Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza Politikarako sailburuordetza eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia elkarrekin, hizkuntza- lankidetzaren arloan

2015.eko martxoak 06
  • Lankidetza hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, hizkuntza-lankidetzaren arloan. Hau izango da aurrerantzean hizkuntzaren alorrean sinatzen diren nazioarteko lankidetza hitzarmen guztien gida-lerroa
  • Garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko ekintzak garatzeko konpromisoak hartu dituzte
  • Gutxiengoen hizkuntza-komunitateetako arduradunen prestakuntza eta gaikuntzari garrantzia berezia ematen zaio 

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Paul Ortega, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, bi erakundeen arteko lankidetzarako hitzarmen markoa sinatu dute gaur goizez Donostian. Hitzarmen honi esker, EAEko Administrazio Orokorrak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bidez) eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak estrategia-ildo bateratuak zehazten dituzte hizkuntza-lankidetzaren arloan, eta ondoren hizkuntza-lankidetzarako ekimen, ekintza eta proiektuak gauzatu ahal izango dituzte garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko. Hitz bitan esanda, aurrerantzean Garapenerako Lankidetzaren Agentziak nahiz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak garatuko dituzten nazioarteko lankidetza hitzarmenetan gaur sinaturiko hitzarmen markoan zehazten diren hizkuntza irizpideak kontuan hartuko dituzte, beti ere hizkuntza aniztasuna bultzatzea xede hartuta.

Lankidetza hitzarmen honen oinarrian eta abiapuntuan zera aurkitzen da: Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza-eskubideak sustatzeko lanean duen ibilbide luzea. Alor horretan, Eusko Jaurlaritzaren lana oso garrantzitsua izan da. Horregatik, azken hamarkadetan pilatutako eskarmentu hori nazioarteko beste gutxiengoen hizkuntza-komunitateei helarazteko modukoa da, honela hizkuntza aniztasuna sustatuz eta elkar aberastuz.

Honenbestez, sinatu berri duten lankidetza hitzarmenaren bidez, hiru jardute-lerrotan zehazten diren ekintzak ezartzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek:

  • Prestakuntza eta gaikuntza ekintzak: Gutxiengoen hizkuntzak normalizatzeko bidean, hitzarmenak garrantzia berezia ematen dio zuzenean inplikatutako eragileak prestatu eta gaitzeari. Eta horixe da gutxiengoen hizkuntza-komunitateen eskaera ere: euren hizkuntzak suspertzeko arduradunei (irakasleak, normalizazioko teknikariak, komunitateko arduradunak) hezkuntza egoki eta jarraitua ematea. Euskal erakundeek arlo horretan duten esperientzia onuragarria izan daiteke ibilbide laburragoko hizkuntza-komunitateentzat.
  • Esperientziak trukatzea: Norabide bietan ulertu beharreko trukeaz ari da hitzarmena. Honela, euskal komunitatea prest azaltzen da bere esperientzia emateko, baina aldi berean asko ikas dezake beste kolektibo batzuengandik, egoera askoz prekarioagoan egonik ere, aberasgarri gerta daitezkeen hainbat balio baitituzte. Gutxiengoen hizkuntza-komunitate guztiek dute zer eskaini, baita normalizazio-prozesuan aurrerapen gutxien erakusten dutenek ere. Horregatik, ezaguera-trukea norabide guztietan gertatu behar da. Gutxiengoen hizkuntza-komunitate bakoitzak egoera ekonomiko, kultural, sozial eta politiko oso desberdina du, eta nahitaezkoa da aniztasun hori aintzat hartzea.
  • Aholkularitza eta tutoretza ekintzak: Euskal erakundeen aholkularitza-lana halakorik nahi luketen komunitateen eskaeratik abiatu beharko litzateke. Eusko Jaurlaritzak honako arlo hauetan eman diezaieke aholkularitza hala eskatzen duten hizkuntza komunitateei: hizkuntza plangintza arlo publiko zein pribatuan; hezkuntza elebiduneko sistemaren garapena; helduaroan hizkuntza ikastea; helduen alfabetatzea; eta hizkuntzaren kalitatearekiko sentiberatasuna sortzea. Bestalde, azken urteotan EAEn burutu diren normalizazio-politikak eta horietatik abiatu diren ekimenak ere erreferentzia gisa balia daitezke beste hizkuntza komunitate batzuetan: beren hizkuntzetako normalizazio planetan sartu ahal izango lituzkete politika eta ekimen horiek hasieratik, planak prestatzen diren lehen unetik.

Era berean, erakunde batak zein besteak elkarri laguntza teknikoa emateko konpromisoa hartzen dute. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku egongo da, lankidetza arloko zalantza teknikoak argitzeko; eta Sailburuordetzak Agentziaren esku jarriko ditu hizkuntza politikaren arloko ezaguera teknikoak. 

Gaurtik aurrera, hitzarmen hau izango da hizkuntzaren alorrean sinatzen diren nazioarteko lankidetza hitzarmen guztien gida-lerroa. 

Azken bi hamarkadetako aurrekariak

Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea du hizkuntzaren alorreko nazioarteko lankidetza-hitzarmenei dagokienez, betiere hizkuntza aniztasuna nahiz biziberritzea sustatzeko xedez. Horietan azkena, aurten bertan izan da, urtarrilean, Txileko CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa / Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) gobernu-erakundearekin Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu duen protokoloarekin. Honen bidez Jaurlaritzak aholkularitza, lankidetza teknikoa eta formazioa eskaintzen dizkio Txileko Gobernuari hizkuntza politika gaietan, bertako hizkuntza indigenen normalizazioa eta biziberritzea helburu hartuta.   

Ibilbide hau duela bi hamarkada hasi zen. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hainbat lankidetza-proiektu garatu izan ditu, 1998tik hasita, hizkuntzaren eta kulturaren arloan garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen komunitate edo hizkuntzetako eragileekin. Horretarako, esparrua eta bitartekoak jarri ditu eragile horiei Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza suspertzeko arloan egindako ibilbidearen berri emateko. Besteak beste, Txile eta Kolonbiako Gobernuekin, edo beraien menpeko erakundeekin, garatu izan dira gisa honetako lankidetza hitzarmenak, baina baita UPV/EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedrarekin ere. 2011tik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza izenduna ematen dio proiektu honi, gutxiengoen hizkuntza-komunitateekin batera aholkularitza-ekimenak antola ditzan arlo hauetan: hezkuntza eleaniztuna, irakasleen prestakuntza, eskola-materialak sortzea eta gutxiengoen hizkuntzak sustatzearen aldeko jarrera garatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)