Berriak
Eu

Elena Unzueta: "Kalitatezko zerbitzu elebiduna bermatzea eta euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea da Kontsumobideren I. Euskara Planaren (2013-2017) helburua"

2015.eko martxoak 02

Kontsumobideko zuzendariaren agerraldia Eusko Legebiltzarrean

 

Kontsumitzaileei arreta hobea eskaintze aldera Kontsumobiden hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea da Kontsumobideren I. Euskara Planaren helburu nagusia. Plana joan den abenduaren 3an onartu zuen Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak, eta gaur bertan aurkeztu du Elena Unzueta zuzendariak, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordearen aurrean.

Elena Unzuetak azpimarratu du administrazio ororentzat ezinbesteko betebeharra dela hizkuntza-eskubideak errespetatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ardura da bi hizkuntza elebidunetan kalitatezko zerbitzua bermatzea, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz; eta Kontsumobidek ere, haren zati denez, ardura bera du.

Elena Unzuetak esan duenez, 2017 aldirako I. Euskara Plana onartuta, helburua da euskara zerbitzua emateko hizkuntza gisa, ahoz zein idatziz, erabil dadin bermatzea hala kanpoko harremanetan –beste herri-administrazioekin eta herritarren arretarako zerbitzuetan–, nola barneko harremanetan –euskara Kontsumobideko lanerako hizkuntza izatea, alegia–.

Kontsumobideko zuzendariak azaldutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana kontuan hartuta idatzi da aipatutako plana, eta bat dator 2014-2018 aldirako Kontsumobideko Plan Estrategikoarekin. 2014ko uztailean onartutako azken plan horrek, jardueren artean, Kontsumobideko hizkuntza-normalizaziorako I. plana egitea, ezartzea eta jarraitzea jasotzen du kontsumitzaileei arreta elebiduna ematea bermatzeko, betiere Eusko Jaurlaritzan Euskara Erabiltzeko 2013-2017 aldirako V. Plan Orokorraren arabera.

Hala, I. Euskara Plana sortu da dokumentu horiek oinarri hartuta eta Kontsumobiden euskarak egun duen egoeraren gaineko azterketa sakona egin eta Institutuko langile guztiei galdetu ondoren.

 

Helburu orokorrak

Planak honako 4 helburu orokor hauek jasotzen ditu:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea Kontsumobiderekiko harremanetan, bereziki herritarrei zuzeneko arreta emateko zerbitzuetan.
  • Euskara lanerako hizkuntza izateko aurrerapenak egitea, euskaraz gero eta gehiago sortuz.
  • Euskara gehiago erabiltzea Kontsumobideren eta bestelako herri-administrazioen arteko harremanetan.
  • Kontsumobideko Zuzendaritzaren lidergoa sendotzea euskararen normalizazio-prozesua Kontsumoko Euskal Institutuaren ohiko jardunean txertatzeko.

Aipatutako helburu orokorrak osatzeko zeharkako hiru lerro ezarri dira, horiek garatzeko lagungarri izango direnak: Planean bertan ezarritako hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta arauak aplikatzea; Kontsumobideko langileen eta zuzendaritzaren hizkuntza-gaitasuna handitzea, erabilera areagotzeko, eta azkenik, Kontsumobideko langileen eta zuzendaritzaren euskararekiko atxikimendua sustatzea euskararen erabileran eragiteko.

Halaber, eta Euskara Planak ezarritako helburuak betetzeko, berariazko 53 neurri ere jaso dira. Kontsumobidek neurri horiek hartuko ditu Planean ezarritako helburuekin eta zeharkako lerroekin lotuta.

 

Jarraipena eta ebaluazioa

Kontsumobideren I. Euskara Planaren urteko ebaluazioa egingo du Institutuak berak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Kontsumobiderekin elkarlanean, bitarteko ebaluazio bat egingo du plangintza-aldiaren hirugarren urtean, eta azkenik, haren indarraldia amaitu aurretik, hau da, 2017ko abendua baino lehen, amaierako ebaluazio bat egingo du Kontsumobidek.

 

Agiria

'Kontsumobiden Euskararen erabilera normalizatzeko berariazko plana (2013-2017)' (pdf, 1,47 MB) 

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoak 2.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)