Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

9 gaztek, ardi sektoreko profesional izateko titulua jaso dute Arantzazuko Artzain Eskolan

2015.eko otsailak 26
  • Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu Bittor Orozek azpimarratu duenez, Arantzazuko Artzain Eskolan hasieratik gaur arte prestatu diren 232tik gorako artzainak Euskadiko artzaintzaren profesionaltasunaren isla dira
  • Itxiera ekitaldian, Artzain Eskolak Ramon Ugarte artzaina eta Iosu Ogiza (Eroski) omendu ditu, artzaintzaren alde egindako lan goresgarriagatik

Eusko Jaurlaritzak sustatutako artzain eskolak 18 urte daramatza ardi latxaren defentsan eta artzainen prestakuntzan, artzaintza profesionalizatzeko eta Euskadin irautea bermatzeko helburuarekin. Prestakuntza lanetan egindako 18 urte hauetan lortu da profesionalki trebatutako 146 abeltzain ardi sektoreko sare sozio-ekonomikoan finkatuta egotea, eta 142 pertsonak abeltzaintzan jarraitzea modu profesionalean, horietatik 28 partziali eta 4 sektoreko teknikari gisa izanik.    

Artzain Eskolako XVIII. Ikasturtearen amaiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek "lehen sektorea gizarte osoaren mesedetan egiten ari den lan garrantzitsua" goraipatu du. Zehazki, artzaintzak izan duen garapena azpimarratu du. Orozen hitzetan, "bilakatzen eta garai berrietara egokitzen jakin duelako iraun du bizirik; instalazioak modernizatu eta teknologiak, gobernatzeko teknikak, elikadura edo produktuaren elaborazioa hobetu dituelako".  Profesionalizazio horren isla dira Artzain Eskolan prestatu diren 232 ikasleak. Gazte horiek, Orozek gaineratu duenez, positiboki diskriminatuta ikusiko dute euren burua 2015-2020 NPBren programazio aldi berrian, laguntzak izango baitituzte,  bestea beste, inbertsiorako eta lurrak eta instalazioak alokatzeko. 

Orozek artzainen produktua nabarmendu du bereziki, gazta: "Artzainek lortu duzue gizarteari gure gastronomiaren produktu izarretako bat eskaintzea, bitxi preziatu bat. Euskal nekazaritzako elikagaien industriaren barruan arrakastaz garatzen jakin izan duen eta kontsumitzaileek estimatzen duten produktua.  

Omenduak

Itxiera ekitaldian, Artzain Eskolak Ramon Ugarte artzaina eta Iosu Ogiza (Eroski) omendu ditu, artzainen alde egindako lan goresgarriagatik eta artzaintza sustatzen eta balioesten egindakoagatik.

Ikastaroari buruzko datuak

Azken ikasturte hau arrakastaz bukatu duten 9 ikasleetatik 6 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, 2 Nafarroakoak eta 1 Aragoikoa.

Zifra globalei dagokienez, Artzain Eskolak egin dituen 18 urte hauetan ikasleen %70 EAEkoak dira. Gipuzkoakoak dira ikasle gehienak, eta Bizkaikoak eta Arabakoak gainerakoak.  Adinari dagokionez, ikasleek 26 urte inguru dute batez beste, eta ikasleen %94 abeltzain gazteen kategorian sartzen dira, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen ikuspegitik.

XVIII. ikastaro trinkoa 2014ko urrian hasi zen, eta bost hilabeteko iraupena izan du: hamar astez teoria eman da, aldi berean 50 buruko artalde bat zainduz, eta bisitak eginez laborategi, instalazio, gestio zentro, nekazaritza eskoletara eta abar; eta beste hamar astez praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa. 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)