Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Idiazabal jatorri deitura prestatzen ari da 2020rako bere produkzioa %20 eta sektoreko enplegua %15 handitzeko

2015.eko martxoak 05
  • Plana gogoeta prozesu baten emaitza da, eta Idiazabal J.D.ren adostasuna ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena eta implikatutako eragileena ere izan du, 100 profesional baino gehiagoren partaidetza izan baitu
  • Ekoizten den  Idiazabal gaztaren kiloak  %20 gehiago izatea, sektoreko produkzio, eraldaketa eta merkaturatze jardueren inguruan sortzen den enplegua %15 gehiago izatea, eta pertsonako gazta kontsumoa 20 gramo gehiago izatea dira, besteak beste, Planak 2015-2020 aldian lortzea espero dituen helburuak 
  • Eusko Jaurlaritzak 3,5 milio euro bideratuko ditu Idiazabal sektorera datozen bi urtetan formakuntzarako, promoziorako eta berrikuntza garatzeko

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu Bittor Orozek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari orokor Juan Pablo Rebolerekin eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakariarekin batera, Idiazabal Gaztaren J.D.-ren 2015-2020 Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur goizean Arkautiko Nekazaritzako Elikagaien Parkean, Idiazabal gaztaren sektoreari lotutako produkzio ehuna suspertzeko helburu nagusiarekin.

Enplegua sortzea, produkzioa areagotzea, jetzialdiko ardi kopurua handitzea eta kontsumoa sustatzea dira plan honen helburu estrategikoak, bere asmoa baita Idiazabal sektorearen posizionamendua berreskuratzea, 2010az geroztik beherantz joan baita. Oroz sailburuordeak esan duenez, plan honek “Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak 2013-2016 aldirako duen Jardute Programaren helburuetako bati erantzuten dio, bertako produktuei eta kalitateko produktuei lotutako elikagaien industria indartsua, lehiakorra eta iraunkorra bultzatzeko helburuari, alegia.”

Hau da Idiazabal J.D.rako planteatzen den lehen Plan Estrategikoa, 27 urteko ibilbidea egin ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez egiten da, Nafarroako Gobernuaren eta gaztaren elaborazioan eta ardi sektorean  oro har inplikatutako erakunde, elkarte eta enpresen lankidetza estuarekin.

IDIAZABAL J.D.-REN DATUAK

Idiazabal J.D. 1987an sortu zen, EAEn eta Nafarroan ardi latxaren eta  karrantzarraren esnez soilik egindako gazta babesteko asmoarekin. 27 urte horietan Jatorri Deitura sendoa lortu da, merkatuan ezaguna eta produkzioa eta ekoizle kopurua handitzen joan dena 2010era arte, urte horretan  1.466.429 kg gazta ekoitzita, egiaztatutako produktu gehien izan duen kanpaina izanik.

Gaur egun Idiazabal gazta esnea saltzen duten 256 abeltegi daude eta neurri ertaineko 121 gaztandegi, eta azken hamarkadan gaztandegi txikien produkzioa (gehienetan norbere ustiategiko esnez soilik egindakoa) handituz joan da gaztandegi industrialen produkzioarekin alderatuta, Idiazabal produkzio iturri nagusia izateraino, gainera.

Idiazabal J.D.ren lehendakari Jose Mari Ustarrozez azaldu duenez, “Idiazabal gaztaren sektorea sektore dinamikoa izan da azken hamarkadetan, eta etengabe hazten joan da, bai produkzioari dagokionez bai inplikatutako aktiboei dagokienez. Halere, azken urteotan inflexio handia ikusi da joeretan eta etorkizuneko perspektibetan, eta horrek eragin du gogoeta estrategikorako prozesu hau abian jartzea, eta berari esker egungo egoeran, etorkizuneko helburuetan eta 2020ra ate garatu beharreko estrategietan arreta jarri eta horiek denak definitzea ere. Gogoeta prozesuak, halaber, sektoreari aurrera egiteko eta posizionamendua berreskuratzeko bide bat topatzen lagundu beharko dio”, gaineratu du Ustarrozek.

PLAN ESTRATEGIKOA

2015-2020 Plan Estrategikoa Idiazabal J.D.ren produkzio, eraldaketa eta merkaturatzeko eremuan erabiliko den estrategia definitzeko egin den gogoeta prozesu baten emaitza da.

Idiazabal J.D.ren egitura dela eta, EAEn zein Nafarroako Foru Erkidegoan ekoizten baita, lehen urratsa izan da gobernu biak bateratzea era adostuan jarduteko. Prozesua oso parte hartzailea izan da, bilera ugarirekin eta gai multzo askorekin, eta 100 profesional ingururen partaidetzarekin, egoeraren diagnostikoaren gainean zituzten ikuspuntu desberdinak alderatu eta eztabaidatzea ahalbidetuta.

Gogoeta prozesu osoan adostasun handia egon da Plan estrategikoaren helburuari dagokionez, eta azkenean “Idiazabal sektoreari lotutako produkzio ehuna berreskuratzeko asmo sendoa" agertu dute denek.

HELBURUAK

Planak helburu zehatzak planteatzen ditu, hauek:

  • Enpleguaren %15eko hazkundea, enplegu iraunkorra eta lurraldeari sendo lotutakoa izanik.
  • %15eko hazkundea inskribatutako jetzialdiko ardi kopuruan, produkzioak aurrera egiteko abiapuntu gisa.
  • Ustiategien eta gaztandegien errentagarritasuna areagotzea ahalbidetuko duten tresnak sortzea, horrek berez jardueran iraunkortasuna bermatzea ekarriko baitu.
  • Ekoitzitako Idiazabal gaztaren bolumenak %20 gehiago izatea, behintzat krisiaren hasieran sektorean ohikoak ziren bolumenetara heltzeraino.
  • Kontsumoa sustatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Nafarroako Foru Erkidegoan, eta era berean beste zonalde batzuetan saltzen diren bolumenak handitzeko ekintzak garatzea.

ESTRATEGIAK ETA EKINTZAK

Helburu horiek lortzeko, 5 estrategia definitu dira, eta estrategia horiek ezarri ahal izateko 8 jardute ildo, 18 ekintza eta 37 zeregin zehaztu dira.Hauek dira estrategiak:

  • Efizientzia eta lehiakortasuna hobetzea
  • Komunikazioa eta merkaturatzea
  • Berrikuntza eta transferentzia teknologikoa
  • Laguntza finantzarioa
  • Prestakuntza eta informazioa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • el director general de Desarrollo Rural del Gobierno de Navarra, Juan Pablo Rebolé y el presidente de la Denominación de Origen Idiazabal Jose Mari Ustarroz