Berriak Lehendakaritza
Eu

Irundarren % 48k egiten du bat alarde tradizionalarekin eta % 72 banaketa gainditzen lagunduko duten konponbide berriak bilatzearen alde dago

2015.eko martxoak 04

Eusko Jaurlaritzaren analisia Irungo herritarrek Alardearen gainean dituzten jarrerei buruz

Inkestan parte hartu dutenen % 66k uste du alderdi bakoitzak Alardeari buruz duen jarrerak eragin txikia izango duela edo ez duela eraginik izango hurrengo hauteskundeetan botoa emateko garaian

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eta Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bitartez, Irungo herritarrek Alardearen gainean dituzten jarrerei buruzko azterlan bat egin du. Azterlana egiteko arrazoia bizikidetzan sor ditzakeen arazoengatiko kezka izan da. Gogorarazi nahi dugu antzeko azterlan bat argitaratu zela 2014ko ekainean Hondarribiko Alardeari buruz.

Azterlanak Irunen urtero Alardearen ospakizuna dela-eta izaten den egoera hobetzeko aukera aztertu nahi du. Lanaren abiapuntua errealitatea ezagutzea izan da, eta, horretarako, inkesta bat egin zaie irundarrei, beren iritzia jakiteko. Azterlanaren emaitza ikusita, errealitatea bi puntutan laburbil daiteke.

Nabarmendu beharreko datu batzuk

            Irungo herritarren oinarrizko jarrerak honela laburbil daitezke. % 48 Alarde tradizional bakarraren aldeko da. % 22ak Alarde mistoa babesten du, eta % 15 pozik dago egungo egoerarekin, alegia, bi Alarde independente izatearekin.

Alardearen egoerari buruz zabalduen dauden sentimenduak tristura (% 28), lotsa (% 23) eta axolagabetasuna (% 20) dira. Alarde tradizionala nahiago duten pertsonen artean gailentzen den sentimendua tristura da; Alarde mistoaren aldekoen artean, aldiz, lotsa.

Irundarren % 63k uste dute Alardeak ez diola eragiten edo gutxi eragiten diola bizikidetzari urtearen gainerako egunetan; % 29k uste du asko edo nahikoa eragiten diola. Irungo biztanleen % 58ren ustez tentsioak behera egin du azken urteetan; % 28k uste dute berdin jarraitzen duela eta % 5ek gora egin duela.

Biztanleen % 66k pentsatzen du alderdi politikoek Alardearekiko duten jarrerak ez duela eragingo edo gutxi eragingo duela bere botoan hurrengo hauteskundeetan; % 23ak, aldiz, asko edo nahikoa eragingo duela uste du.

Gehiengo handi batek (% 72) uste du konponbide berriak bilatu beharko liratekeela banaketa gainditzeko. Konponbide berrien alde dauden taldeak gazteak, adin txikiko seme-alabak dituzten familiak eta Alarde mistoaren aldekoak dira.

Desadostasuna konpontzeko proposaturiko neurrien artean, Irungo biztanleek uste dute asko edo nahikoa lagunduko lukeela  «tartean diren alderdiek elkarrizketarako bideak bilatzea adostasunera iristeko» (% 63) eta «herritarren parte-hartzerako prozesuak bultzatzea» (% 57).

Alarde mistoaren aldekoentzat edozer neurrik lagunduko luke asko edo nahikoa; Alarde tradizionalaren aldekoentzat, ordea, konponbideek barrutik etorri behar dute, tartean diren aldeengandik eta herritarrengandik.

Irungo Udala da balantze positiboa jaso duen erakunde bakarra; % 48ak uste du ondo edo oso ondo jokatu duela, eta % 33ak gaizki edo oso gaizki jokatu duela. Gainerako erakundeen jarduera onaren eta txarraren arteko balantzea negatiboa da: -6 Arartekoak, -14 Emakundek, -17 Aldundiak eta -20 Eusko Jaurlaritzak.

Adinen arabera, 18-29 urtekoen iritzia da nabarmentzekoa, haien arabera Udalaren jarrera negatiboa izan baita, positiboa baino gehiago. 30-45 urtekoak kritikoagoak dira gainerako erakundeekin.

Alarde tradizionalean parte hartu dutenetatik % 60k positibotzat jotzen du Udalaren jarduera; mistoan parte hartu dutenetatik, aldiz, % 14k. Alarde mistoaren aldekoek ondoen baloraturiko erakundea Emakunde izan da (% 60k ondo edo oso ondo jokatu duela adierazi du), eta, ondoren, Arartekoa (% 57).

Ondorio gisa

Inkesta hau egiteko abiapuntua errealitatearen printzipioan kokatzea izan da. Errealitatearen printzipioa irundarren iritzia ezagutzea baino ez da. Azterlanaren emaitza ikusita, errealitatearen printzipio hori bi puntutan laburbil daiteke.

- Irungo biztanleen gehiengo handi batek (% 48) Alarde tradizional bakarra nahiago du.

- Aldi berean, gehiengo oso batek (% 72) banaketa gainditu eta akordiorako bideak bilatu nahi ditu.

Kontraesankorra badirudi ere, halakoxea da errealitatea, Hondarribiari buruz eginiko azterlanean islatutakoaren antzera. Orduan esan bezala, gizarteari, alderdi politikoei eta erakundeei dagokie bi jarrera horien arteko sintesi eraikitzaile bat bilatzea, politikaren, demokraziaren eta elkarrizketaren tresnak erabiliz.

Azterlan hau ikusita, Eusko Jaurlaritzak sentsibilitate sozial eta politiko guztiei elkarrizketa-ahalegin bat egitea iradokitzen die, alardearen ospakizunaren inguruko bizikidetza hobetzeko aukerak bilatzearren.

Horiek horrela, elkar-ulertze handiagoa lortzeko ahaleginak eta ekimenak egin behar direlakoan gaude, erakunde bakoitzak gai honen inguruan dagoeneko hartu duen jarrera alde batera utzita, azterlan honek horrelakoak ez baititu ez epaitzen ezta baloratzen ere. Horixe da Eusko Jaurlaritzak orain egiten duen ekarpen honen xedea, hain zuzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)