Berriak Osasuna
Eu

Amurrion egingo duten Osasun Zentroak kalitatezko arreta eskainiko die 12.000 pertsona ingururi

2015.eko martxoak 02

2.700.000€-ko inbertsioa aurrikusten dute Osasun Sailak eta Osakidetzak

Horixe da Jon Darpón Osasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean gaur aurkeztu duen Plan Funtzionalaren helburu nagusia

 

Amurrion egingo duten osasun-zentroak zerbitzu egokia eta kalitatezkoa eskainiko die inguru horretako 12.000 biztanle ingururi.

Halaxe dio osasun-azpiegitura hori eraikitzeko Plan Funtzionalak. Gaur goizean aurkeztu du Osasuneko sailburu Jon Darpónek esandako plana, Osakidetza Osasun Arretarako zuzendari Antonio Arraizarekin batera Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean.

Hizlariek azaldu dutenaren arabera, osasun-zentroa Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan txertatuta egongo da, eta eraikin berria izango du, funtzionalagoa eta asistentzia-antolaketa berrira egokitua. Egungo eraikinaren tokian, hortaz, berria altxatuko dute, eta egungo zein etorkizuneko beharrei erantzungo zaie hala.

Amurrioko herritarrei ez ezik, osasun-zentroak inguruko udalerrietako biztanleei ere emango die arreta: Aiala, Artziniega edota Orduña. Zerbitzu-zorro hau izango du: osasun-arreta orokorra kontsultan eta etxez etxe, arreta jarraituko guneak, prozedura diagnostikoak eta terapeutikoak, promozio- eta prebentzio-jarduerak, haurtzaroko eta nerabezaroko arreta, emakumearen arreta, adinekoen eta helduen arreta, arreta aringarriak eta kirurgia txikiak, beste jarduera eta zerbitzu batzuen artean. 

Osasun-zentro berria eraikitzeko 2.700.000 euroko inbertsioa aurrikusten dute Osasun Sailak eta Osakidetzak, eta erosotasun handiagoa eskainiko die pazienteei (kontsulta-kopurua handitu, mugikortasun murriztua duten pertsonetara egokitutako guneak, itxaron-gela zabalago eta egokiagoak...), eta, halaber, profesionalen lanerako baldintzak ere hobeak izango dira.Osakidetzako Osasun Arretarako zuzendariak adierazi duenez, lehenik Amurrioko Udalak hainbat kudeaketa egin behar ditu Eusko Jaurlaritzaren Ondare Zuzendaritzak beharrezko izapideak egiteko, eta, horren ostean, Osakidetzak berehala hasiko ditu lanak.

Jon Darpón sailburuak Plan Funtzionala egin duten Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko profesional taldea zoriondu du, baita Osakidetzako erakunde zentralekoak ere. Halaber, zehaztu du osasun-zentro bat, ospitale bat edota osasun-ekipamenduren bat zabaltzen den bakoitzean euskal osasun sistema hobetzeko beste urrats bat ematen dela, sistemaren eraginkortasuna, ekitatea, gertutasuna eta irisgarritasuna aberastuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)