Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «Bizitegi-kuantifikazioak etxebizitza berriaren sorrera-aurreikuspenen kalkulua egokitzen du azken urteetako biztanleriaren bilakaeraren arabera»

2015.eko otsailak 27
  • Larritzat jo du «foru-eskumenak usurpatzea eta 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriei hirigintzako eskumenetako batzuk kentzea salatu izana»
  • «Ezinezkoa da horrelako aberrazio batera daramatzan oinarri juridikoren bat aurkitzea».

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik honela nabarmendu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean: «bizitegi-kuantifikazioa arrazoizko proposamena da, etxebizitza berriaren sorrera-aurreikuspenen kalkuluaren formula azken urteetako biztanleen bilakaeraren, bizi diren pertsona kopuruaren eta udalerrietan dauden etxebizitza hutsen arabera egokitzen duena. Lurraldearen erantzukizun- eta jasangarritasun-irizpideak hartzea da helburua, behar baino lurzoru gehiago okupatu edo artifizializatu gabe».

 

Oregik irmotasunez azaldu du «ez» dela «udal-plangintza onartzeko eskumena inola ere aldatzen». Gainera, hori ezinezkoa izango litzateke –gehitu du– gai hori Lurzoruari buruzko Legean arautzen delako, eta ez dekretu bidez, azken hori izanik LAGen kasua, Lurraldea Antolatzeko Legetik eratorrita.

 

Legebiltzarreko adierazpenetan, Ana Oregik «larritzat» jo du «foru-eskumenen usurpazioa eta 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriei hirigintza-arloan orain arte erabili dituzten eskumen batzuk kentzea egoztea. Gure dekretu-proposamena zehatz-mehatz aztertuta ere, ezinezko gertatzen zait horretara eramaten dituen oinarri juridiko posible bat aurkitzea».

 

Talde politikoren batek iradoki du Eusko Jaurlaritzak «foru-eskumenak usurpatu nahi» zituela «eta 7 mila biztanle baino gutxiagoko udalerriei hirigintza-arloan orain arte erabili dituzten eskumen batzuk kendu nahi» zizkiela. 

 

Oregik adierazi duenez, «ez gaude LAGak aldatzeko izapideetan murgilduta, LAGak bizitegi-kuantifikazioari dagokionez puntualki aldatzea baita xedea. Aurreko gobernuak LAGen ez-funtsezko aldaketarako prozesua hasteko erabakia hartu zuen 2010eko urrian, horren barruan bizitegi-kuantifikazioaren gaia ere jasota. Hala ere, gobernu honek LAGak oso-osorik berrikusteko beharra sartu zuen bere lan-egitarauan». Sailburuak aurreratu duenez, udazkenean hasi nahi dute LAGak berrikusteko prozesua.

 

«Guztiz gezurra da –erantsi du Oregik– hilabeteko epea eman izana alegazioak aurkezteko, hiru hilabete eman baitziren horretarako ekimena bi aldiz, 2014ko martxoan eta maiatzean, EHLABen aurkeztu ondoren. Lau bilera egin dira, halaber, diputazio bakoitzarekin eta EUDELekin, eta adostutako hainbat aldaketa sartu ziren horien ostean bizitegi-kuantifikazioaren proposamenean».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)