Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erabakia, Enplegua Aktibatzeko Programa arautzen duen (abenduaren 19ko 16/2014) Errege Lege Dekretuaren zenbait arauren aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzea baimentzekoa. (2015-03-03(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko martxoak 03

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK KONSTITUZIO AUZITEGIAREN AURREKO ERREKURTSOA JARRIKO DU FAMILIA KARGAK DITUZTEN LANGABETUENTZAKO 426 EUROKO LAGUNTZAREN KUDEAKETA ETA ORDAINKETA ESTATUAN ZENTRALIZATZEAREN AURKA, ESPAINIAKO GOBERNUAK HORI HITZARTZEARI UKO EGIN BAITIO

Laguntza horien kudeaketa 2010ean eskualdatu zen; horregatik, Eusko Jaurlaritzaren ustez Ekonomikoaren sistemaren bidez finantzatu behar dira horiek, eta kupotik 62,4 eta 74,9 milioi euro artean kendu beharko liratekeela kalkulatu du.
Espainiako gobernuak hirugarrenez urratu du legegintzaldi honetan 2010ean eskualdatutako enplegu-politika aktiboen arloko eskumena.
Espainiako gobernuak, enpresa-erakundeek (CEOE eta CEPIME) eta sindikatuek (UGT eta CC.OO.) 2014ko abenduan itundutako Enplegurako Aktibazio Programaren barruan sartzen da aipatutako laguntza.
Eusko Jaurlaritza nekatuta agertu da bi urte baino gehixeagoan 13 aldiz Konstituzio Auzitegiaren aurreko errekurtsoa aurkeztu behar izan duelako arlo askotako eskumen-urraketengatik.

Gobernu-kontseiluak Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztea onartu du gaur Enplegua aktibatzeko programa arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Legearen hainbat artikulurengatik, enplegu-politika aktiboen arloko eskumenak, bai eta Estatuaren eta Euskadiren arteko finantza-harremana, kontzertu ekonomikoa, urratzeagatik, Estatutuak eta Konstituzioak ezarrita eta babestuta egon arren. Zehazki 1., 3., 4., 5., 6., 7. eta 9. artikuluen, lehen eta bigarren xedapen gehigarrien eta azken xedapenetako lehen eta seigarrenaren zati baten edo osoaren aurkako errekurtsoa izango da.

Aipatutako errege lege-dekretu horrek Enplegurako aktibazio-programa arautzen du, Espainiako gobernuaren eta CEOE eta CEPIME enpresa-erakundeen zein UGT eta CC.OO. sindikatuen artean hitzartutakoa. Horren barruan 426 euroko laguntza ekonomikoa jasotzen da, familia-kargak dituzten iraupen luzeko langabetuen laneratzea errazteko. Errege lege-dekretuak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ematen dizkio diru-laguntza horren finantzaketa, kudeaketa eta ordainketa, bai eta horren onuradun izan daitezkeen pertsonen eskubidea aitortzeko edo ukatzeko ahalmena ere.

Eusko Jaurlaritzak salatzen duenez, diru-laguntza horrek ez du langabeziagatiko prestazio baten edo gizarte-segurantzaren bestelako prestazio baten izaerarik, baizik eta enplegua sustatzeko pizgarri bat dela, Euskadiri 2010ean eskualdatutako enplegu-politika aktiboen eskumenaren esparru materialaren barruan dagoena (*). Horregatik, hemen, Lanbidek erabaki behar du horri buruz eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren arabera finantzatu beharra dago.

Espainiako gobernuak Enplegurako aktibazio-programaren laguntza horretara 1.000 eta 1.200 milioi euro artean bideratuko dituela zenbatetsi du; horrenbestez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, onartutako eskumena bete eta programaren kudeaketa eta finantzaketa EAEri emanez gero, kupotik 62,4 eta 74,9 milioi euro artean kendu beharko lirateke.

ESKUMENEN URRAKETAK BEHIN ETA BERRIZ

Eusko Jaurlaritza aspertuta agertu da eskumenen beste urraketa honen aurrean, behin eta berriz gertatzen ari delako: urrian Eusko Jaurlaritzak Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztu zuen langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duen urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren Prepara planean jasotako iraupen luzeko langabetuentzako 400 euroko laguntzagatik.

Orduan, orain bezala, Espainiako gobernuak hainbat laguntza jaso zituen langabeziagatiko prestazioa agortu zitzaien langabetuentzat, eta horiek SEPEk finantzatzen, erabakitzen eta kudeatzen zituen, Euskadin hori Lanbidek egin behar bazuen ere.

Halaber, urriaren 15eko 18/2014 Legearen aurkako errekurtsoa ere aurkeztu zen Gazte Bermea Sistema Nazionalaren kudeaketari eta finantzaketari dagokienez, arrazoi berengatik.

KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Legegintzaldian, oraingoz, Eusko Jaurlaritzak 13 aldiz jo behar izan du Konstituzio Auzitegira Espainiako gobernuaren eskumen-inbasioak salatzeko. Zehazki, Konstituziokontrakotasun 10 errekurtso eta eskumenen 3 gatazka positibo aurkeztu ditu; auzitegiak ez du horiei buruz ebatzi oraindik:

Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzeko urriaren 15eko 18/2014 Legea. (Merkataritza-ordutegien guztizko liberalizazioaren gaia eta ikasten ari ez diren eta lanik ez duten gazteentzako laguntzen gaia).
1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa. (Lanaldi partzialeko langileak).
8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntza Kalitatea hobetzekoa. (LOMCE).
1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. (Prepara Planaren luzapena, 400 €-en kudeaketa).
2012rako Aurrekontuen Espainiako Legea. (Funtzionarioen aparteko ordainketa eta funtzionarioen barne-antolaketa).
2013rako Aurrekontuen Espainiako Legea. (Funtzionarioen aparteko ordainketa eta funtzionarioen barne-antolaketa).
Estatuko 20/2012 Errege Lege-dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Merkataritzaren gaia eta Funtzionarioen gaia).
4/2013 Errege Lege-dekretua, otsailaren 22koa, eta 11/2013 Legea, uztailaren 26koa, ekintzaileari laguntzeko eta hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa. (Interes orokorrekotzat jotako trenbideak).
Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege-dekretua.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko 16/2012 Errege Lege-dekretua. (Osasun arloko koordainketa).
1506/12 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Osasun Sistema Nazionaleko prestazio ortoprotesikoen zorro erkide osagarria arautzen duena eta prestazio ortoprotesikoen finantzaziorako gehieneko zenbatekoak zehazteko oinarriak ezartzen dituena. 766/2013 zenbakidun gatazka. (Ortoprotesiaren arloko koordainketa)
126/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma ezartzen duena. (LOMCEren garapenen gaia).
Abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuaren, ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak erregulatzen dituena. (Ezgaitasunak dituzten txartela emateko erregulazioa).


(*) 1441/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa. Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28an hartutako erabakia.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau