Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Meatzaldeko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkea sortuko du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Abanto-Zierbenarekin eta Meatzaritza Museoa Fundazioarekin batera

2015.eko martxoak 05
  • Eskualdeko biotopoari loturiko ingurumen-hezkuntza eta -interpretazioko jarduerak bilduko ditu, baita museo-jarduerak ere etorkizunean, eta eskualdeko ekonomia eta ondare historikoa bultzatuko ditu.
  • Eraikinaren lehen fasea eraikitzea 1.845.000 euro kostatuko da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarriak eta Euskadiko Meatzaritza Museoa Fundazioaren presidente Carmelo Uriartek izenpetu dute akordioa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Euskadiko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkeko Interpretazio Zentroaren eraikuntza-proiektua gauzatzeko.Oregik iragarri du «Bizkaiko Meatzaldea Biotopo Babestu izendatuko dutela gutxi barru».

Meatzaritzaren Museoan egin dute ekitaldia, Kultur eta Ingurumen Parkea eraikiko den eraikinaren alboan, Korta meatze irekiari begira, «Meatzaldea babesteko eta bertako meatzaritza-kultura ezagutarazteko etorkizuneko proiektuak bateratzeko puntu estrategiko eta berezia» izango dena» baita.

Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkea eta Interpretazio Zentroa sortzeko akordioa gauzatzeak eskualdeko ekonomia eta ondare historiko nahiz kulturala bultzatzea ekarriko du. Horretarako, beharrezkoa izango da Parke berrian bateratzea meatzaritzari eta eskualdeko biotopoaren ikerketari loturiko jarduerak. 

Ana Oregi sailburuak iragarri duenez, «Bizkaiko Meatzaldea Biotopo Babestu izendatuko da gutxi barru. Hala, Euskal Herriko paraje horren babesa bermatuta egongo da, hondatzea saihestu eta balioa emanez». «Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Meatzaldeko Biotopoaren ingurumen-hezkuntza eta -interpretazio zentroa sortzeak Abanto-Zierbanak euskal herritarrei bideratutako eskaintza aberastea ekarriko du».

Maite Etxebarria alkateak adierazi duenez, «kontua ez da gure historia eta kultura eta horien eragina gure ingurumenean islatzeko zentro bat eraikitzea “eta kito”, ekonomikoki garatzeko aukera ere bai baita. Lehen mailako kultura-, ingurumen- eta turismo-baliabidea da eta bultzada emango dio eskualdeari aisialdi-gune eta meatze-paisaiak erakarritako bisitari zein turista askoren helmuga bihurtzeko, dagoeneko erakundeen katalogo guztietan ageri denez. Hori dela eta, Meatzaldeko udalerriek paisaia babestea eta ahalmen turistikoak ustiatzea aldarrikatzen dugu».

Euskadiko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen lehen fasean, auditorium bat, egun Peñas Negraseko instalazioko edukiak eta burdinazko mendien biotopoaren ikerketa jasoko dituen interpretazio-zentroa eta erabilera anitzeko gelak, harrera-aretoa eta zerbitzu komunak eraikiko dira. 

Ekarpena 

Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen lehen fasea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak 900.000 euroko ekarpena egingo du, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzemandako kopuru berdina. Aldiz, Abanto-Zierbanako Udalak 45.000 euro bideratuko ditu. Guztira bildutako 1.845.000 euro horiekin ekingo zaie aurten bertan eraikuntza-lanei, lehiaketa publikoaren eta ondorengo esleipena gauzatu ostean. 

Eskualde-mailako proiektu iritzita, Parkeak Meatzaritza Museoaren jardueraren eta etorkizuneko interpretazio-zentroaren ondoriozko sinergiak baliatuko ditu, Meatzaldeko meatzaritza-kultura eta biotopoaren ikerketa ezagutarazteko gune azpimarragarria eratuz, mota guztietako bisitariak erakartzeko gaitasun handia izan dezakeena. 

Erakunde sustatzaileen aburuz, «erreferentziazko gunea izango da kulturan, hezkuntzan eta turismoan Kontxa meatze ireki sakonaren ederrari esker, horri begirako behatokiak edukiko baititu Euskadiko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parke berriak». 

Kultur eta Ingurumen Parkea sortuta, garai bateko meatzaritzaren ondotiko ondare historikoa ikertu, ezagutarazi eta kontserbatzeari buruzko zentroen sakabanaketari konponbidea emango zaio. Erakunde sustatzaileek adierazi dutenez, «proiektuak onura ekarriko dio Meatzaldeari eta bere ekonomiari eta Bizkaiak erreferentzia kultural eta turistiko berri bat eskaini ahalko du».

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MViladomiu
    2015.eko martxoak 13

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco desarrollará el “Parque Cultural y Ambiental de la Minería” de... http://t.co/h4DGq9CzyY

  • @Foro_BiDC_Foroa
    2015.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [ZONA MINERA] El Gobierno Vasco desarrollará el “Parque Cultural y Ambiental de la Minería” de Meatzaldea, ➡ http://t.co/2Uis

  • @Holocene2
    2015.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [ZONA MINERA] El Gobierno Vasco desarrollará el “Parque Cultural y Ambiental de la Minería” de Meatzaldea, ➡ http://t.co/2Uis

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Maite Etxebarria, Carmelo Uriarte