Berriak Segurtasuna
Eu

Donostian delituak % 4 eta faltak % 2 jaitsi ziren 2014an

2015.eko martxoak 06

Hiriko delitu-tasa bi puntutik gora jaitsi da

Nabarmen jaitsi zen delitugintza 2014an Donostian, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gauzatutako jardueren ondoriozko datu estatistiko bateratuen arabera. Delituak % 4 jaitsi ziren (6.887tik 6.621era) eta faltak, berriz, % 2 (6.144tik 6.003ra). Ondorioz, hiriko delitu-tasa bi puntutik gora jaitsi zen, 2013ko 1.000 biztanleko 69,87 delitu/falta horietatik 2014ko 67,69ra igaroz. Alderdi positiboen artean dago azken urteetako etxebizitzetan eginiko lapurreten goranzko joera alderantzikatu izana, 2014an murriztu zirenez aurrenekoz.

Ondarearen aurkako delituak

Delitu mota nagusia, hala Donostian, nola herrialde osoan, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoa da, lapurretak, ebasketak, etab., barne hartzen dituena. Normalean, delitu mota horri dagozkio delituen guztizkoaren % 70 baino gehiago.

Donostian gertatutako ondarearen aurkako delituen guztizkoa % 3,94 murriztu zen 2014an, aurreko urtearen aldean. Oro har, delitu mota guztiek egin zuten behera, ondarearen aurkakoen artean.

Atal horretan, arreta berezia eskaini behar zaie etxe barruko lapurretei. Urteko lehen seihilekoan nabarmen egin zuen gora lapurreta-kopuruak, prebentzio-neurriak aplikatu arren. Ekainean erabaki zen etxe barruko lapurreten gaineko ekintza-plana ezartzea, bi erakundeen, Udaltzaingoa eta Ertzaintza, partaidetza koordinatuarekin. Arrakasta azpimarragarria lortu zuen, gorakada eten ez ezik, kopurua murriztea ere lortu bai baitzuen urte amaieran; 2013ren aldean, % 7 etxe barruko lapurreta gutxiago.

Hala ere, ñabardura bat egin behar da; atal berri bat sartu zen 2014an delituen estatistikan, etxebizitzei atxikitako eraikinetan (garajeak, trastelekuak, atariak eta patioak) eginiko lapurretena, hain zuen, etxe barruko lapurretetatik aparte zenbatu direna. Estatistikaren arabera, atal hori % 72 hazi da. Dena dela, ezin da 2013ko datuarekin alderatu, parametroak ez direnez berdinak. Hala bada, datua ez da erabat erreala eta 2015eko datuak lortu arte ezingo da baleko ondoriorik atera.

Aipagarriak dira, halaber, ondarearen aurkako delituen artean, honako hauek: indarkeria eta larderia bidezko lapurreten beherakada, % 11koa (320tik 284ra); iruzurrena, % 53koa (326tik 154ra); kalteena, % 0,3koa (306tik 305era); eta, bereziki, etxebizitzez bestelako lekuetan eginiko indarkeria bidezko lapurretena, % 16koa baita beheraka (1.497tik 1.222ra). Ondarearen aurkako bestelako delituen atalak ere behera egin du, % 17, hain zuzen (107tik 89ra). Alderdi negatiboen artean aipatu behar da ebasketak eta motordun ibilgailuen ebasketak ugaritu izana, % 5 (1.706tik 1.803ra) eta % 30 (178tik 232ra), hurrenez hurren.

Indarkeriazko delitugintza

Alarma sozial handia pizten duen delituen atala da Eurostatek «Indarkeriazko delitugintza» atalean sartzen duena; hau da, lesioak, sexu-erasoak eta indarkeria nahiz larderia bidezko lapurretak. Bada, Donostian, % 4 jaitsi ziren mota horretako delituak 2014an, 2013ko datuen aldean.

Nabarmendu beharrekoa da sexu-erasoetan izandako gorakada, % 56koa. Hala ere, kontuan hartu behar da 2014an hautemandako kasu gehienak esparru pribatuan gertatu zirela (baimenik gabeko harremanak, bikote barruko erasoak, etab.), polizia-prebentzioak eragin-ahalmen gutxi duen horretan, hain juxtu.

Esparru publikoetan, ordea, 2012tik aurrera bi polizia-indarrak koordinatuta jardun dira Donostiako erdialdean jendetza biltzea espero den ekitaldietan, kanpoaldeko auzoetan polizia-presentzia areagotuta, auzotarrek etxerako itzulera segurtasun handiagoz egin ahal izateko.

Hilketarik ez 2014an

Iaz, ez zen hilketarik gauzatu Donostian, baina saiakera-kopuruak gora egin zuen (4tik 9ra). Dena dela, kontuan hartu behar bederatzi horietatik bost kasu bakar bati dagozkiola; biktima gisa zenbatu ziren arazo psikiatrikoak zituen pertsona batek su emandako etxearen barnean zeuden pertsona guztiak.

Familia barruko ohiko tratu txarren delituak % 16 hazi ziren (80tik 92ra), baina, azken urteetako esperientziaren arabera, kontu horretan garrantzi handia du biktimen gero eta kontzientziazio handiagoa, lehen isilpean gordetzen ziren erasoen ehuneko handi bat salatu egiten delako orain.

Droga-trafikoaren delituak % 35 hazi dira (37tik 50era), baina ehuneko txikiko delitu mota izaten segitzen du. Aldiz, bide-segurtasunari loturiko delituak, nagusiki, alkoholemiak, % 7 jaitsi dira (289tik 268ra).

Ordena publikoaren delituak, azken urteetan legez, jaitsi egin dira; % 30 (261etik 181era). Azkenik, bestelako delituak –askotariko delituak dira– % 15 jaitsi dira (480tik 407ra).

Delitugintza, auzoka

2014an, behera egin zuen delitugintza auzo gehienetan, batez ere, ehuneko handieneko auzoetan, Antiguan, Erdialdean, Grosen eta Alde Zaharrean, kasu. Bestalde, auzo batzuek gorakada arinak izan zituzten, Altza-Herreran, Amaran eta Ategorrieta-Ulian, kasu. Hala ere, gorakada handienak Loiolan eta Martutenen gertatu ziren.

Bestelako eremuen atalean, informatikako delituak, iruzurrak, etab., zenbatuta daude.

Delitugintza urtean zehar

Bi polizia-indarren datuak bat datoz, eta 2013 urteko denbora-eredu bera dute, udako hiletan gora egiten baitu delitu-kopuruak. Logikoa da udaldiko gorakada, Donostia hiri turistikoa denez.

2014an, uztailean, aurreko urtean baino delitu gutxiago gertatu ziren, ziur aski, Udaltzaingoak aldi baterako agente gehiago jarri zituelako lanean eta Ertzaintzaren «korrikak» direla medio. Horien bidez, prebentzio-lanak indartu dira eta hautemandako arazoei aurre egin ahal izan zaie, bereziki, etxe barruko lapurretei, bi poliziak elkarlanean arituta.

Auzipetu gutxiago

Bi polizia-indarrek epailearen esku utzitako pertsonen kopurua % 6 jaitsi zen 2014an (2.696tik 2.535era). 

Atal horretan, ordena publikoaren aurkako delituen ondoriozko atxiloketa-kopuruaren beherakada oso azpimarragarria da, % 26,3. Era berean, ondarearen aurkako delituen gorakada, % 5,33, aipatzeko modukoa da. 

Prebentzio-jarduerak indartzea

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere lanaldiaren zati handi bat bideratu zuten prebentzio-jardueretara 2014an (197.000 jarduera baino gehiago), funtsean, delituen gauzapenari aurre hartzeko, baina baita, eta hori da garrantzi handieneko kontua, herritarren artean segurtasun-pertzepzio handiagoa zabaltzeko ere.

2014an zehar, Donostiako Udaltzaingoak, guztira, 87.360 prebentzioko esku-hartze eta herritarren eskarizko 42.803 esku-hartze egin zituen. Horien ondorioz 6.930 atestatu osatu ziren, Agintaritza Judizialera igorri zitzaizkienak.

Bestalde, Ertzaintzak 110.522 prebentzioko esku-hartze egin zituen, prebentziora, guztira, 192.548 ordu bideratuta. Horietatik % 22 oinezko patruilen (korrikak) bidez gauzatu ziren. Horiek guztiak mota horretako jarduerak ugaritzeko programaren barne daude eta herritarrenganako hurbiltasuna eta segurtasun-pertzepzio publikoa areagotzeko xedea dute.

Bi polizien baterako lantaldeak antolatu ziren iaz hainbat arlotan jarduteko, emaitza azpimarragarriak lortuz. Lankidetza horri esker, etxe barruko lapurretak, sexu-erasoak ekitaldi berezietan, zaharrei eginiko lapurretak, gaueko aisia-guneetako lapurretak, merkataritza-guneetako lapurretak, etab., prebenitzeko ekintza-planak eta lantaldeak abiarazi ziren.

2015 urteari begira, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren helburu estrategikoa baterako prebentzio-planak egiten jarraitzea da, adimen kriminalak gidaturiko oinezko patruilak sustatuta.

Oinarrian prebentzioa dagoela, bi polizien arteko baterako jarduera-planak ugaritu egingo dira, jarduteko eraginkortasunean oinarritutako segurtasun-maila handiagoa eta baliabide eskuragarriei probetxu gehiago ateratzea lortzeko.

Prebentzio-patruilak autoz eta oinez ibiliko dira, eta azken horiek ugaritu egingo dira. Hala, esparru geografiko ahalik eta handienean jardun ahalko da polizia, herritarrei premiei bizkor eta hurbiltasunez erantzunez.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Donostiako Udalak izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker, elkarri informazioa eman ahalko diote aldeek, homogeneoa izango da giza baliabideen eta baliabide materialen banaketa eta baterakoa, aldiz, ekinbidea, jarduerak bikoiztea saihesteko eta indar polizialen baliabideen eragingarritasuna areagotzeko.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2015.eko martxoak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @rgartzia: Donostian delituak % 4 eta faltak % 2 jaitsi ziren 2014an http://t.co/qhcc5a5YkM

Komunikabideek behera kargatzeko