Berriak Osasuna
Eu

Darpón osasun sistema «publiko, kalitatezko eta unibertsal» baten alde agertu da etorkizunari begira

2015.eko martxoak 04

Osasuneko sailburuak #DarponTopaketa ekimenean sare sozialetan balorazio onena jaso duten galderei erantzun die

Euskal herritarrentzat «konfiantzazkoa» izaten segituko duen sistema, hori da Jon Darpón sailburuak Irekiaren YouTube-ko kanalean zuzenean jarraitu ahal izan den Topaketan emandako erantzunetako bat. Darpón unibertsaltasuna, ekitatea, solidaritatea, irisgarritasuna, kalitatea, eraginkortasuna, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea babestuko dituen osasun-sistema baten alde agertu da. Guztira, 24 galdera egin dira gaur goizeko Topaketan, herritarrek Twitter-en eta Facebook-en eginiko iruzkinei esker. 

Besteak beste, Osakidetzako behin-behineko langileen egoera eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako lan-eskaintza publikoa izan dituzte hizpide. Darpónek azaldu duenez, aurten 1.000 lanpostu eskaini dira eta datorren urtean 1.000 gehiago eskaintzea da asmoa. Orotara, 2.000 lanpostu, beraz, kopuru handia inondik ere, bere iritzian, ez baitago Euskadin halako kontratazio-ahalmenik duen enpresa publiko nahiz pribaturik. LEPa barne-sustapeneko eskari handieneko kategoriekin osatuko da, lanpostu hutsik ez uzten ahaleginduta, adierazi duenez. Sailburuak aitortu du lanpostu gehiago eskainiko lituzkeela, baina, azaldu duenez, «hobe da orain 2.000 lanpostu eskaintzea berme osoarekin, 3.000 eskaini eta prozesua eten eta luzatzea baino», Estatuko araudiaren erruz. 

Azkenik, Osasuneko sailburua herritarren artean piztutako eztabaidaz mintzatu da; alegia, Osakidetzan egiten den euskararen erabileraz. Euskara «lehentasunezko» gaia da Eusko Jaurlaritzarentzat; izan ere, legegintzaldi honetan onartu da euskararen erabilera normalizatzeko bigarren plana. Darpónen iritzian, eskubidea izateaz gain, profesionalaren eta pazientearen arteko zubia da eta, azken horren ama-hizkuntza den kasuetan, osasun-arretaren kalitatea hobetzea eragiten du. Helburua da profesionalek hizkuntza pixkanaka ikastea da, eta ukatu egin du arrazoi horregatik inor sistematik kanpo geratu denik. 

Erantzunen zerrenda

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)