Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Hezkuntza sailak Hezkuntza Marko Hirueleduna martxan jarri du

2010.eko ekainak 25

74 ikastetxek beren esperimentazio proiektuak aurkeztu dituzte, Araban 11, Bizkaian 44 eta Gipuzkoan 19

Celaák esan du esperimentazio proiektu hau “gizartearen eskaera ukaezin” bati erantzuteko sortu dela, izan ere, euskara eta gaztelaniaren gaineko ezagutzarekin batera, euskal hezkuntza sisteman ingelesaren ezagutza hobetzeko exijitzen ari da.

Datorren ikasturtean 40 ikastetxek funts publikoekin parte hartuko dute hiru urte iraungo duen esperimentazio Proiektu honetan. Hezkuntza Marko Hirueleduneko proiektuaren helburua euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat irakaskuntza eta ikasketarako hizkuntza gisa erabiltzeko esperimentazio esparru bat eskaintzea da.

Horixe azaldu du Isabel Celaák, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak. Proiektua martxan jarri eta ebaluatu ondoren, Marko Hirueledunerako proposamena egingo da, “egungo hizkuntza ereduen sistema gainditu eta hobetuko du, Eskola Erkidegoak behin eta berriro eskatu duen bezala”. Sailburuak ekimen hau “gizartearen eskaera ukaezin” bati erantzuteko sortu dela azaldu du, izan ere, gure hizkuntza ofizial bien gaineko ezagutzarekin batera, euskal hezkuntza sisteman ingelesaren ezagutza nabarmen hobetzeko exijitzen ari da. Proiektua izaera unibertsalekoa da, hau da, ez da kontuan hartuko familien maila sozioekonomiko eta kulturala.

Euskal Hezkuntzaren arloko arduradunak azaldu duenaren arabera, hizkuntza bakoitzean gutxienez 5/6 ordu garatu beharko dira, baina gainerakoari dagokionez, ikastetxeek autonomia zabala izango dute beren Proiektu Linguistikoa zehazteko. Hezkuntza administrazioak markoa proposatzen du, baina “ikastetxe bakoitza da bere mihisea pintatzen duena, beti ere, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzeko, euskara sustatzeko, elebitasuna finkatzeko eta ingelesa nazioarteko komunikaziorako oinarrizko hizkuntza gisa aktibatzeko”.

Deialdian Hezkuntza Sailak ikasturte honetan garatu dituen eta Hezkuntza Marko Hirueleduna martxan jartzea erraztera bideratuta dauden ekimen ugari barne hartu dira, esaterako, irakasleak atzerriko hizkuntzetan prestatzera bideratutakoak eta ikasleen ingeles-maila hobetzeko helburua dutenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Celaa