Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak sakonerak, zoladurak, hornigailuak eta portuak leheneratzeko lanen berri eman zien amarratzaileei

2015.eko otsailak 28
  • Almudena Ruiz de Angulo: «Elantxobeko amarradura-baimenen deialdia prestatzen ari gara, eta laster izango du gasolio-hornidura»
  • Denboraleak eta erdi-urperatutako lanen zailtasunak gorabehera, Lazunarri berreraikitzeko lanen erritmo ona nabarmendu daiteke
  • Portuak kudeatzeko aplikazio informatiko berria 
  • Bilera egin dute Bilbon portuetako erabiltzaileen elkarteekin: Elantxobeko Ermitxo, Bermeoko Portuzarra, Ondarroako Arrigorri, Plentziako Proa, Mundakako Gorataldi, Lekeitioko Leakai eta Hondarribikoa eta Zierbanakoa

Ostegunean, hilak 26, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendaritzak eta EAEko portu guztietako amarratzaileen elkarteetako ordezkariek bilera egin zuten Bilbon. Eusko Jaurlaritzak hurrengo hiletan egingo dituzten lanen eta kudeaketako eta zerbitzuetako hobekuntzen berri eman zien.

Bestalde, Plentziako, Armintzako, Elantxobeko, Lekeitioko eta Ondarroako portuetako ordezkariek sakonerarekin dituzten arazoak azaldu zituzten. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila hasi da dragatua egiteko izapideak prestatzen, portuetako harea hondartzetara itzultzeko.

«Lekeitioren kasuan, sakoneraren arazoa Lazunarriko dikea berreraikitzeko lanak amaitzean konponduko da. Denboraleak eta erdi-urperatutako lanen zailtasunak gorabehera, obraren erritmoa ona da», azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok.

«Plentziari dagokionez, arazoak ez du konponbide errazik, baina proposamen berritzaile bat aztertzen ari dira. Horren bidez, nabigazio-kanala azkarragoa izango da eta harea gehiago arrastatuko du, arkoteei eragin gabe. Hala, sakonera hobetuko da. HIDTMAk azterketa hidrodinamikoa idatzi du, argitaratzea falta da, eta laster iritsiko zaio Eusko Jaurlaritzari aztertzeko, baina aurreratu dezakegu proposatu duten irtenbidearekin kanalaren funtzionamenduari eta egonkortasunari buruzko ondorioak positiboak direla», esan zuen Ruiz de Angulok. 

«Halako irtenbideek hondartzan izango lituzketen eraginak aztertu ditugu, eta badirudi ez dagoela ondorio negatiborik; horrenbestez, proiektua abian jartzeko ingeniaritzako irtenbideak diseinatzeko faseari ekin dakioke. Berenguer Ingenieros enpresak idatziko du martxoaren 28rako», gehitu zuen zuzendariak.

Zoladurak

«Plentziako eta Bermeoko portuek pantalanetako zoladura berritzeko eskatu zuten, eta horretarako lanak abian daude», zehaztu zuen Almudena Ruiz de Angulok.  «Bi azpiegiturak gutxika, aurrekontuaren arabera, Getarian frogatutako material berri batekin berritzeko aurrekontuak eskatu ditugu, baldintza meteorologikoei hobeto eusten dielako. Bermeoko espigoiaren ondoan arraunlari txikientzat eraikitzen ari garen pantalana amaitzean hastea espero dugu», azaldu zuen.

Bermeoko ordezkariek kaiko zoladura konpontzeko eskatu zuten. «Azpiegituren Zuzendaritzak programatu ditu obra horiek, baina horiei ekiteko, beharrezkoa da Frantxuako kai-muturra eta dikea berreraikitzeko lanak amaitzea. Izan ere, hormigoizko blokeak eramaten ari diren kamioiek gehiago okertu dute zoruaren egoera. Azpiegitura horietako lanak amaitu ondoren, Construcciones Moyúa enpresa arduratuko da zoladura aldatzeko obrez», gehitu zuen Eusko Jaurlaritzako portuen arduradunak.

Frantxuako lonjak

Obra horiek zehazteko proiektuak irisgarritasuneko hobekuntzak biltzen ditu. Hala, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa bereizteko zoladura du. Gainera, orain hondatuta dauden egurrezko inguruak konpontzea aurreikusi du. Martxoko bigarren hamabostaldian, Frantxuako lonjak berreraikitzeko lanak esleituko dituzte, eta Frantxunatxeko zabalguneko zoladura konponduko dute.

Bestalde, Bermeoko eta Armintzako portuek buien mantentzeko hobekuntzak eskatu zituzten. Mundakari dagokionez, lanen erdia 2014an egin dute, eta gainerakoa udarako amaituko dute.

«Portu guztiek gasolina- eta gasolio-hornidura edukitzea eskatzen dute. Iaz Lekeitioko portukoa instalatu genuen. Orain, Elantxobe hornitzeko proiektua idazten ari dira, eta lonja berriko proiektua aprobetxatuko da, etorkizunean Ondarroan jarriko dena zehazteko. Gutxika instalatuko den zerbitzua izango da», laburtu zuen Ruiz de Angulok.

Portu guztiek administrazio-izapideak azkartzeko eskatu zuten eta Garraio Azpiegituren zuzendariak kontuan hartuko dutela esan zuen. Eusko Jaurlaritzak portuak kudeatzeko aplikazio informatiko berriarekin asmo hori betetzea espero du. Elantxobeko amarradura-baimenak eskatzeko deialdiarekin jarriko dute martxan, laster. 

Kudeaketa informatikoa

Azpiegituren Zuzendaritzak erkidegoko portuen antolaketa hobetu nahi zuen, eta horretarako, Euskadiko portuak kudeatzeko aplikazio informatiko bat sortu du. «Badakigu sistema berriak erabiltzean arazoak sortzen direla Ermitxo elkarteak eta herritarrek horiek ulertzea espero dugu, laster hobekuntzaz gozatu ahalko baitute», azaldu zuen Ruiz de Angulo.

Egun, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila portu batzuk margotzen ari da, udarako itxura hobea izan dezaten.  Mundakan hasi da eta, eguraldiak aukera ematen duenean, Bermeon jarraituko du.

«Amarratzaileekin egindako bileran gai ugari jorratu ditugu eta izapidetzen ari garen Portuen Legearen aurreproiektuan sartzeko ekarpen interesgarri ugari bildu ditugu.  Zierbenako portuko ordezkaria kezkatuta agertu da, pertsona batzuk portuan bainatzen direlako eta pasatzen ari diren ontzien ondoan saltoka aritzen direlako», azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzak eta ontzi txikien jabeen elkarteek 2013ko abenduan egindako bileraren jarraipena izan da topaketa hau. Iaz ez zuten egin, neguko denboraleek ekarritako lanagatik.

«Halako bilerak egin nahi ditugu aldian behin, oso emankorrak direlako eta amarratzaileen elkarteekin harremana sendotzeko balio dutelako. Gainera, sektorearekin lotutako jarduerak sustatzeko erabil daitezke, adibidez, Ondarroan herriko umeekin antolatzen duten arrantza-lehiaketa. Hurrengo bilera udan egingo dugu, eta espero dugu Elantxobeko Ermitxo, Bermeoko Portuzarra, Ondarroako Arrigorri, Plentziako Proa, Mundakako Gorataldi eta LekeitiokoLeakai elkarteetako eta Hondarribiko eta Zierbenako portuetako erabiltzaileen elkarteetako ordezkariak etortzea», amaitu zuen Almudena Ruiz de Angulok.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Samoa