitzuak bermatuz, betiere:

  • Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
  • Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
  • Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
  • Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake berekin.
  • Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
  • Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatz-zatian aipatutako zirkunstantzietako bat gertatzen bada.
  • 2010eko ekainaren 29rako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:
  • o Zigor-arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.
  • o Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.
  • o Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.
  • o Arlo guztietan, funtsezko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.
  • Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
  • Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
  • Pertsonak barneratzea.

Aipatutako zerbitzuek beteko dituzte, lehentasunez, greba-eskubideak baliatzen ez diren langileek, Agindu honetako Eranskinean zehazten den bezala. Kasu horretan, idazkari judizialei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko