Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Europako Batzordearen txosten batek nabarmendu duenez, Euskadik garrantzi handia du metalaren sektorean, hirugarren eskualdea baita Europan makina-erremintaren industrian

2010.eko ekainak 24

Bernabé Undak inauguratu du Europan metalaren industriari buruz egin den lehen mintegia, hainbat herrialdetako adituak elkartu dituena

400.000 enpresak baino gehiagok osatzen dute metalaren sektorea Europan, eta 4 milioi pertsonari baino gehiagori ematen diete lana. Mintegia amaitzeko, ildo estrategiko berriak aplikatzeko proposamena egin dute. 

Euskadi Europako eskualde garrantzitsuenetako bat da metalaren sektorean, batetik, makina-erremintaren industrian duen garrantziarengatik, eta bestetik enpresa kopuru handia biltzen duelako (burdingintza, galdaketa, forjaketa, automobilgintza, ontzigintza, energia eta abar), eta enpresa horiek guztiek lanpostu ugari sorrarazten dituztelako. Europako Batzordearen txosten batek, gaur Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren aurkeztu dutenak, horixe eman du aditzera. EBko sektore osoaren egoeraren berri ematen du lan horrek, eta, laburbildurik, "Begirada bat sektore ikusezinari" izenburuarekin aurkeztu da.

Europako Batzordeak Euskadi hautatu du Metalaren Industriari buruzko Europako lehen Mintegia egiteko. Egunean zehar, sektoreko ehun adituk, gutxi gorabehera, parte hartu dute mintegi horretan, Europako erakunde horretatik eta EBko hainbat eskualdetatik eta Euskaditik etorritakoak.

Hainbat alorretan (industria, federazioak, banka, erakundeak eta sindikatuak) adituak diren pertsona horiek eztabaida egin dute Europako Batzordeak egindako txostenaren inguruan. Euskadiko metalaren sektorea nabarmendu da funtzionamendu onaren adibide gisa. Horregatik, Euskadiko erakunde eta enpresetako zenbait hizlari gonbidatu dituzte mahai-inguru batean parte har dezaten, eta bertan azal dezaten zein diren Euskadin sektore horren arrakasta ahalbidetu duten oinarriak. Europan arlo horretan garrantzitsuenak diren herrialdeetako batzuetako zenbait ordezkarik parte hartu dute mintegian.

"Sektore ikusezina"

Egunari hasiera emateko, Europako Batzordeak landutako txostena aurkeztu dute. Txostenaren 266 orrietan, honako hauek jaso dira, zehatz-mehatz jaso ere: metalaren sektoreak Europan sortzen duen enplegua, sektore horren produktibitatea, enpresen egitura, banatzaileak, sektorearen lehiakortasuna eta funtsezko beste zenbait alderdi.

Dokumentuaren ondorio nagusietako baten arabera, metalurgia-industria ez da nabarmentzen Europan (horregatik "Begirada bat sektore ikusezinari" izenburua), Europako hiri eta eskualde gehienetan ezarrita dauden hainbat industria biltzen baditu ere. Europako ekonomiaren garrantzizko eragilea da, baita enplegu-sortzaile nagusietako bat ere. Zehazkiago, 4 milioi lanpostu baino gehiagoren sortzaile. 400.000 metalurgia-enpresa baino gehiago biltzen ditu sektoreak, eta enpresa gehienak ETEak dira. Eraikuntzaren salbuespen bakarrarekin, manufakturen edo ingeniaritzaren beste ezein sektorek baino enpresa gehiago biltzen ditu metalaren sektoreak.

Europako eskualdeak aztertu ditu azterlanak, Euskadi barne, eta Euskadik sektore horretan garrantzi handia duela nabarmendu du. Horren haritik, euskal klusterren garrantzia nabarmendu du, baita makina-erremintaren industriaren garrantzia ere.

Txostenaren arabera, Euskadi hirugarren eskualdea da Europan makina-erremintaren sektorean, esperientzia- eta lehiakortasun-maila handia duelako, malgutasun handia eta aldaketetara egokitzeko gaitasun handia erakutsi duelako, eta garrantzizko zenbait zentro teknologiko biltzen dituelako. Bestetik, ahulezien artean, enpresen tamaina nabarmendu du, baita produkzio-kostu txikiekin jarduten duten herrialdeen mehatxua ere.

Enpresek euskal erakunde publikoetatik jasotzen duten laguntzaren garrantzia ere nabarmendu du txostenak. Ildo horretatik, inaugurazio-ekitaldian, Bernabé Unda jaunak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak metalaren sektorea bultzatzen jarraituko duela. Adierazi duenez, azken Renove planarentzat (joan den maiatzaren 31n aurkeztu zen, Bienalean) 10 milioi euro jarri ditu Jaurlaritzak, eta aurrerantzean ere horrelako ekimenak jarriko ditu abian, baita nazioartekotzeko ohiko programak ere. Gainera, uztailean aurkeztuko den 2010-2013 Lehiakortasun Planak Euskadiko enpresen berrikuntza, lehiakortasuna eta nazioartekotzea indartuko ditu. Sailburuak honako datu hau erantsi du: "Metalaren sektoreak euskal langileen % 60 baino gehiago bereganatzen du".

Europar Batasuneko Enpresa eta Industria Zuzendaritza Nagusiaren Unitateko buru Alexandra Tour-Schroeder andreak gidatu du ekitaldia, eta mintegiaren azken ondorioak aurkezteko ardura ere hartu du. Egunean zehar bi mahai-inguru antolatu dira. Parte-hartzaileen artean, Europako herrialde eta eskualde industrializatuenetako (Italia, Alemania, Begika, Polonia, Frantzia eta abar) gonbidatuak zeuden, eta herrialde horietako Administrazioak eta sektoreko elkarte eta federazioek ordezkaritza izan dute.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda