Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioi euroko diru-laguntza eman die Euskadiko hainbat udalerritan gauzatzeko tokiko iraunkortasuneko ehun bat proiekturi

2015.eko martxoak 03

Amaia Barredo: «Tokiko ekimen horiek ondare naturala zaintzen laguntzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte eta iraunkortasunaren aldeko hezkuntza sustatzen dute»

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu ditu Euskadiko hainbat udalerritan gauzatzeko iraunkortasuneko 110 proiektu. Guztira, milioi bat zortziehun mila euro bideratu ditu laguntza horietara udalek iraunkortasun-politikak ezar ditzaten tokian-tokian. Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok honakoa esan du ekimen horiei buruz: «2020rako Ingurumen Esparru Programa berrian jasotako ingurumen-erronkak betetzen laguntzen dute; besteak beste, ondare naturalaren zaintza, klima aldaketa eta iraunkortasunaren aldeko hezkuntza.

Diru-laguntzen aginduak 483.000 euro bideratu ditu ikerketara eta tokiko titulartasun publikoko lurzorua berreskuratzeko jardueretara; 700.000 euroko beste partida bat ingurumen-airearen kalitatea hobetzera, zaratari buruzko ekintzetara, berotegi efektuko gas-isurketak murriztera eta klima aldaketaren eraginak murriztera Euskadin. Azkeneko partida, 470.000 eurokoa, Euskadiko dibertsitate biologikoa zaintzeko, leheneratzeko eta hobetzeko izango da». Azkenik, Eskolako Agenda 21en eta Tokiko Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak 160.000 eurorekin lagunduko dira.

Guztira, aurkeztutako 158 proiektuetatik 110ek jasoko dute diru-laguntza. Lurzoruen atalean 20 proiektu lagundu dira; atmosferari zuzendutako 27; biodibertsitateari zuzendutako 21 eta Tokiko Agenda 21 eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioari zuzendutako 40.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendariaren hitzetan, «proiektu horiek gauzatzeak nabarmen hobetuko du ingurumenaren kalitatea, urtean atmosferara mila tona CO2, 500 kg-tik gora partikula eta 1500 NOx isurtzea saihestuko baitute». Eta honakoa erantsi du: «Biodibertsitatearen arloan egiten diren jarduerak batik bat Natura 2000 Sareko guneetan egiten dira, Kontserbatzeko Eremu Bereziak Kudeatzeko Planean bildutako jarduerak barne».

Diruz lagundutako proiektuen artean, nabarmentzekoak dira garraio publikorako erositako ibilgailu elektrikoena, hainbat udalerritan motorrik gabeko mugikortasuna sustatzeko eginiko jarduerak, klima aldaketari egokitzeko programak eta jarduerarik gabeko zabortegi publikoen ingurumen-jarraipen eta -kontrola, besteak beste.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)