Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaleta Sailburuaren hitzaldia, Vital Kutxak antolatutako “Berrikuntza, enplegua eta enpresen finantziazioa garai zailetan” jardunaldiaren esparruan

2009.eko urriak 07

Gemma Zabaleta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua:


"Funtsezkoa da lan-bizitza osoan etengabeko prestakuntza kualifikatua edukitzea, enplegurik gabeko tarteak egonik ere"

o Elkarrizketa soziala. "Foro horretan hasitako lana baterako erantzukizunaren erakusgarri da, baita herriarekiko eta herriaren arazoak konpontzearekiko konpromisoaren adierazgarri ere"

o Enpleguko politika aktiboen transferentzia. "Ezohiko egoera bati aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak izandako elkarrizketa emankorra izan da"

o Helburua: enplegua."Kalitatezko enplegu duina mantentzea, babestea eta sortzea izan behar du helburu nagusia, berdintasuna bermatzearekin batera"

 

Gaur goizean, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak, Vital Kutxak "Berrikuntza, enplegua eta enpresa-finantziazioa garai zailetan" izenburupean antolatutako enpresa-jardunaldian parte hartu du. Berrikuntzako ministro Cristina Garmendia andreak, Enpresa Bankuko zuzendari Mariano Caudepón jaunak eta finantza-entitateko presidenteak eta zuzendariak (Gregorio Rojo jauna eta Joseba Barrena jauna, hurrenez hurren) ere parte hartu dute ekitaldi horretan.

Gemma Zabaletak bere hitzaldian azpimarratu duenez, egungo krisi ekonomikoa "ez da gure lehen krisi handia, jendartean krisirik okerrena delako sentsazioa nagusitu den arren". "Horregatik, beste ataka batzuetatik onik atera bagara, oraingoan ere lortuko dugu, uste osoa dut horretan".

Horren haritik, Enpleguko sailburuak honako hau adierazi du: "gaur egungo egitura industriala desberdina da, hainbat sektore tradizional modernizatu dira, eta etorkizuneko sektore berrietan lanean ari gara dagoeneko", eta, jarraian, honako hau azpimarratu du: "Euskadik aurrera egin dezake jakintzaren gizartean, eta iraunkortasunez hazteko gauza ere izan daiteke, enplegu gehiago eta enplegu hobeak sortuz eta gizarte-kohesio handiagoa ahalbidetuz".

Ildo horretatik, Zabaletak nabarmendu du Euskadik eskura dituela egungo egoerari aurre egiteko beharrezko tresnak, eta Eusko Jaurlaritzak "herri baten anbizioa" duela erantsi du: "anbizio horrek gidaturik, egoeraren egiazko diagnostikoa egin behar dugu, errealitateari aurre egin behar diogu, krisiari bere gordintasunean helduz eta egia osoa onartuz, eta euskal gizartearen gehiengo zabalak ulertuko dituen erabakiak hartu behar ditugu".

Bere hitzaldian, sailburuak honako hau azpimarratu nahi izan du: "kalitatezko enplegu duina mantentzea, babestea eta sortzea izan behar du helburu nagusia, berdintasuna bermatzearekin batera".

Horren haritik, enplegua gizarte-bazterkeriaren aurkako tresna baliagarria delako uste osoa duela adierazi du, eta honako hau nabarmendu du: "ez dago sistematik kanpoko herritarrik. Sisteman zailtasun ugari edo zailtasun gutxi aurkitzen dituzten herritarrak baizik. Eta egoera horri aurre egiteko, askotariko eskaintzak jarri behar ditugu abian, prestakuntzari, enplegagarritasunari edo laguntzari buruzkoak, edo bestela eskaintza guztiak aldi berean bultzatu. Erronka ez dira subsidioak, erronka enplegua da".

Ildo horretatik, irailean "7.000 enpleguko programa" onartu izana ekarri nahi izan du gogora, lanik gabe eta/edo bazterkeria-arriskuan erortzeko egoeran dauden pertsonen kontratazioa aintzat hartzen duena. Orain gutxi, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak plan horren edukiak ezarri ditu.

Elkarrizketa soziala

"Ondo asko dakit ekimen horiek ez direla behin betiko konponbidea. Baina niretzat harrigarria da batzuetan ekimen horiek lehia politikoaren zurrunbiloan sartzea, eta, areago oraindik, zenbaiten aldetik gutxiespena eta mespretxua jasotzea, politikari guzti-guztien babesa eduki beharko zuten ekimenak izanik. Krisi-egoera honetan, krisia da garaitu beharreko aurkari bakarra. Ahalegin guztiak batu behar ditugu eta krisiaren arrazoiak sakonetik aztertu, irtenbideak hautatzean errazago asmatzeko" adierazi du Zabaletak.

Horregatik, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak egindako lana goraipatu nahi izan du berriz ere, "baterako erantzukizunaren erakusgarri delako, baita herriaren aldeko eta herriaren arazoak konpontzearen aldeko konpromisoaren adierazgarri ere".
Haren iritziz, uztailaren 2an foro hori abiatu zenean "bide berri bat ireki zen, gizarte-agenteek, elkarri bizkarra eman beharrean, elkarrekin lanean jardun dezaten". Hala, Elkarrizketa Mahaiaren "erabateko legezkotasuna" berretsi du. "Izan ere, mahai horretan geratzeko erabakia hartu dutenek elkarrizketa jarri nahi dute herritarren zerbitzuan, herriarekiko hartu duten erantzukizunaren erakusgarri, herritarrentzat elkarrizketa tresna baliagarria den aldetik".


Enpleguko politika aktiboak:

Bere hitzaldian Enpleguko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren "funtsezko beste erronka bat" azpimarratu nahi izan du: enpleguko politika aktiboen eskualdatzea, 2010eko urtarrilaren 1ean gauzatuko dena.

"Horren esanahia nabarmendu nahi dut -esan du-, lehenik eta behin, ezohiko egoera bati amaiera emateko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak izandako elkarrizketa emankorra izan dela ematen duelako aditzera. Euskal Autonomia Erkidegoa Estatuan enpleguko zerbitzua antolatu eta orientatzeko eskumena jaso duen azken erkidegoa da, eta hori ezin daiteke onartu, zerbitzu hori herri batentzat funtsezkoa dela aintzat hartzen badugu".

Zabaletak argi eta garbi esan du oraindik goiz dela eskualdatzea nola gauzatuko den aurkezteko, "negoziazio-prozesuan bete-betean murgilduta gaudelako". Alabaina, honako hau baiezta dezakegu: "Sailak errespetatu egingo ditu talde guztien adostasunarekin Eusko Legebiltzarrak bere garaian ezarritako jarraibide guztiak". "Estatuko Administrazioarekiko negoziazio-prozesua aurrera doa, Kontzertu Ekonomikoarekiko erabateko atxikimendutik abiatuta", esan du ildo beretik.

Euskal Enplegu Zerbitzu berriaren harira, sailburuak ziurtatu du Jaurlaritzak "ereduzko zerbitzu bat sortu nahi duela, eraginkorra izanik herritarren eta gizarte-agenteen konfiantza irabaziko duena".

Horren haritik, honako hau azpimarratu du: "zerbitzu berria osatzerakoan, enpleguko politika guztiak kudeatu behar direla hartuko dugu kontuan. Eta horretarako produkzio-jarduerak bultzatu egingo ditugu, eta, hori ez ezik, komunikazio-mekanismo egonkorrak ere ezarriko ditugu, enpleguko politika aktiboen kudeatzaileen eta enpresen artean. Ikuspegi berritzaile eta moderno batetik abiatuta, honako hauei guztiei helduko diegu: lan-merkatuaren bitartekotzari, enplegurako lanbide-heziketari, enplegua sustatzeari, orientazioari eta laneratzeari, eta prestakuntza eta enplegua uztartzen duten programei, langabeen laneragarritasuna hobetzeko".

Bere hitzaldian, Enpleguko sailburuak behin eta berriz aipatu du prestakuntzaren gaia. Hala, euskal lan-merkatuaren egiturazko arazoetako bat azpimarratu du, horren haritik: "prestakuntza-maila handia dutenen zati batek kualifikazio txikiagoko lanpostuetan dihardu, eta horrek ondorio txarrak eragiten ditu beste kolektibo batzuen langabeziaren eta lanik ezaren benetako mailetan".

Horren ildotik, honako hau azpimarratu du: "funtsezkoa da lan-bizitza osoan etengabeko prestakuntza kualifikatua edukitzea, enplegurik gabeko tarteak egonik ere"


"Funtsezkoena ez da zein lan-egoeratan dagoen pertsona, pertsona horrek dauzkan prestakuntza- eta/edo espezializazio-beharrak baizik, langabezian dagoen edo lanean ari den kontuan izan gabe". Horregatik, honako hau adierazi du Zabaletak: "Euskal Enplegu Zerbitzuan hainbat tresna eta ekintza integratu behar dira, prestakuntza bultzatzeko eta enpresen eta lana duten eta lanik ez duten langileen artean hedatzeko, haien premiei erantzungo diena eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko mesedegarri izango dena. Gainera, enplegurako prestakuntzaren kalitatea igotzeko, Kualifikazio Sistema Integrala jarri behar da abian, eta eskuratutako gaitasun profesionalak onartzea izango da horren ardatz nagusietako bat.

Sailburuaren iritziz, langabeziaren aurkako borroka, "lanik ezaren aurkako borroka ere bada", eta langileen prestakuntza sustatu edo ordaindu behar da, "gero eta lehiakorragoa den lan-merkatuarentzat beharrezkoa den heinean". Horregatik, honako konpromiso hau hartu du: euskal zerbitzu berrira bilduko den langabe orok "gehienez sei hilabete emango ditu prestakuntza-aukera bat eduki gabe".

Amaitzeko, Enpleguko sailburuak adierazi du hiru mailetan jardun beharko dutela: laneratzea bultzatzean; sustapen, prestakuntza eta birziklatzean; eta gaitasunak garatzean. "Nire ustez, -esan du- Enplegu Zerbitzuek eta Gizarte Zerbitzuek elkarlanean aurrera egiten badugu, koordinazio eta lankidetza hori lagungarri gertatuko da eredu orekatuago eta zuzenago bat finkatzeko, gure herritarren ongizatea sendotzearren".

Horren haritik, sailburuak berriz ere adierazi du erronka enplegua dela, eta honako hau erantsi du: "Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak ezin dira sistematik kanpo utzi, horrek haien egoera are larriago bihurtzen duelako. Gizarte-zerbitzuen erabiltzaile izatetik enplegu-zerbitzuen erabiltzaile izatera igaro behar dute. Herritar guztiek ahalegindu behar dutelako enplegu bat bilatu eta aurkitzen, beren laneragarritasuna hobetzeko edo komunitateari zerbitzu bat eskaintzeko".

 

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 7a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera