Berriak Osasuna
Eu

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeari buruzkoa. (2015-03-03(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 03

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK EUSKADIKO BALIABIDE SANITARIOEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN DEKRETU BERRIA ONARTU DU GAUR

Euskadiko hondakin sanitarioen kudeaketa arautzen duen dekretu berria onartu du gaur gobernu-kontseiluak, Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik proposatuta. Dekretu berriak dagoen araudia eguneratu eta egokitu nahi du osasun publikoa eta ingurumena babesteko.

Manipulatzeko, sailkatzeko, biltzeko, egokitzeko, biltegiratzeko eta garraiatzeko eragiketak zein balioztatzeko eta deuseztatzeko tratamendua hartzen ditu barnean hondakin sanitarioen kudeaketak, hondakin sanitarioei ezaugarrien araberako tratamendu egokiena ematearren, eta horiek guztiak jasota eta araututa daude dekretu berrian.

Araudi berriak, 2002an onetsitako 76/2002 Dekretua ordezten duenak, baimenen araubidea aldatu eta biltegiratzeko aldiak handitu ez ezik, hondakin sanitario mota ezberdinen bereizketa ere bereziki nabarmentzen du horiek hobeto sailkatu ahal izateko.

Dekretu berriak dakartzan berritasun nagusien artean hauek daude, besteak beste: hondakinak hiru taldetan sailkatuko dira, behar bezala bereizteko garrantzitsua dena; eta biltegiratzeko denborak luzatuko dira; berritasun horiei esker gestioa hobetuko da.

Horrela bada, gaur onetsitako dekretuak hiru taldetan sailkatzen ditu hondakin sanitarioak: hondakin sanitario ez-espezifikoak, hondakin sanitario espezifikoak eta hondakin sanitario ez-biologikoak eta horrelakoak jasotzen dituzten nahasteak.

Hauek dira, besteak beste, hondakin sanitario ez-espezifikoak: erabili eta botatzeko materialak; osasun-langileek erabilitako arropak, eskularruak eta maskarak; odolez, jariakinez edo iraizkinez zikindutako sendaketa-materiala, gernua duten edo izan duten ontziak, drainatze-ontzi hutsak, odolaren edo bestelako likido biologikoen poltsa hutsak, dialisi-iragazkiak, tutueriak, igeltsuak eta, oro har, zikindutako beste edozein hondakin edo likido biologikoak xurgatu dituena, betiere gainontzeko taldeetan jasotako hondakinak ez badira.

Espezifikoak, berriz, hauek dira: bai infekzioa eragiteko arriskua dutelako, bai hautemandako arriskua edo arrisku psiko-emozionala dutelako kudeaketa-etapa guztietan kudeaketa bereizia behar dutenak.

Eta azkenik, hauek sartzen dira izaera biologikoko hondakinen eta horrelakoak dituzten nahasteen multzoan: botika zitotoxikoen eta zitostatikoen hondakinak eta horiek prestatzeko erabilitako material guztia, baita horrelakoekin kontaktuan dagoena ere, fluxu laminarreko kanpainen eraginkortasun handiko iragazkiak barne; epigrafe honen beste paragrafo batzuetan zehaztuta ez dauden botika baztertuak; formolean edo beste produktu kimiko batean kontserbatutako hondar anatomikoak nahasiz sortutako hondakin sanitarioak; beste edozein hondakin, baldin eta, jardun profesional sanitarioaren ondorioz, artikulu honetan zehaztutako II. eta III. taldeetan jasotako hondakinen nahastea bada.

Hondakinen bilketari eta pilaketari dagokienez, araudi berriak handitu egiten ditu biltegiratze-aldiak hondakin motaren arabera. Hondakin sanitario espezifikoak hilabete arte egon ahal izango dira biltegiratuta, baldin eta behar bezala seinaleztatutako hozte-mekanismoak badaude, eta horrelakoek 4 C baino gutxiagoko tenperaturan edukitzea bermatzen badute.

Halaber, araudi berriak Hondakinen eta kutsatutako lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Estatuko Legera egokitzen da; izan ere, ingurumen-organorako komunikazio-erregimen bat ezartzen du, indarrean dagoen baimen-erregimena ordeztuta.

Aipatutako 22/2011 Legearekin bat etorriz, Dekretuak baimen- edo komunikazio-erregimen bikoitza jasotzen du hondakin sanitarioak sortzeko edo kudeatzeko jarduerak diren.

Azkenik, eta arauak osasunaren zein ingurumenaren arloko eskumenei eragiten dienez, lankidetza eta koordinaziorako mekanismoak hartzen ditu barnean, Gobernuaren bi sail horien organoek errazago gauzatu ahal izan ditzaten dagozkien eskumenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau